Berriak Lehendakaritza

Lehendakariak lankidetza eraginkorra eta efizientea eskatu dio Sanchezen Gobernuari, eta gakoa ziurtasunean dagoela adierazi du

2020-04-12
  • Lehendakariak erkidegoetako presidenteen bileran parte hartu du, Pedro Sánchez presidenteak deituta
  • Lehendakariak, bere hitzaldian, lankidetza eraginkorra eta efizientea eskatu dio Pedro Sánchez-i eta ziurtasunak partekatzeko beharra azpimarratu du

Iñigo Urkullu lehendakariak bideokonferentzia bidez parte hartu du Pedro Sanchez Espainiako Gobernuko presidenteak Covid-19 koronabirusak sortutako egoera aztertzeko deitutako erkidegoetako presidenteen bileran.

Lehendakariak Euskadiren egungo egoeraren erradiografia eginez ekin dio bere interbentzioa, hiru iruditan: "Kutsadura, ZIUen, ospitaleratze- eta okupazio-datuek bilakaera ona izaten jarraitzen dute. Bigarrena: egunez egun izan ditugun hornidura-gabeziak gainditzen lanean dihardugu; eta hirugarrenik, heriotzen zifrak, batez ere adinekoen egoitzetan, gure kezkarik handiena izaten jarraitzen dute".

Bestalde, Iñigo Urkullu Lehendakariak lankidetza eraginkorra eta efizientea eskatu du, eta agerian utzi du ziurtasuna dela autonomia-erkidegoen eta Estatuaren arteko koordinazioaren gakoa. "Lehenik koordinazioa, eta gero komunikazioa, eta ez alderantziz", adierazi du. Azaldu duenez, "Ziurtasunak kudeatu behar ditugu, eta, bereziki, ziurtasunak gizarteari jakinarazi".

Hala, lehendakariak ziurtasuna eskatu dio Sánchez presidenteari honako esparru hauetan: azpiegiturak, maskarak, testak, iritsiera eta horniduren banaketa, pandemiaren bilakaerari buruzko datuak eta informazioa, isolamendu sozialeko egoerak, laneko osasun-protokoloak, deseskalada edo "normaltasunera itzultzeko plana", enplegura bideratutako laguntza-planak eta aste honetan planteatzen ari diren estatu-akordioak.

Azkenik, azken egunotan Europar Batasunak iragarri dituen neurri orokorren zehaztasun handiagoa eskatu behar zaiola Europari adierazu du. "Europa gara, eta politika bateratua behar dugu. Ziurtasuna da iragarri diren izaera orokorreko neurrien zehaztapena ".

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)