Eu

Eusko Jaurlaritzak, COVID 19ak irauten duen bitartean, bertako produktuen kontsumoa aktibatzeko eta garraio publikoan segurtasuna areagotzeko kanpainak sustatu ditu

2020.eko apirilak 16
  • Aupa! kanpainak bertako produktuak kontsumitzea sustatzen du, eta arrantzaleen eta baserritarren lana azpimarratzen du
  • Garraioko sailburuordetzak gogoratzen du garraio publikoa behar-beharrezkoa den kasuetan bakarrik erabili behar dela eta bertan segurtasun-distantzia errespetatu behar dela
  • ETEei laguntzeko kanpainak Herriaren ekonomia-jardueraren motorrak duen garrantzia azpimarratzen du

Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Sailak koronabirusaren ondoriozko alarma-egoerarekin lotutako hiru kontzientziazio- eta hedapen-kanpaina jarri ditu abian. Helburua da, alde batetik, bertako produktuen kontsumoa sustatzea eta, bestetik, garraio publikoaren erabiltzaileek segurtasun-neurriak zorrotz betetzea. Gainera, ETEei laguntzeko kanpainak Herriaren ekonomia-jardueraren motorra sustatzeko aktibatutako programen berri ematen die enpresei.

Aupa! kanpaina Euskadiko Elikaduraren Clusterraren eta HAZIren laguntzarekin burutu da. Euskadiko kontsumitzaileei zuzenduta dago, eta arrantzaleen eta baserritarren lana azpimarratzen du, euren eguneroko eginkizunarekin kalitatezko elikagaien hornikuntza bermatzen dutelako.

Eusko Jaurlaritzak Euskadiko produktuak kontsumitzera gonbidatzen gaitu, baita alarma-egoerek kontsumo-ohiturak aldatu dituzten ezohiko une hauetan ere. Gainera, “gertatzen dena gertatzen dela, gauza batzuek ez dutela aldatu behar” gogoratzen du.

Prentsan, irratian eta telebistan gaur hasi den kanpaina hau indarrean egongo da maiatzera arte. Hala ere, maiatzaren amaieran bigarren emanaldi bati ekingo diote berriro, hilabete horretako produktuaren kontsumoa kontuan hartzeko.

Osasun-larrialdiko egoera honetan, Eusko Jaurlaritzaren beste kezketako bat da beren lan-jardueran aritzeko garraio publikoan joan behar duten erabiltzaileen osasuna. Horregatik hainbat euskarritan aholkuak emateko kanpaina bat abian jarri da: irratietan, tren/busen geltokien eta unitateen megafoniako iragarkietan, sare sozialetan, karteletan eta seinaleetan. Helburua da garraio publikoan kontuan hartu beharreko neurriak gogoraraztea.

Kanpaina horretan gogoratzen da garraio publikoa behar-beharrezkoa denean soilik erabil daitekeela. Kasu horretan, gainerako erabiltzaileekiko segurtasun-distantzia errespetatu behar da eta, behar izanez gero, hurrengo zerbitzuari itxarongo zaio. Zabaltzen den mezua norbera babesteko da: “Zaindu tartea eta jokatu arduraz”. Helbide honetan kontsulta daiteke: https://garraioak.eus/.

Enpresa txiki zein ertainentzako dirulaguntzak

Halaber, pasa den astean Eusko Jaurlaritzak informazio-kanpaina abian jarri zuen hedabideetan: prentsa, irrati, telebista eta sare sozialen bidez. Enpresei zuzendutako dirulaguntzen berri ematea du helburu. Enpresa txiki zein ertain, banakako enpresaburu eta profesional autonomoentzako dirulaguntzak dira, Covid-19ren eragin ekonomikoa arindu nahi dutenak. 

Kanpaina apirilaren 6tik 8ra bitartean dago indarrean, eta horren bidez, martxan jarri diren edo egungo egoerara egokitu diren laguntzen zerrenda zabaltzen ari da. Era horretan, Euskadi bere ekonomia sustatzeko lanean ari da; betiere langileen osasuna kontuan hartuta, -hori baita lehen baldintza-, baina, aldi berean, ehun ekonomikoak eta sozialak ahalik eta kalte gutxiena jasan dezaten saiatuta. 

Kanpaina bi helbururekin diseinatu da: informazioa emateko  (euskadi.eus orriaren bidez laguntza guztien zerrendara sartu daiteke), eta, ETEen lana balioesteko, euskal ekonomia bultzatzen duen motor gisa.

Talde borrokalaria, ekintzailea, munduan, askotariko sektoreetan, erreferentzia  irudia duena. Kanpaina honek balio horiek zabaltzen ditu, eta eskura dituzten laguntzen berri ematen die. https://youtu.be/788UlbL9f5A

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak