Berriak Herrizaingoa
Eu

Ertzaintzak Espainiako faltsutzaile eta maula-egile sare nagusienetako bat desegin du

2011.eko maiatzak 18

Bederatzi pertsona atxilotu dituzte Estatuko beste puntu batzuetara zabaldu den operazio batean

Bilboko Ertzain-etxeko agentek maula-egile eta faltsutzaile sare garrantzitsu bat desegin du azken asteetan zehar. Espainiako hainbat probintziatan jarduten zuen eta Europako beste puntu batzutan adarrak zituen. Organizazioak dokumentazio faltsua erabiltzen zuen, tartean herrialde ezberdinetako identitate-txartelak, banku-kontuak irekitzeko, iruzurrezko erosketa, mailegu eta transferentziak kudeatzeko eta txeke faltsuak edo lapurtuak banketxean sartzeko. Ertzaintzaren ustez, Euskadin funtzionatzen zuen eta Estatu mailan aktiboenetako bat zen ezaugarri hauetako organizazio garrantzitsuenetako bat da desegindakoa. Bilboko Instrukzioko 9. Epaitegiak zuzentzen duen ikerketak Polizia Nazionalaren laguntza izan du Madrilen eta Murtzian garatutako jardueratan.

Faltsutze eta maula egitura garrantzitsu hau desegiteko Ertzaintzaren ikerketa joan den astean amaitu zen organizazioaren bederatzi kideren atxiloketarekin. Atxiloketekin batera, hamahiru miaketa egin ziren beste hamahiru lokal eta etxetan, horien artean, Bilboko bi establezimendu komertzial. Bertan, bandak delituak egiteko erabili zituen ia 50 identitate-dokumentu atzerritar faltsu, pasaporteak, informatika-ekipoak, telefono mugikorrak eta lapurtutako edo faltsututako hainbat banku-dokumentu zein ordainagiriak aurkitu zituzten. Miaketetako batzuk Polizia Nazionalaren inmigrazio eta faltsutze adituekin batera egin ziren Móstoles eta Fuenlabrada Madrilgo herrietan eta Murtzian; azken probintzia honetako etxe batean dirua, ordenagailuak eta dokumentazioa aurkitu zen.

Taldearen organigraman garrantzi berezia zuen taldeko kideetako batek; pertsona horrek Madriletik banatzen zituen identitate-dokumentu faltsuak gainontzeko organizazioaren artean. Aipatutako kideak mugikortasun geografiko handia zuen eta Frantzian, Belgikan eta Espainian detektatu dute. Euskadin, Bilbo Zaharra auzoan kokatutako establezimendu komertzial baten bidez banatzen ziren dokumentuak; organizazioak kontaktatutako beste delinkuente batzuek lokal horretan hartzen zituzten dokumentuak maulak egiteko. Gainera, hainbat "kontrolatzaile" zituen bandak, dokumentu faltsuak erabiltzen zituztenek arrakasta lortu zutela egiaztatzeko eta hala, zegozkien komisioa kobratzeko.

Banku-maulak

Joan den abenduan hasi zen Ertzaintzari organizazioa desegitea ahalbidetu dion ikerketa; une horretan, pertsona batek, identitate-dokumentu faltsu bat erabilita, 7.000 euroko hainbat txeke faltsu Bilboko banku-sukurtsal baten kobratu zituela detektatu zen. Erabilitako taloietako bat Frantzian lapurtutakoa zen, jakin ahal izan zenaren arabera. Egun batzuk beranduago, beste pertsona bat atxilotu zen aipatutakoaren antza zuen beste identitate-dokumentu faltsu batekin hainbat telefono mugikor Bizkaiko hiriburuko denda batean erosten saiatu zenean. Mota berdineko hainbat dokumentu gehiago aurkitu zizkioten. Hurrengo egunetan, hainbat banku-entitate gehiagok titular ezberdinek irekitako iruzurrezko kontuak salatu zituzten; baina, kontu horietako dokumentazioaren argazkia pertsona berdinari zegokion beti. Delitu guzti hauetan dokumentu faltsuen erabilera bat etortzean, Ertzaintzak gertaerekin erlazionatuta egon ahal ziren EAEn bildutako salaketak berrikusi zituen eta lotura izan ahal zuten kasuak aurkitu ziren 2007tik.

Hurrengo asteetan zehar aurrera eramandako ikerketak maula-egile talde baten existentzia ezartzea ahalbidetu zuen. Ikerketaren arabera, taldeak bitarteko teknikoak zituen dokumentuak aldatzeko eta horiek erabiltzen zituen delituak egiteko. Euskal banku-entitate ezberdinetan Frantzia, Irlanda, Australia eta Alemaniako zenbait bankutatik eratorritako txeke faltsuak aurkitu ziren, horietako bat 43.000 eurokoa zen. Ustez, maularen kopurua 200.000 eurora hurbiltzen da, soilik Bizkaian eta azken urtean zehar. Identitate faltsuen bidez kreditu-txartelak ere lortzen zituzten iruzurgileek eta batzutan, banda magnetikoak moldatzen zituzten banku amerikarretan izenpetutako kontuen datuak grabatzeko eta bertan operazio komertzialak zorduntzeko. Ertzaintzak 20.000 euro baino gehiagoko zordunketak egiaztatu ditu; hala ere, maula modalitate honen zenbateko totala askoz handiagoa izango dela kalkulatzen da.

Telefonia eta ordenagailuak

Organizazioak dokumentazio faltsua gailuak ere erosteko erabiltzen zuen, batez ere, telefonia eta informatika gailuak. Hemen, erabilitako dokumentazioak lapurtutako edo moldatutako gas zein elektrizitate hornidura ordainagiriak barneratzen zituen maiz. Ustez, euskal telefonia-enpresa batean 50 telefonia-alta baino gehiago egin ziren dokumentazio faltsua erabilita; horrek galera kopuru handia eragin zuen bai terminaletan bai kobratu ez ziren deietan (gehienak nazioartekoak). Eremu honetako maula beste lurralde batzuetako komertziotara zabaldu dela uste da, besteak beste, Madrileko denda batera (20.000 euro baino gehiagoko kostua duten iruzurrezko ia 200 telefonia-kontraturekin). Dokumentu faltsuekin erositako material informatikoa saltzen zuen ostean organizazioak bigarren mailako merkatuan. Informatika eta telefonia alorrean lortutakoa 200.000 euroko kopurua gainditu dezake, Ertzaintzak egindako kalkuluen arabera.

Diligentziak polizia-bulegotan behin amaituta, 21 eta 45 urteren arteko adinak dituzten bederatzi atxilotuak jarri ditu epailearen esku Ertzaintzak Bilbon.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko