Berriak Lehendakaritza

Onartu da Gaztemundu 2020 programan parte hartzeko deialdia, Euskal sukaldaritzari buruzkoa (Gobernu Bilera 2020-04-14)

2020-04-14

Gobernu Kontseiluak Gaztemundu programaren 2020ko urteko deialdia onartu du, Euskal Etxeetako gazteek egonaldi bat egin dezaten Euskadin.

Programa horretarako 60.000 euro bideratu dira, atzerriko Euskal Etxeetako 18 eta 35 urte bitarteko 15 gaztek, gehienez,  egonaldi bat egin dezaten Euskadin. Egonaldi horren datak zeintzuk izango diren coronavirus Covid 19 pandemiaren bilakaeraren menpean dago.

2020ko urteko edizioan, Gaztemundu programako partaideen prestakuntza Euskal sukaldaritzari buruz izango da. Hala, adituek gidatutako prestakuntza-programan parte hartuko dute aurten hautatutakoek.

Egonaldian, bestalde, beste jarduera batzuk izango dituzte, euskal jatorria duten gazteek aukera izan dezaten harremana izateko erakundeekin, elkarteekin eta Euskadin bizi eta lan egiten duten pertsonekin, baita Euskadiko eta kanpoko gazteen arteko harremanak sortzeko ere.

Programan parte hartzeko interesa dutenek eskabidea aurkeztu beharko dute Lehendakaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusian, deialdia EHAAn argitaratu ondoren.

Gaztemundu programa Basque Country Estrategiaren baitakoa da –estrategia horren helburuetako bat da Euskadi kanpoan proiektatzea– eta 1996an sortu zuen Eusko Jaurlaritzak Euskadiren egungo errealitatearen alde guztiak ezagutarazteko eta belaunaldi berriei Euskal Etxeetako bizitza aktiboan integratzeko aukera emateko.

Ordutik hona, 800 bat lagunek hartu dute parte programa horretan (gehienak Argentinakoak) eta horietako asko orain Euskal Etxeetako zuzendaritzetako kideak dira edota ardura postuak betetzen dituzte.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko