Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak Tknika bisitatu du, eta Euskadiko Lanbide Heziketatik osasun-langileen babeserako egiten ari diren aurrerapenak ezagutu ditu

2020.eko apirilak 16
  • Tknika - Lanbide Heziketari Aplikatutako Ikerketa eta Berrikuntzako Euskadiko Zentroa, Hezkuntza Sailaren mendekoa, Covid-19ren aurkako zenbait babes-ekipo garatzen ari da, osasun-langileentzat
  • Osasun Saila, Osakidetza eta BIOEFekin lankidetzan, Tknikak eta Lanbide Heziketako 59 zentrok hainbat babes-elementu egin dituzte, besteak beste, maskara kirurgikoen 6 prototipo: I, II eta IIR motakoak dira horietako 5; AITEX Ehungintzako Institutu Teknologikoak hauek laster homologatzea espero da

Iñigo Urkullu Lehendakariak, Cristina Uriarte Hezkuntza sailburuarekin, Nekane Murga Osasuneko sailburuarekin eta Arantxa Tapia Ekonomiaren Garapen eta Azpiegituretako sailburuarekin batera, Tknika - Euskadiko Lanbide Heziketako Ikerketa eta Berrikuntza Aplikaturako Zentroaren instalazioak bisitatu ditu gaur goizean, Errenterian.

Tknika, Hezkuntza Sailaren mendeko zentroa, martxoaren lehen egunetatik ari da eginahalean osasun-langileei zuzendutako hainbat babes-elementu diseinatu, garatu eta homologatzeko lanean. Covid-19ri aurre egiteko berebiziko garrantzia duen lan hori egiteko, lankidetza estuan dihardu Tknikak Osasun Sailarekin, Osakidetzarekin eta BIOEFekin (Osasun arloko Berrikuntza eta Ikerketarako Euskal Fundazioa). Errenterian kokatutako zentroak landu dituen babes-elementuen artean, azpimarratzekoak dira, alde batetik, hainbat motatako maskara kirurgikoak, bai eta aurpegia babesteko pantailak ere (biserak). Orain arte, EAEko Lanbide Heziketak 20.000 bisera baino gehiago fabrikatu ditu, COVID-19 Euskadi Maker komunitatearekin lankidetzan.

Maskara kirurgikoak

Martxoaren hasieran, koronabirusaren krisiari aurre egin ahal izateko eta Osasun Sailari zein Osakidetzari osasun-materiala emateko beharraren aurrean, Tknika buru zuen talde bat –Don Bosco Lanbide Heziketako ikastetxe integratuaren eta BIOEFen laguntzarekin – maskara kirurgikoen zenbait prototipo sortzeko aukera aztertzen hasi zen: I, II eta IIR motako maskarak hain zuzen ere, ondoren hauen homologazioa lortzeko helburuarekin, eta era horretan Euskadiko osasun langileen beharrei erantzuna emateko. IIR motako maskarak babes maila handieneko maskara kirurgikoak dira bakterio-iragazketaren eraginkortasunari, arnasa hartzeko gaitasunari eta zipriztinekiko erresistentziari dagokionez (Splash deiturikoa). Datozen egunetan, maskara horiek Ehungintza Institutu Teknologikoaren (AITEX) homologazioa jasotzea espero du Eusko Jaurlaritzak.

Martxoko lehen asteetan, hainbat prototipo egin ziren, material desberdinekin, eta mikroskopia elektronikoa bezalako teknologien bidez ezaugarritu ziren, gaur egun homologatuta dauden eta beste herrialde batzuetan erosi diren maskara kirurgikoekin konparazio-azterketak eginez. Eusko Jaurlaritzako Osasun Sailak, Osakidetzak, Osalanek eta BIOEFek osasun-profesionalek erabiltzeko prototipo egokienak hautatu zituzten. Aukeratutako maskarak AITEX Ehungintza Institutu Teknologikoko laborategira bidali ondoren, Eusko Jaurlaritza horiek homologatu zain dago gaur egun.

Gainera, uneotan Tknika gorrak nahiz gor-mutuak aintzat hartzen dituen maskara prototipoak lantzen ere ari da, haiekiko komunikazioa errazteko.

Aurpegia babesteko pantailak

Bestalde, Tknikak, Euskadiko Lanbide Heziketako 59 ikastetxerekin eta COVID-19 Euskadi Maker komunitatearekin lankidetzan, aurpegia babesteko pantailak edo biserak egin ditu, hauek ere osasun-sektoreko langileei zuzenduta. 3D inprimaketaren bidez fabrikatuak dira,  eta pantaila horien diseinuak zein fabrikazioak lau prototipo ere izan ditu, osasun-langileek egindako iradokizunei esker unean-unean hobetuz joan baitira. Orain arte, 20.000 bisera baino gehiago egin dira Lanbide Heziketako zentroetan.

Martxoaren amaiera aldera, Eusko Jaurlaritzak autonomia-erkidego guztietako Hezkuntza eta Osasun Sailen esku jarri zituen babes-pantaila hauek fabrikatzeko planoak, 3Dko eredua eta trokela eta beharrezko informazio guztia.

Era berean, osasun-sektoreari lotuta eta denon artean pandemiari aurre egin ahal izateko lankidetzari jarraiki, osasunaren arloko beste elementu batzuekin ere ari da lanean Tknika: une honetan, Tknikako lantaldea, besteak beste, test azkarrak egiteko osagaiak fabrikatzen ari da, edo osasun-batak aztertzen, babes-maila zehazteko eta balizko hobekuntzak ezartzeko.

2 iruzkin
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • 2020.eko apirilak 16

    Rediseñar la rueda de la economía no está diseñada para seguir rodando contra pandemias camino lleno de obstáculos derivados de su propio movimiento contaminante. Eso de diseñar energía de salto de foco caliente al frío sin importar el resto tiene camino de agotamiento, la salud pública pandemia global nos lo demuestra no mira si eres de norte o de sur. Debemos estar cerca del límite emisiones suponga un mayor calentamiento global con consecuencias ya venimos padeciendo ahora más acusadas contaminación abunda y con ellos las defensas se debilitan o se vuelven inestables.

  • @larrageza
    2020.eko apirilak 16

    Comentario de Twitter:
    @_mariajosefc Hablando de FP, excelente trabajo de la FP de Euskadi con el Covid19. https://t.co/Oi218gnLEx

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)