Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak

Trenbide-instalazio eta geltokietako argindar-kontsumoa % 10a jaitsiko da

2011.eko maiatzak 20

Bernabé Undak, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu eta EEEko presidenteak, eta Iñaki Arriolak,  Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu eta ETSko presidenteak Euskal Erkide Autonomoko trenbide-instalazioaren energia-eraginkortasuna hobetzeko hitzarmena sinatu dute gaur Donostian.

Energiaren Euskal Erakundeak (EEEk) eta Euskal Trenbide Sarea-Red Ferroviaria Vasca sozietateak (ETSk), elkarrekin jardungo dute trenbide-sisteman aplikatzekoak diren energia-iturrien eraginkortasuna hobetzeko eta erabilera optimizatzeko programak analizatu, aztertu, aholkatu eta garatzeko prozesu osoan, hasi proiektua eta planifikazioa egiten denetik eta ustiapenera arte.

Azken finean, Jaurlaritzaren helburua da trenbide-azpiegiturek energia gutxiago kontsumitzea, eta energia-iturri berriztagarriak erabiliz -plaka fotovoltaiko eta bestelakoekin-, argindarra sortzeko instalazioak jartzea.

Azpimarratzekoak dira, halaber, hitzarmenaren beste helburu batzuk: geltokietako eta trenen barruko argien energia-eraginkortasuna hobetzea; tailer eta kotxetegi berrien teilatuak aprobetxatzea, energia berriztagarria sortzeko -esate baterako plaka fotovoltaikoak jarriko dira eguzki-energia lortzeko-; ETSk eraikitzen dituen instalazio berriak energiaren ikuspegitik hobeto diseinatzea; ETSren obra handietarako, energiaren ikuspegitik konponbide egokiena zein den bilatzen ahalegintzea; eta EEEren aholkularitza izatea, energiaren eraginkortasuna hobetzeko eta energia berriztagarrien instalazioak jartzeko proiektuetarako laguntzak lortu ahal izateko.

Hitzarmena bi urtetarako izango da, baina beste hainbesterako luzatzeko aukera ematen du. Lehenengo bi urteetan trenbide-instalazio eta geltokietako argindar-kontsumoan % 10 inguru aurreztea espero da, hau da, urtean 60.000 eta  70.000 euro artekoa.

Sortuko den batzorde teknikoak behar diren ekintza guztiak planifikatu eta programatuko ditu, eta jarduketa-plan bat zehaztu eta proposatuko du; eta jarduketa-plana ez ezik, trenbide-sisteman energiaren kudeaketa hobetzeko I+G+b motako garapen-programak eta ETSko langileen prestakuntzarako programak proposatuko ditu.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Bernabé Unda, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo sailburu, eta Iñaki Arriola, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburu