Eu

Eusko Jaurlaritzak bertan behera utzi du Euskadiko Gazteak Lankidetzan - Juventud Vasca Cooperante programa, Covid-19aren krisiaren ondorioz

2020.eko apirilak 17
  • Hau da 1993tik programa egiten ez den lehen aldia

Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 17a

Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta Garapenerako Lankidetzaren Euskal Agentziak (GLEAk) erabaki dute Euskadiko Gazteak Lankidetzan - Juventud Vasca Cooperante programaren aurtengo deialdia bertan behera uztea.

Egungo konfinamenduaren eraginez, ezin da jarraitu parte hartu behar zuten pertsonak hautatzeko prozesuarekin eta, epe erdira, ziurgabetasuna handia da munduko osasunaren eszenategiaz. Ondorioz, Eusko Jaurlaritzako Gazteria Zuzendaritzak eta GLEAk 1993. urtean ekimen hau abian jarri zenetik inoiz hartu gabeko erabakia hartu dute. “Lankidetza-programa bertan behera uzteko arrazoia da ezin dugula parte hartzen duten pertsonen segurtasuna eta ongizatea bermatu”, azaldu du Gazteriako zuzendariak, Agurtzane Llanok.

Lankidetza-programa ez egiteko erabakia hartu aurretik, Gazteria Zuzendaritzak iritzia galdetu zien parte hartzen zuten Garapeneko GKEei, egungo eta etorkizuneko egoeraren gaineko haien iritzia ezagutzearren. Haietako gehienek programarekin jarraitzeko eragozpenak agertu zituzten, udako hilabeteetan jomugako herrialdeetako osasun-egoerak ziurtasun nahikorik izango ez duelakoan; hain zuzen, urtaro horretan zen egitekoa hiru hileko egonaldia. Erabakia jakinarazten ari zaie dagoeneko pertsona parte-hartzaileei eta Garapenerako GKEei.

Joan den otsailean itxi zen garapenerako lankidetza-gaietako sentsibilizazio-programa honetan parte hartzeko hautagaitzen aurkezpenerako epea; aurten, programa Afrikan, Asian eta Amerikan zen egitekoa berriz ere. 360 gaztek baino gehiagok eman zuten izena, eta egun hautaketa-fasean zegoen, hurrengo maiatzean amaitzekoa.

Eusko Jaurlaritza 2021erako programan ari da lanean dagoeneko. Berriz ere, Euskal Autonomia Erkidegoko pertsona gazteek aukera ederra izango dute Asia, Afrika eta Hego Amerikako herrialdeetan lankidetza- eta elkartasun-esperientzia bat bizitzeko eta haien errealitatea ezagutzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak