Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Belandiak dioenez, Biztanleria Jardueraren Arabera sailkatzeko Inkestak erakusten du langabezia-tasa % 10etik behera finkatu zela martxoaren erdialdera arte

2020-04-23
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • “Gaur egun ziurgabetasuna da nagusi. Tunel barruan jarraitzen dugu eta ez dakigu noiz izango dugun kalteak ebaluatu ahal izateko argi osoa”, erantsi du.

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 23a

Borja Belandia Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuko zuzendari nagusiak, gaur goizean, aditzera eman duenez, EUSTATek argitaratu berri duen Biztanleria Jardueraren Arabera Sailkatzeko Inkestak islatzen du “martxoaren erdialdera arte, Euskadik lortu zuela langabezia-tasa % 10aren azpitik finkatzeko helburua”. Zehazki, inkestak dio Euskal Autonomia Erkidegoan langabezia-tasa batez beste % 9,9koa zela lehen hiruhilekoan.

Inkestak urteko lehen hiruhileko horretako euskal lan-merkatuaren errealitatea jasotzen du, hau da, martxoaren 14an alarma-egoera deklaratzea eragin zuen Covid-19aren ondorioak hautematen hasi ziren garaiko errealitatea. Borja Belandiak adierazi duenez, “hiruhileko honetako sei hamabostaldietatik bostek gutxi gorabehera ohikoak diren parametroak jarraitu zituzten, nahiz eta nazioartean eta makroekonomian jada gugan eragina zuten mugimendu batzuk bazeuden, hala nola Txinatik eta Txinara egindako esportazioen jaitsiera”.

“Gaur egun, 40 egun geroago, ziurgabetasuna da nagusi. Sektore askok oraindik ez dute jarduera berrabiarazi eta ez dakigu nola eta noiz egin ahal izango duten”, adierazi du Lanbideko zuzendari nagusiak. Oraingoz, Euskadin 175.000 pertsona baino gehiago daude aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean, eta 130.000 langabe inguru daude erregistratuta LANBIDEn, martxoko azken datu ofizialaren arabera. “Tunelaren barruan jarraitzen dugu eta ez dakigu noiz izango dugun kalteak ebaluatu ahal izateko argi osoa”, deitoratu du.

Euskal Autonomia Erkidegoan, hiruhileko horretan, 1.050.000 pertsona aktibo ere iritsi ziren.

% 10etik beherako langabezia-tasa

Krisi sanitario honek enpleguaren esparrura salto egin aurretik, biztanleria jardueraren arabera sailkatzeko inkestak erakusten digu Euskal Autonomia Erkidegoko langabezia-tasa % 10etik behera finkatu zela. 2019ko lehen hiruhilekoan % 10,4koa izan zen eta hamabi hilabete geroago % 9,9koa. Batez beste urtebete lehenago baino 7.000 landun gehiago zegoen eta 4.600 langabe gutxiago. Euskal Autonomia Erkidegoan guztira 104.400 langabe zegoen.

“Martxoaren erdialdera arte, eta nazioarteko merkatuen gorabeheren gainetik, joera berriro ere positiboa zen. Langabezia-tasa % 10aren azpitik jaisteko helburua lortu zen. Orain, Azpiazu sailburuaren taldeak zenbatesten du, ahaleginak uztartzeko gai bagara, 2021ean berriro lor dezakegula”, adierazi du Belandiak. “Lanbidek hala izan dadin lan egingo du”.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)