Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Bingen Zupiria: "Kulturak presente egon behar du Espainiako Gobernuak proposatzen duen Gizarte eta Ekonomia Berreraikuntzarako Itunean"

2020-04-16

Gasteiz, 2020/04/16       

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak autonomia erkidegoetako kultura arloko arduradunen bideokonferentzian parte hartu du, Jose Manuel Rodriguez Uribes Espainiako Gobernuko Kultura eta Kirol ministroa buru izan dela. Sailburuak azpimarratu du beharrezkoa dela kultura presente egotea Espainiako Gobernuko presidente Pedro Sanchezek proposatutako Berreraikuntza Sozial eta Ekonomikorako Itunean, eta, aldi berean, adierazi du garrantzitsua dela Artistaren Estatutua berehala onartzea, kulturaren profesionalen egoera ahulari aurre egiteko. Zupiriak, halaber, adierazi du "edozein akordiok Estatuaren kultura eta hizkuntza aniztasuna kontuan hartu beharko" duela.

Rodríguez Uribes ministroak Kulturaren Itun handi bat sortzeko egindako proposamenari dagokionez, sailburuak proposatu du kultura Berreraikuntza Sozial eta Ekonomikorako Itunean egotea: "Nahiago genuke kultura Gizarte eta Ekonomia Berreraikuntzarako Itunaren parte izatea. Kulturak gune eta atal propioa izan beharko lukeela uste dugu, garrantzi handiagoa emango baitio ".

Bigarrenik, Artistaren Estatutua berehala onartu behar dela azpimarratu du Bingen Zupiria sailburuak. "Ikusten ari gara kulturako langile askok bizi duten egoera ahula, eta Artistaren Estatutua bultzatu behar dela uste dugu. Diputatuen Kongresuak onartu zuen, eta Espainiako Gobernuak azken bultzada ematea baino ez da falta ", adierazi du.

Era berean, sailburuak esan du Estatu osoko edozein akordiok kontuan izan behar duela "kultura eta hizkuntza aniztasuna". Azkenik, Zupiriak esan du erabaki bat hartu behar dela, ahalik eta lasterren, uda honetan izango diren kultur ekitaldi jendetsuen inguruan.

Sailburuaren adierazpen osoak Irekian kontsulta daitezke.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)