Berriak Lehendakaritza

Lantegi batuak-en SestaoBarri enplegu-zentro berezia bisitatu du Lehendakariak

2020.eko apirilak 20
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Eusko Jaurlaritzak soldatak bermatuko dizkie enplegu-zentro berezietan edo gizarteratze-enpresetan lanean dabiltzan desgaitasuna duten edo bazterketa-arriskuan diren pertsonei
  • Aldi baterako enplegu-erregulazioen eraginpean dauden enplegu babestuaren esparruko langileentzako sorospenak osatuko ditu
  • Enplegu-zentro bereziek eta laneratzeko enpresek desgaitasuna duten eta bazterketa-arriskuan dauden pertsonekin egiten dute lan

Iñigo Urkullu Lehendakariak Lantegi Batuak enpresako SestaoBarri enplegu-zentro bereziko instalazioak bisitatu gaur goizean, aldamenean zituela Beatriz Artolazabal Enpleguko eta Gizarte Politiketako sailburua eta Txema Franco Lantegi Batuakeko zuzendari nagusi eta EHLABE (Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkarteko) presidentea, Pablo Gonzalez Sareen Sareko presidentea, Susana Gorbeña Lantegi Batuak Fundazioko presidentea, Pablo Moratalla EHLABEko koordinatzailea, Marcos Muro Enplegu eta Gazteriako sailburuordea, Lide Amilibia Gizarte Politiketako sailburuordea eta Borja Belandia Lanbideko zuzendari nagusia, besteak beste.

Eusko Jaurlaritzak, Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuaren bidez, zenbait neurri hartuko ditu Covid-19aren pandemiak enplegu babestuaren esparruan dituen ondorioei aurre egiteko. Hala, Eusko Jaurlaritzak gizarteratze-enpresei eta enplegu-zentro bereziei ematen dizkien laguntzei eutsiko die, laguntza gehigarria emanez. Laguntza hori Lanbide arteko Gutxieneko Soldataren % 50aren baliokidea izango da enplegu-zentro berezietan. “Kontratu batzuk aldi baterako eten diren arren, ekarpen horri eustea lagungarria izango da pertsonek beren ohiko soldataren % 100a kobratzeko modua izan dezaten, diru-sarreretan batere galerarik izan gabe, alarma sanitarioak irauten duen bitartean. Ez hori bakarrik. Bermatu egingo da krisia gainditutakoan enpleguari eustea, hori baita garrantzitsuena kolektibo horrek Euskadin lortutako inklusio-kota altuetan aurreratzen jarraitzeko”, azaldu du Iñigo Urkullu Lehendakariak. Gizarteratze-enpresen kasuan, Lanbidek kopuru finko bat emango du bazterketa-arriskuan diren kontratatutako pertsonetarako.

Bisitan, Lehendakariak nabarmendu du bere gobernua tinko jarraituko duela enplegu babestuari eusten eta Euskadin desgaitasuna duten pertsonen laneratze tasa altuak sendotzen. “Bazterketa-arriskuan diren eta desgaitasuna duten pertsonen diskriminazio positiboaren aldeko apustuari eusten diogu”.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Saila iraunkorki dago harremanetan EHLABE, Euskal Herriko Lan Babestuaren Elkartearekin (irabazi asmorik gabeko Euskal Autonomia Erkidegoko elkartea), desgaitasuna duten pertsonen gizarteratzea eta laneratzea sustatzen baitu, Gizatea, Gizarteratzeko eta Laneratzeko Euskadiko Enpresen Elkartearekin, eta Berezilan, Bizkaiko Enplegu Zentro Berezien Enpresa Elkartearekin. Horrenbestez, Artolazabal sailburuak “kezka” agertu du geldialdi ekonomikoak ondorioak ekar diezazkiekeelako enplegu-zentro berezi eta gizarteratze-enpresei, “ezin bestekoak baitira desgaitasuna duten eta gizarte-bazterketa egoeran dauden pertsonen gizarteratzea bermatzeko”.  

“Enplegu-zentro bereziei eta laneratze-enpresei zuzendutako zerbitzuek edo programek kolektibo jakin batzuen diskriminazio positiboa egiten dute. Desgaitasuna duten edo baztertuta dauden pertsonak dira, kolektibo kalteberak argi eta garbi, eta haien soldatak Lanbide Arteko Gutxieneko Soldataren ingurukoak dira gehienetan”, gogorarazi du Urkullu Lehendakariak.

Sestaobarri arnas babeserako ekipoak fabrikatzen ditu

Txema Francok Lehendakariari eta Eusko Jaurlaritzako gainerako ordezkari-taldeari azaldu die SestaoBarri enplegu-zentro bereziak birmoldatu egin duela bere jardueraren zati bat, arnas babeserako ekipoak produzitzeko linea berri bat sartuz. Hogei langile inguruk, bi txandatan, larrialdiko lantaldeentzako (suhiltzaileak, babes zibila, desinfekzio eta garbiketa, etab.) babes handiko maskarak produzitzen dituzte.

Iñigo Urkulluk koronabirusak sortutako beharrizan berriei heltzeko EHLABEri atxikitako enpresek izan duten “enpresa-egokitzapen azkarra” nabarmendu du.

Zentro hori Lantegi Batuaken sarean dago, eta 2019ko urrian inauguratu zen. Instalazio horietan ehun bat pertsona izaten dira lanean, adimen- edo gorputz-desgaitasun bat dutenak. Mihiztatzeak eta elektronika hornitzen dizkiote hainbat sektoreri, adibidez, energia berriztagarriei, ibilgailuen industriari edo burdinbide-sektoreari, besteak beste. Beste gizarteratze-enpresa eta enplegu-zentro berezi batzuk bezala, azken asteotan gutxiago produzitu dute, eskaria ere urritu egin baita; izan ere, haiek hornitzen dituzten enpresa askok eten egin dute produkzioa.

Datuak

Enplegu-zentro bereziek eta EHLABEri lotutako enpresek 9.530 lagun ingururi ematen diete lana, eta horietatik 2.800 ABEEE aldi baterako enplegu-erregulazioko espediente baten eraginpean daude dagoeneko. EAEko 44 laneratze-enpresetatik 43 biltzen ditu Gizatea elkarteak. Bertan, ABEEEak eragindako pertsonak bazterketa-arriskuan dauden kolektiboetako 300 izan daitezke guztira.

Erakunde horiek beste enpresa batzuk ordezkatzen dituzte, hala nola: Lantegi Batuak, Eragintza, Bizgore, Ranzari, Talleres Galarreta, Katea Legaia, Indesa, RAEP, Apnabi, Rafaela María, USOA edo Gureak, EHLABEren kasuan; Ubegi, Fabri-Papel, Laycovel, Laguntza Espezializatuko Zentroa, Ocón negozio-zentroa, Integra MGSI, Grupo Sifu Euskadi, Recinfor, Berezilanen kasuan; eta Garbiketak-Lorezaintza, Berjantzi, Berziklatu, Berzioarso, Bidebarri Enplegu Zentrua, Ekoizan, Emaús, Euskal Postalred, Euskarri, Garbinguru Servicios Medioambientales, Goilurra, Hazlan Irun, Ikatzbizi, Iturritek, Izarza, Jantziprest, Keima Animazioa, Kupelan Kentucky, Laiatzen, Slaiene Jatetxea, Lapiko Catering, Sliburki, Logicart, Eco Natural, Oarsotek, Pormu Koop. Elk. Txikia, Rekagarbi, Servicios de Hostelería Peñascal, Sokaire Servicios de Limpieza, Suspertu, Tinko Garbiketak, Urbegi Inserción, Zabaltegi Judizmendi eta Zurtek, SL, Gizatearen kasuan.

 

 

3 iruzkin
  • @gananzia
    2020.eko apirilak 21

    Comentario de Twitter:
    Irekia - El Lehendakari visita el centro especial de empleo SestaoBarri de Lantegi Batuak https://t.co/tr4YJkguiq

  • @ibartolome
    2020.eko apirilak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 El Lehendakari @iurkullu visita el centro especial de empleo #SestaoBarri de @lantegibatuak ➡︎ https://t.co/nFDpxvRep8 http…

  • @txemafranco
    2020.eko apirilak 20

    Comentario de Twitter:
    RT @Gob_eus: 🔵 @Lantegibatuak-en #SestaoBarri enplegu-zentro berezia bisitatu du @iurkullu Lehendakariak ➡︎ https://t.co/gIIlwTSCZ8 https:/…

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak