Berriak Segurtasuna
Eu

Konfinamendu-neurriak ezarri aurretik ohiko arau-hauste penalen ondorioz erregistratzen zituen salaketen herena erregistratzen ari da Ertzaintza

2020.eko apirilak 11

Etxebizitzetako lapurreten eta ebasketen salaketak gutxitu dira gehien konfinamendu-neurrien ondorioz

Mugikortasunean eta bizitza sozialean ezarritako murrizketen eta neurrien eraginkortasuna Euskadiko delituen tasari buruzko datuetan geratzen da agerian. Estefanía Beltrán de Heredia Segurtasuneko sailburuak gaur goizean adierazi du konfinamendu-neurriak eta mugikortasuna murriztekoak ezarri aurretik ohiko arau-hauste penalen ondorioz erregistratzen zituen salaketen herena erregistratzen ari dela Ertzaintza.

“Agerikoa den moduan, kaleko eta eremu eta lokal publikoetako ebasketen eta etxebizitzetako lapurreten salaketak dira gehien gutxitu direnak”, adierazi du Segurtasun Sailaren arduradunak, eta nabarmendu nahi izan du erne jarraitu behar dela beste era bateko delituekin. Zehazki, iruzurrezko erosketak eta Internet bidezko iruzurrak aipatu ditu, bai eta emakumeen aurkako erasoak ere.

“Beharrezko prebentzio-neurriak hartu behar ditugu, batez ere Internet bidez egiten ditugun salerosketa eta transakzioetan gure datuak ematen ditugunean” adierazi du Beltrán de Herediak, eta gogora ekarri du Europolek landutako oinarrizko eta zentzuzko jarraibide eta aholku praktiko batzuk hedatu dituela Ertzaintzak.  

Egoera honetan egin daitezkeen beste delitu batzuk etxeko indarkeriako eta genero-indarkeriako erasoak dira. “Egiaztatuta dago ezohiko egoera honetan ez dutela gora egin GI/EI kasuen salaketek, urteko beste garai batzuekin alderatuta”, esan du Segurtasuneko sailburuak, eta adierazi du horretan, agian, zerikusiren bat izango zuela, alde batetik, “etxekoen eta bizilagunen elkartasunak” eta, bestetik, “biktimak salaketa jartzeko izan dezakeen zailtasunak”.  

Egoera horri aurrea hartzeko, Ertzaintza jarraipen indibidualizatua egiten ari da aurretik jakindako eta arriskutsutzat jotako kasuei. “Arriskuan egon daitezkeen pertsonei aldian behin telefonoz deituz eta, komenigarri ikusten denean, etxeko bisiten bidez egiten ari dira lan hori”, azaldu du Estefanía Beltrán de Herediak, eta gogoratu du Eusko Jaurlaritzak 900.840.111 telefono-zenbakia jarri duela herritarren eskura. Telefono-zenbaki horren bidez emakumeen aurkako indarkeria-kasuekin zerikusia duen informazioa edo beste edozein eratako laguntza edo aholkua eska daiteke edo kontsultak egin daitezke.  

Bestalde, gogoratu du SOS-DEIAK 112 APPa hedatzeko kanpaina aktibatu dela, erabilgarria den, nabarmena ez den eta erraz erabiltzekoa den erreminta baita, eta larrialdiak pertsonalizatzeko eta, kasu larrietan, 112ra egindako deiak geoposizionatzeko aukera ematen baitu.

Pertsona gutxiago identifikatu eta ibilgailu gutxiago geldiarazi dituzte

Segurtasuneko sailburuak bere esku-hartzean balioetsi egin du beharrezkoak ez diren joan-etorriak eta jendea kutsatzea eragozteko Ertzaintza eta udaltzaingoak egiten ari diren “funtsezko lana”.

Alde horretatik, adierazi du azken bi jaiegunetan, Ostegun Santuan eta Ostiral Santuan, aurreko asteburuan, baino auto gutxiago geldiarazi dituztela eta pertsona gutxiago identifikatu dituztela udaltzaingoek eta Ertzaintzak, hain zuzen ere, erdia.

Horrela, apirileko lehenengo asteburuan 10.500 ibilgailu geldiarazi zituzten eta adierazitako bi jaiegun horietan, berriz, 5.000tik behera. Desplazamenduaren arrazoia galdetu edo egiaztagiria eskatu zitzaien pertsonen kasuan, aurreko asteburuan, apirilaren 4an eta 5ean, 6.000 inguru izan ziren eta Ostegun eta Ostiral Santuan 3.000 pertsona inguru identifikatu dituzte.

Euskadiko kale eta errepideetako pertsonen nahiz ibilgailuen mugimenduan izandako murrizketaren adibide dira Ertzaintzaren helikopteroak ostegunean hiru hiriburuetan eta bide-sare nagusian grabatu zituen irudiak.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak