Eu

Eusko Jaurlaritzak ‘Euskalgintza’ deituriko deialdia onartu du, 979.200 euro bideratuz euskara sustatzeko proiektuetara (Gobernu Bilera 2020-04-07)

2020.eko apirilak 07
  • Iazko deialdiaren bidez 124 proiektu diruz lagundu ziren; eskaerak aurkezteko hilabeteko epea izango da, alarma egoera amaitu eta biharamunetik hasita   

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Kontseiluak onartu du, bere gaurko saioan, Euskalgintza deituriko deialdia, helburu duena gizarte-bizitzan euskara sustatzeko, garatzeko edota normalizatzeko ekimenak laguntzea. Deialdi honen bitartez euskalgintzaren alorrean lan egiten duten elkarte, jarduera edota proiektuak diruz laguntzen dira, eta aurten 979.200 euro banatuko dira era ezberdinetako euskararen aldeko proposamenen artean (iazko kopuru bera da).

Hizkuntza Politikako Sailburuordetzatik bideratzen den diru-laguntza deialdi nagusietako bat da hau, eta euskara sustatzeko hainbat proiektu posible egiten dira honi esker. Urtero 100 proiektu baino gehiago diruz laguntzen dira deialdi honen bidez; iaz, zehazki, 124 lagundu ziren. Lerro honek zazpi multzo ezberdinetan koka daitezkeen proiektuak laguntzen ditu:

  • A multzoa: Bi zatitan banatuko da A multzoa. Lehenengoaren bidez, diruz lagunduko dira Euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko egitasmoak esparru ez formaletan, bereziki aisialdian garatzen direnak. Bigarrenik, honako proiektuak ere diruz lagunduko dira A multzoaren bidez: euskaldunen artean euskararen erabilera areagotu eta sendotzeko asmoz, gizarte aktibazioaren bidez, hizkuntza-ohiturak aldatu eta euskararen erabileraren aldeko jarrerak sustatzeko egitasmoak.
  • B multzoa: Euskaraz ez dakiten euskal herritarrak eta etorkinak euskarara hurbiltzeko helburua duten jarduerak eta egitasmoak.
  • C multzoa: Euskararen familia bidezko transmisioa sendotzea helburu duten egitasmoak.
  • D multzoa: Euskararen ondareari buruzko informazioa jaso, gorde edota digitalizatu eta hedatzea helburu duten egitasmoak (gehienez ere 3 egitasmo diruz lagunduko dira, puntuazio altuena lortzen dutenak).
  • E multzoa: Euskarari zuzenean lotutako alderdiak aztertzea helburu duten jardunaldiak (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira).
  • F multzoa: Euskalgintzan ibilbide oparoa izateagatik nabarmendutako pertsonak edo elkarteak omentzeko egitasmoak (gehienez ere, bi egitasmo diruz lagunduko dira multzo honen bitartez).
  • G multzoa: Euskaraz irakurtzeko zaletasuna sustatzea helburu duten egitasmoak: irakurketa- eta idazketa-trebetasunak garatze aldera buruturiko jardunak, sariak, lehiaketak, idazleen eta irakurleen arteko topaketak, eta literatura gidak (gehienez ere, zazpi egitasmo diruz lagunduko dira).

Hauek izan ziren iaz diruz lagundutako 124 ekimenetako batzuk: ‘Bizilabe, gazteentzako ikerketa zentroen sarea’, Elhuyar Fundazioaren eskutik; ‘Triatloia maite dut’, Arazi IKT-ren eskutik; ‘Gazteak, sortzaile digital’, Puntueus Fundazioaren eskutik; ‘Tokikom Sariak 2019’ (‘Premios Tokikom 2019’), Tokikom fundazioaren eskutik; eta ‘Kultur guneak’, Topagunearen eskutik.

Alarma Egoera dela eta, aginduen eskabideak aurkezteko epeari buruzko argibidea jaso da deialdian. Eskabideak aurkezteko epea hilabetekoa izaten da, agindua boletinean argitaratzen den hurrengo egunetik zenbatzen hasita; hala ere, kontuan izan behar da 2020ko martxoaren 14ko 463/2020 Dekretuari jarraiki, Alarma Egoera amaitu arte epe administratiboak eten egingo direla. Beraz, eskaerak aurkezteko, presentzialki zein telematikoki, alarma egoera amaitu eta biharamunetik hasita hilabeteko epea izango da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko