Berriak Ingurumena, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza

Ingurumenak Zaldibarren Verter enpresaren zabortegiaren ingurumen-baimenari buruzko kanpo-auditoria bat kontratatu du

2020-04-24
  • Azterketa Ricardo Energy & Environment aholkularitzako nazioarteko enpresak egingo du    

Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak kanpo-auditoria bat agindu du. Bertan, otsailaren 6an, bi langileren heriotza eragin zuen Verter Recycling enpresaren Zaldibarko hondakin ez-arriskutsuen zabortegiari emandako ingurumen-baimen integratuan (IBI) finkatutako baldintzen betetze- eta kontrol-maila ezarriko dute. 

Otsailaren 18an Eusko Legebiltzarreko Diputazio Iraunkorrean egin zuen agerraldian Arriola sailburuak jada iragarri zuen auditoriak bi helburu nagusi ditu. Lehendabizi, Verter Recycling-en instalazioari bere garaian emandako ingurumen-baimen integratuaren baldintzak nahikoa zorrotzak ziren, eta bai aplikatzekoa zen legeriari bai Zaldibarkoaren ezaugarriak zituen hondakin ez-arriskutsuen zabortegi baten operazio-baldintzei —espedientea indarrean egongo zen denbora guztian— behar bezala erantzuten zieten zehaztu nahi da.  Bestetik, Ingurumen Sailburuordetzako Ikuskaritza Zerbitzuak denboran zehar enpresaren jarduera behar bezala gainbegiratu ote duen —zabortegiaren operatiboa eta IBIa betetzen zirela egiaztatuta— ikusi nahi da.

Kanpo-auditoria egiteko Ricardo Energy & Environment enpresa —Ricardo PLCaren aholkularitza-dibisioa— kontratatu da. Duela ehun urte baino gehiago sortutako enpresa britainiar horrek ingurumen-kontsultore gisa duen esperientziari esker aproposa da lan hau gauzatzeko. Ricardo Energy & Environment nazioartean izen handiko aholkularitza-enpresa da, munduan liderra energiaren, ingurumenaren eta teknologiaren esparruetan. Nagusiki Erresuma Batuan eta Europan dihardu. 500 teknikari eta zientzialari baino gehiago ditu —horietako asko euren arlotan adituak—, eta 40 urteko esperientzian bezeroen zerrenda zabala osatu du; horien artean Europako Batzordea dago.

Ingurumen-aholkularitzan burutu duen lana zortzi arlo nagusitara bideratu da: hondakinen kudeaketa eta baliabideen errendimendua, energia, ingurumena (inpaktuaren ebaluazioa, ekologia, nekazaritza eta arrisku kimikoa barne hartuz), negozio iraunkorrak, klima-aldaketa, airearen kalitatea, uraren kudeaketa eta garraio iraunkorra.

Auditoria egiteko Ricardo Energy & Environment enpresak proposatutako taldean, hondakin eta zabortegi kontrolatuen kudeaketan adituez gain, ingurumen-erregulazioan, ingurumen-baimenetan, araudia betetzeko arloan, erregulazio-aplikazioan eta politiken garapenean esperientzia duten profesionalak barne hartu ditu. Erregulazio-esparruaren eta honen aplikazio praktikoaren inguruan duen ezagutzak kontuan hartuz, bereziki egokia da proposatutako eginkizunak aurrera eramateko.  Azterketaren emaitzak hiru hilabete inguruko epean ezagutzea espero da.

Ingurumen-baimena

Ingurumen-baimen integratuek (IBI) Kutsaduraren Prebentzio eta Kontrol Integratuaren (IPPC, ingelesezko siglak) legeria europarrari erantzuten diote, eta hauen helburua da kutsagarrienak izan daitezkeen industria-instalazioen funtzionamenduan prebentzio-printzipioa aplikatzea. Jarduera horiek atmosferara, uretara eta lurzorura —hondakinak barne— jaurtitzea ekiditeko edo ahalik eta gehien murrizteko oso neurri eta kontrol zorrotzak ezartzen dira, ingurumena babesteko helburuarekin.

Verter Recycling 2002 SL enpresak 2007ko urtarrilean eskuratu zuen Zaldibarko industria-jatorriko hondakin ez-arriskutsuen zabortegia zabaltzeko ingurumen-baimen integratua.  Hala ere, 2011ko martxoaren 24ra arte —IBIaren aldaketa bat onartu ondoren— zabortegiari ez zioten hondakinak jasotzen hasteko baimenik eman.

Ingurumen Baimen Integratuaren beste aldaketa bat —hau ere ez-funtsezkotzat kalifikatua— egin zen 2013ko irailean, hondakin onargarrien zerrendan LER (Hondakinen Europar Zerrenda) kode berriak sartzea baimentzeko, baita hainbat hondakin ez-arriskutsu balioesteko tratamendu-operazioak egitea baimentzeko ere. Kontuan hartu behar da IBIak dokumentu dinamikoak direla eta ingurumen-baldintzak edozein enpresaren jardueran egon daitezkeen aldaketetara, legediaren aldaketetara, eskura dauden praktika tekniko onenetara, eta ingurumen-inpaktu txikiena bermatu eta hobetu dezakeen guztira egokitzen doazela.

Kausen txostena

Verter-ek IBIa betetzen eta kontrolatzen ote zuen jakiteko kanpo-auditoria honetaz gain, Ingurumen, Lurralde Plangintza eta Etxebizitza Sailak lur-irristatzea gertatu izanaren arrazoiei buruzko peritu-txosten bat kontratatu du. Txosten hori gure herrialdeko lurren ingeniaritzako eta geotekniako aditu nagusietako batzuk osatuko dute.  Otsailaren 6an gertatu zen lur-irristatzearen ondorioz, Sailak bere gain hartu ditu premiazko lanen zuzendaritza, kontratazioa eta egikaritzea, era horretan, zabortegiaren egonkortasuna bermatzeko, ingurunerako eta ingurumenerako arriskua murrizteko eta, batez ere, lurpean geratutako bi langileen bilaketa segurtasun osoz egiteko.

 

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 24a

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)