Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

“Itzuliko gara, egongo gara, luze gabe” da merkataritza-kanpainaren goiburua

2020-04-18

Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak komunikazio-kanpaina bat garatu du Euskal Autonomia Erkidegoko irrati, telebista eta argitalpen digitaletan eta hedabide digitaletan, baita sare sozialetan ere, COVID19ak eragindako osasun-krisialdian EAEko tokiko saltokietako pertsonek izan duten inplikazioa eta profesionaltasuna eskertzeko. Kanpainak pandemia geldiarazteko aldi batez itxi duten saltoki guztiak nabarmentzen ditu, baina eskertu ere egiten du ateak ireki dituztenen lana.

“Itzuliko gara, egongo gara, luze gabe” da kanpainaren ideia nagusia, eta mezu hori partekatu nahi dute Sailak eta saltokiek, alarma-egoera hasi ondoren pertsiana itxi behar izan dutenek. 

Telebistako 20 segundo eta 1 minutuko bi iragarkik eta irratiko iragarkiek aditzera ematen dute merkatariek zer sentitzen duten, zerbitzuetan bezeroengandik hurbil daudela eta detaile txikiek (loreak, harribitxi bat, liburu bat…) bizitza hobea eta osoagoa egin diezaguketela. Halaber, gizartearen eskerra erakusten die hala irekita dauden oinarrizko zerbitzuei nola itxita kartela jarri behar izan duten beste guztiei. Geldirik dauden saltokiak berriz irekitzeko prestatzen ari dira, egoera normaltzen denerako.

Tokiko saltokietako profesionalek behar-beharrezko lana egiten dute. Kanpainak eskertu egiten du lan hori, eta dei egiten die pertsona kontsumitzaileei salbuespen-egoera hau amaitutakoan berriz joan daitezen kaleen ardatza diren hurbileko saltokietara, frogatuta geratu baita, orain inoiz baino gehiago, oinarrizkoak direla Euskal Autonomia Erkidegoaren bizirako.

Kanpaina hau EAEko federazio eta elkarteekin partekatu da, eta herritarrek ere parteka dezakete sare sozialetan.

Kanpaina sare sozialetan sendotuko da, #ComerciodeEuskadi eta #nosencontraremospronto traolen bidez.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan