
BetiON telelaguntza-zerbitzuak erabiltzaileentzako arreta indartu du doako 900 linea batekin
- Neurriak eskaera berriei eragiten die, eskatzen duten adineko pertsona guztiei etxean gailua jarri arte zerbitzua bermatzeko.
Vitoria-Gasteiz, 2020ko apirilaren 11
Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak doako 900 linea bat gehitu dio betiON telelaguntza-zerbitzuari, etxean laguntzeko gailuak areagotu eta zerbitzua indartzeko, Covid-19aren osasun-krisiak eragindako inpaktu ekonomiko eta sozialari aurre egitea helburu dela.
Horrela, onuradun berriaren etxean gailua instalatu ahal izan arte, betiON telelaguntza-zerbitzua 900 linea baten bidez eskainiko da, guztiz doan, adineko edozein pertsonak teleoperadoreen arreta jaso ahal izatea bermatzeko.
Bakarrik bizi diren 75 urtetik gorako pertsonei, mendetasun-maila aitortua duten 65 urtetik gorakoei, ezinduei eta beste hainbat kasuri zuzendutako zerbitzua da, eta balorazio indibiduala egin ondoren emango da.
“Neurri honekin bilatzen dugun helburua da arretan erantzuna bizkortzea. Telefono horrek etxean segurtasuna eta lasaitasuna areagotzen dituela uste dugu, larrialdi bat gertatuz gero baliabideak mugiarazteko edo osasun-zalantzarik izanez gero harremanetan jartzeko aukera ematen duelako, adibidez”, adierazi du Marian Olabarrieta Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen zuzendariak.
Horrela, hemendik aurrera 900 doako linea honen bidez betiON telelaguntzako eragiketa-postura sartzen diren telefono-deiak edozein gailutatik jasotako beste edozein dei bezala tratatuko dira, eta horrek gainerako erabiltzaileentzako zerbitzu-prestazio berberak (domina-sakagailua izan ezik) eskaintzea ekarriko du.
Beste neurri batzuk
Doako 900 linea berri hau Covid-19aren osasun-krisia dela-eta betiON telelaguntza-zerbitzurako dagoeneko prest daudenei gehituko zaie. Hala, Eusko Jaurlaritzako Gizarte Zerbitzuen Zuzendaritzak, halaber, malgutu egin du zerbitzuan alta emateko dokumentazioa aurkeztea, ezarritako alarma-egoerak irauten duen bitartean. Eta telelaguntza@euskadi.eus helbide elektronikoa gaitu da, tramitatzeko behar diren eskabideak eta dokumentazioa bidali ahal izateko.
Hala, orain beren etxeetan telealarma-gailua izan nahi dutenak ez daude behartuta beren familia-medikuak betetako osasun-fitxa aurkeztera, ezta oinarrizko gizarte-zerbitzuak emandako gizarte-txostena ere. Indarrean dagoen alarma-aldia amaitu ondoren, eta hurrengo bi hilabeteetan, eskatutako kasuetan bakarrik aurkeztu beharko dira dokumentu horiek, zerbitzuak aurrera egin dezan.
Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak bultzatutako telelaguntza-programak 57.000 erabiltzaile ditu gaur egun. % 77 inguru emakumeak dira, eta % 23 gizonak. Batez besteko profila bakarrik bizi den 80 urtetik gorako emakume batena da.
Dagoeneko 140 langile inguru ditu EAE osoan, eta lau lantokitan banatuta dago: Aretxabaleta, Bilbo, Donostia eta Gasteiz. Osasun-krisi honetan, betiON zerbitzuak bere plantilla indartu du erabiltzaileei arreta hobea emateko, eta lehentasuna ematen dio familia-laguntzako sarerik ez duten edo kalteberatasun handieneko egoeran dauden pertsonak artatzeari.
-
2020-04-12
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: 🔴 @BetionEJGV telelaguntza-zerbitzuak erabiltzaileentzako arreta indartu du doako 900 linea batekin ➡︎ https://t.co/TyZykshAwl…