Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak aholkularitza pertsonalizatua eta bi gida jarri ditu kultur langile eta eragileen eskura, Covid 19aren krisiari aurre egiteko neurrien inguruko informazio eskainiz

2020.eko apirilak 24
  • Aholkularitzaren kasuan, zalantzak telematikoki bideratuko dira, eta interesdunek e-mailez edo telefonoz jasoko dute erantzuna 48 ordu baino lehenago.

 

Vitoria-Gasteiz, 24/04/2020       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak kultur arloko langileei zuzendutako aholkularitza zerbitzua jarri du martxan aste honetan. Zerbitzu honen helburua da Covid 19 birusak eragindako krisiaren ondorioz abian jarritako neurriei buruzko informazio guztia helaraztea interesa eduki dezaketen guztiei. Kulturklik Pro plataformaren bitartez (kulturklik.euskadi.eus/aholkularitza/) bideratzen da zerbitzua eta funtsezko bi tresna eskaintzen ditu: aholkularitza pertsonalizatua eta, horrekin batera, kultur sektore desberdinetako profesional eta eragileei zuzendutako bi gida.

Ekimen berri honen bidez, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak laguntza pertsonalizatua eskaini nahi die kultur sektoreei, bai eta erakundeek abian jarritako laguntza-lerro guztiei buruzko informazioa eman ere; Sailak berak Lanbiderekin batera bultzatutako diru-laguntzen inguruko informazioa ere eskainiko da ('Kulturako profesionalentzako programaren' bidez 2,5 milioi euro bideratuko dira). Zerbitzuak, halaber, informazioa eskainiko du Sailak kultur sorkuntza sustatzeko dituen diru-laguntza deialdiei buruz (12 deialdi eta 50 modalitate inguru).

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak azpimarratu duenez, garrantzitsua da kulturaren arloko langileei laguntza eskaintzea une honetan dituzten arazoei aurre egin diezaiete: “Erakunde ezberdinek kulturaren arloa laguntzeko era askotako bideak jarri dituzte abian. Ezohiko egoera baten aurrean daude, eta kulturaren arloko langile eta eragileek zalantzak dituzte bide horiek hartzeko aukeren inguruan. Aholkularitza zerbitzu honen helburua da laguntza pertsonalizatua eskaintzea kulturaren arloko norbanako zein eragileei”.

Pertsonalizatua

Aholkularitza pertsonalizatuari esker, kulturaren arloko langileek eta erakundeek zalantza zehatzak argitu ahal izango dituzte. Galderak telematikoki bideratuko dira, eta interesdunek e-mailez edo telefonoz jasoko dute erantzuna 48 ordu baino lehenago (epe laburrean erantzunak 24 ordutan bideratu ahal izatea da helburua). Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak, halaber, galdetegi bat bidaliko die erabiltzaileei aholkularitza-zerbitzu horren kalitatea aztertzeko.

Aholkularitza pertsonalizatuko zerbitzu hau Euskal Autonomia Erkidegoko kultura arloko norbanakoei eta erakunde zein enpresei zuzenduta dago. Gainera,bigarren fase batean, kultura-sektoreetako elkarteen aholkularitza-zerbitzuekin batera lan egingo du, sektore bakoitzaren errealitatera albait ondoen hurbiltzeko.

 

Bi gidak

Bestalde, bi gidei dagokienez, lehenak ‘Euskadiko kultura-sektorearentzako neurrien eta laguntzen gida Covid-19ren aurrean' du izena, eta kulturaren arloko langileentzat interesgarriak izan daitezkeen hainbat neurri jorratzen ditu: langile autonomoen zerbitzura jarritako laguntzak eta prestazioak; azken asteetan onartutako zerga-erraztasunak; finantzaketa-ildoak; aldi baterako okupazio-erregulazioko espedienteei buruzko informazioa; Gizarte Segurantzari egin beharreko ordainketen luzapena; ura edo elektrizitatea aurrezteko neurriak; edo zorraren luzapenei buruzko informazioa. Gida dinamikoa izango da, eta eguneratuko da kulturako langileentzat interesgarriak diren neurri berriak onartu ahala. Gida hau egunero elikatzen joango gara neurriekin.

Bigarrenik, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak ‘Kulturako profesionalei laguntzeko programari buruzko ohiko galderak’ izeneko gida jarri du kulturako langileen eskura. Kasu horretan, helburua da Sailak eta Lanbidek abian jarritako Programaren xehetasun guztiak azaltzea. Bigarren gida hau, Lanbideren laguntzak argitaratzen diren egunean ezagutzera emango da.

                 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak