Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusia arduratuko da, hemendik aurrera, Euskal Trenbide Sarearen defentsaz (Gobernu Bilera 2020-04-14)

2020-04-14
  • Araubide Juridikoaren sailburuordeak izendatutako Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiko letraduak arduratuko dira laguntza juridikoa koordinatzeaz
  • Hitzarmena 2021eko abenduaren 31ra arte egongo da indarrean, eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak 10.000 euro sartuko ditu Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian, jasotako laguntza juridikoagatik.

Gobernu Kontseiluak gaur onartu du “Laguntza juridikoa emateko hitzarmena, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorraren (Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusia) eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarea (ETS) zuzenbide pribatuko erakunde publikoaren artekoa”.

Ekainaren 2ko 7/2016 Legearen, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoa Antolatzekoaren 2.3 artikuluan ezartzen da Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridiko Nagusiak baliabide egokiak dituela laguntza juridikoa emateko bai Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari bai Autonomia Erkidegoko beste administrazio batzuei, bai eta, halaber, merkataritza-sozietateei, fundazio publikoei, partzuergoei eta Eusko Jaurlaritzaren partaidetza duten gainerako erakundeei ere. Horrela, gaur onartu den eta izaera administratiboa duen hitzarmenari jarraituz, Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoak aholku emango dio Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareari, “zuzenbide-arloan, eta defentsa- eta ordezkaritza-zerbitzua dagokion jurisdikzioaren aurrean, Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Orokorrari ematen zaion baldintza beretan”.

Araubide Juridikoaren sailburuordeak Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoan jardunean dagoen letradu bat edo bat baino gehiago izendatuko du laguntza juridiko hori koordinatzeko. Gainera, Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak haiekin lankidetzan jardungo du auzitan dauden interesak ahalik eta ongien defendatzeko.

Era berean, testuan jaso da Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sareak ahalmena izatea abokatutzako profesional batek eta, hala dagokionean, bereziki horretarako izendatutako prokuradore batek aholkatua, ordezkatua eta defendatua izateko. Kasu horretan uko egingo dio Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoaren laguntza juridikoari. Gainera, Zerbitzu Juridiko Nagusiaren laguntza juridikorik ez du izango itunpeko erakundearen eta Euskal Autonomia Erkidegoko Administrazio Nagusiaren edo Instituzioanalaren artean interes kontrajarriak daudenean.

INDARRALDIA

Gobernu Kontseiluan gaur onartu den hitzarmena indarrean egongo da izenpetzen den egunetik 2021eko abenduaren 31ra arte, eta, aldeek berariaz adostuta, gehienez ere beste lau urtez luzatu ahal izango da. Horrez gainera, hitzarmena aldatu ahal izateko berariaz ados jarri beharko dute aldeek, eta edozein unetan zabaldu edo murriztu ahal izango da hitzartutako laguntza juridikoa, aldeek berariaz adostu ondoren.

Eusko Jaurlaritzako Zerbitzu Juridikoaren eta Red Ferroviaria Vasca-Euskal Trenbide Sarearen arteko hitzarmenean ezarri da ordaina 10.000 eurokoa izango dela, eta zenbatekoa Euskal Autonomia Erkidegoko Diruzaintza Nagusian sartuko da lauhilekoen amaieran, urtarrileko, maiatzeko eta iraileko lehenengo bost egun naturaletan.

JARRAIPEN BATZORDEA

Sinatzaileetako bakoitzaren ordezkari banak osatutako jarraipen-batzorde bat arduratuko da hitzarmenaren exekuzioa eta sinatzaileek hartutako konpromisoak jarraitu, zaindu eta kontrolatzeaz. Gainera, hitzarmena interpretatzean eta betetzean sor daitezkeen arazoak ere argituko ditu.

 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko