Sonia Pérez Ezquerra sailburuak turismoko, ostalaritzako eta merkataritzako kontsumorako bonuak sortzeko baterako estrategia proposatu die erakundeei
Sailburua gaur bildu da Foru Aldundietako Turismoko eta Merkataritzako ordezkariekin, 3 hiriburuetako udaletako ordezkariekin eta EUDELeko ordezkariekin, COVID19aren alertaren ondorioz sektorean aplikatu beharreko neurriak azaltzeko eta bonu bateratuen sorrera eskatzeko, neurrien eraginkortasuna handitze aldera.
Sailak sektorearentzako laguntzak aurreratu ditu, eta laguntza horiek izango dira Gobernuak, erresistentziaren lehen fasean, autonomoentzat eta mikroenpresentzat bideratutako 30 milioiko funtsaren zati handi bat.
Sonia Pérez Ezquerra Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak, Isabel Muela Turismo eta Merkataritzako sailburuordeak, bideokonferentzia bidezko bilera egin dute erakundeetako ordezkariekin, aurreko egunetan merkataritzaren eta turismoaren sektorearekin bildu, eta COVID19ak sortutako egoera aztertu ondoren. Bilera horretan parte hartu dute, turismoan eta merkataritzan eskumenak dituzten hiru aldundietako ordezkariek, hiru hiriburuetako udaletako ordezkariek eta EUDELeko ordezkariek.
Hauek bertaratu dira: Imanol Lasa, Gipuzkoako Ekonomia Sustapen, Turismo eta Landa Inguruneko diputatua; Cristina González, Arabako Foru Administrazioko Enplegu, Merkataritza eta Turismo Sustapeneko diputatua; Ainara Basurko, Bizkaiko Ekonomia Sustapeneko diputatua; Xabier Ochandiano, Bilboko Ekonomiaren Garapeneko, Merkataritzako eta Enpleguko zinegotzia; Maider Etxebarria, Gasteizko Udaleko Ekonomia Sustapenaren, Enpleguaren, Merkataritzaren eta Turismoaren zinegotzia; Igor Salazar, Gasteizko Udaleko Merkataritzaren Saileko zinegotzia; Cristina Lage eta Enrique Ramos, Donostiako Turismo Sostengarriko eta Merkataritzako zinegotziak, hurrenez hurren; eta Mar Zabala EUDELeko zuzendari nagusia.
Sektore turistikorako laguntza ekonomikoak
Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak elkarlanean dihardu COVID19aren ondorioak arintzeko laguntza espezifikoen prestaketan. Horretarako, Eusko Jaurlaritzak iragarritako 30 milioiko funtsean oinarrituko da, eta funts horren zati handi bat turismoaren, ostalaritzaren eta merkataritzaren sektoreetara bideratuko da, erresistentziaren lehen fasean.
Horren ondoren, garrantzizkoa da Sailak sektoreari ematen dizkion laguntzen aginduak indartzea eta espezializatzea, susperraldi ekonomikoa finka dadin laguntzeko; hori dela eta, premia berrietara egokitzen ari dira.
Ildo horretan, eta sektoreko ordezkariekin kontsultatu ondoren, sailburuak azaldu du kontsumorako bonuak funtsezkoak direla susperraldi horretan laguntzeko. Proiektu hau erakutsi nahi izan du eta gainerako erakundeen lankidetza eskatu du, "bonu horiek guztion artean egiteko eta bonuen estaldura handitu eta baliabideak optimizatzeko. Eusko Jaurlaritzak, aldundiek eta udalek estrategia bateratu batean elkarrekin lan egiten badugu, bonuak pertsona gehiagorengana irits daitezen lagunduko dugu, eta babes handiagoa emango diegu merkatariei, ostalariei eta turismoaren arloko establezimenduei eta enpresei”.
Planteamendua da merkataritza-bonuak eta ostalaritzarako eta turismorako sortzen diren bonuak sektoreak zehaztutako premietan oinarritutako plan komun baten ondorio izatea eta, hartara, krisialditik irteteko aparteko laguntza-lerro gisa landu ahal izatea.