Berriak

Emakundek COVID-19ak eragindako egoera txertatu du emakume biktimak artatzen dituzten profesionalak prestatzeko programan

2020.eko apirilak 23

Emakundek indarkeria matxistaren biktima diren emakumeak artatzen dituzten profesionalentzat duen Jabetuz izeneko prestakuntza-programan txertatu du COVID-19aren pandemiak eragindako egoera.  Hain zuzen ere, aste honetan ekin zaio on line prestakuntza-programaren ikastaro aurreratuari. Hainbat modulu ditu, eta modulu horietan, besteak beste, emakumeen aurkako indarkeriaren biktima diren seme-alaben inguruko araudia aztertzen da, giza eskubideen, haurren eta generoaren ikuspegi hirukoitzetik; edo desgaitasuna duten emakumeen aurkako indarkeria, emakume horien errealitatera eta beharretara modu espezifikoagoan hurbiltzeko. Une honetan, Ikastaro aurreratua abian da. Jarduera hau bat dator, besteak beste, Europako Kontseiluak Istanbulgo Hitzarmenaren Adierazpena COVID-19 pandemian aplikatzeari buruz  egindako adierazpenarekin. Ikastaro aurreratu honekin batera, otsailean hasitako oinarrizko ikastaroa ere martxan dago.

Jabetuz ikastaroa 2015ean jarri zen martxan, onarpen handiarekin, eta, ordutik, eskaera-kopuruak gora egin du urtero, mila profesional baino gehiago prestatuz. Jabetuzen helburu nagusia da emakume biktimak artatzen dituzten profesionalen artean ikuspegi komun bat adostea, esku-hartze profesionaleko irizpideak homogeneizatzen laguntzeko, beti ere emakumeen ahalduntzea ardatz nagusitzat hartuta. Honekin batera, profesionalen artean informazioa trukatzea eta koordinazioa hobetzea ere bada helburua. 

Emakundeko zuzendari Izaskun Landaidak eskerrak eman dizkie irakasleei eta ikasleei egiten ari den ahaleginagatik, eta bereziki Osakidetza, Ertzaintza, abokatutza, irakasleak, hiru aldundietako eta udaletako langileak eta Eusko Jaurlaritzako sailak zuzenean artatzen dituzten pertsona guztiei, besteak beste, ikasleak baitira eta zuzenean parte hartzen ari baitira ikastaroan. Emakundeko zuzendariak nabarmendu duenez, "indarkeriari aurre egiten dioten emakumeak artatzen dituzten langileen prestakuntza funtsezko konpromisoa da berdintasunaren inguruko politika publikoetan aurrera egiteko. Prestakuntza horrek, ikuspegi feministatik, oinarriak ezarri behar ditu arreta hori emakumeei erreparazio- eta ahalduntze-bidean laguntzeko gai izan dadin ".

Jabetuz ekimenaren aurreko hamar edizioetan parte hartu dute Emakume Biktimen Arreta Hobetzeko Erakunde arteko II. Akordioa osatzen duten erakunde guztietako profesionalek, hala nola Arartekoak; osasun, justizia, segurtasun, gizarte-bazterketa, etxebizitza eta hezkuntza arloetan eskumena duten Eusko Jaurlaritzako sailek; Osakidetza, Lanbide, Ertzaintza, Hezkuntza Ikuskaritza eta Berritzeguneek; Auzitegiko Balorazio Integraleko Unitateek, talde psikosozial judizialek eta emakumeen aurkako indarkeriaren arloko epaitegiek, Oinarrizko Gizarte Zerbitzuetako gizarte-langileek eta udaletako berdintasun-teknikariek, udaltzaingoak, Legelarien Euskal Kontseiluak eta Mediku Kontseiluak. 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak