Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Gorka Urtaran alkateak eta Beatriz Artolazabal sailburuak Gasteizko emakumezko herritar bat zoriondu dute, haren 104. urteurrenean

2020.eko apirilak 15
  • betiON Telelaguntza Zerbitzuak artatutako Arabako emakume zaharrenetan bigarrena da, eta lurralde horretako pertsona adinekoenen artean konfinamenduan urteak betetzen dituen lehena

Gaur goizean, Gorka Urtaran alkateak eta Beatriz Artolazabal Gizarte Politiketako sailburuak zorionak opa dizkiote haren 104. urtebetetzean Basilisa Maestre Ancini, Vitoria-Gasteizko Aranbizkarra auzoko herritarrari. Basilisa Maestrek betiON erabili du 2014. urtetik, eta emakume adinekoenen artean telelaguntza-zerbitzu horrek artatutako Arabako bigarrena da.

Hala ere, Basilisa bihurtu da alarma estatuan konfinamendua agindu ondoren zerbitzu hau erabiltzen duten Arabako adinekoenen artean urteak bete dituen lehendabizikoa. Horregatik, hala alkateak nola sailburuak bat egin dute betiOnek bere erabiltzaileei urteurrenean egiten dieten zorion agurrarekin; izan ere, egokiera are bereziagoa da, beste pertsona nagusiek bezala Basilisak ezingo baitu bere senitarteko eta hurbilekoen bisitarik jaso.

Ekitaldia Lehendakaritzan egin da bideo-dei baten bitartez. Basilisa Maestre, Marañongoa da (Nafarroan), baina Gorrebusto, Durruma Kanpezu eta Villafriako herritarra izan da bizitzan urte luzez, eta orain oso osasuntsu dago duela gutxi infekzio batetik suspertu ondoren.

Bileran, Artolazabal sailburuak zorionak eman dizkio "hain eder egoteagatik", eta urtebetetze konfinatua igarotzea zein zaila den ulertu duela esan du, berak hilabete hasieran urteak bete zituelako eta ezin izan zuelako familian ospatu.

Gorka Urtaran alkateak, berriz, bere arrakastaren sekretua galdetu dio, "hain primeran egoteko". "Lan egin eta lan egin", adierazi du Basilisa Maestrek, patatak biltzen jornalari gisa egindako lana gogora ekarriz. Urtaranek zorionak eman dizkio gasteiztar guztien izenean, eta, opari gisa, protagonistak zapuztu egin du, "Oso alkate ederra" dela esan baitio.

Gerra zibilean, Basilisa Maestre Donostiara aldatu zen, eta hor etxeetan zerbitzari atera zuen bizimodua, emakume askok bezala. Ondoren, galtzerdiak ehuntzen lan egin zuen, eta gero horiek herrietan saltzen. Egun, artean ere irakurle porrokatua da, Arabako Errioxako liburu bat du esku artean, eta ez du huts egin eguneroko mezara konfinamendua baino lehen.

Mendeurrenak

betiON telelaguntza-zerbitzuak ehun urteko adina gainditu duten 130 pertsona erabiltzaile ditu egun. Horietatik, 115 emakumeak dira, alegia, guztien % 88,5, eta zaharrena Donostiako herritar bat izan zen: joan den martxoan, 106 urte egin zituen. Hala ere, telelaguntza-zerbitzuaren erabiltzaile zaharrena Bilbon bizi den gizon bat da, eta 107 urte beteko ditu hurrengo uztailean.

Zerrenda horri aurten ehun urte beteko edo bete dituzten adineko beste 113 pertsona gehitu behar zaizkio. Beraz, betiON zerbitzuan ehun urte bete dituzten pertsonak guztira 243 erabiltzaile izatera helduko dira, gehienean bakarrik bizi direnak; bada, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Politiketako Sailak martxan jarritako telelaguntzak artatzen ditu.

Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak, egun, 57.000 erabiltzaile ditu guztira. % 77 inguru emakumeak dira, eta % 23, berriz, gizonak. Batez besteko profila bakarrik bizi den 80 urteko emakume nagusiarena da.

Beste neurri batzuk

Oraindik orain, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak doako 900 telefono-linea bat gehitu dio betiOn Telelaguntza Zerbitzuari, etxeko laguntzarako gailuak gehitu eta sendotzeko eta, hartara, Covid19aren krisi sanitarioak hasitako ekonomia- eta gizarte-ondorioei aurre egiteko.

Era horretan, pertsona onuradun berriaren etxean gailua instalatzeko modua dagoen arte, betiON telelaguntza-zerbitzua 900 telefono-linea baten bitartez eskainiko da erabat dohainik, telelangileek adineko pertsona guztiei arreta ematen dietela segurtatzearren.

Doako 900 telefono-linea berri hori Covid-19 krisi sanitarioagatik betiON Telelaguntza Zerbitzurako jada jarritakoetan beste bat da. Hala, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak, agindutako alarma-egoerak irauten duen bitartean, malguago jokatuko du ere zerbitzuan alta hartzeko dokumentazioa aurkezteko orduan. telelaguntza@euskadi.eus helbide elektronikoa ere gaitu da, izapideak egiteko behar diren eskaerak eta dokumentazioak horra igorri ahal izateko.

Era horretan, beren etxeetan telealarma-gailu bat izan nahi duten pertsonak ez daude behartuta familiako medikuak betetako osasun-fitxa eta oinarrizko gizarte-zerbitzuak emandako gizarte-txostena aurkeztera. Alarma-aldi hau bukatutakoan eta ondorengo bi hilabeteetan, bakarrik eskatzen zaien kasuetan aurkeztu beharko dira dokumentu horiek zerbitzua ematen jarraitzeko.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • Gorka Urtaran, Gasteizko Alkatea