Eu

Europako Batzordeak “SURE” erreminta proposatu du. Aldi baterako laguntza-instrumentu berri honek Covid-19a bezalako larrialdien ondoriozko langabezia-arriskuak arindu nahi ditu

2020.eko apirilak 02

 

  • Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak arretaz jarraitzen du ekimena, etorkizunean estatuz azpiko herrialdeetan garatu eta aplikatu ahal izango baita
  • Support to mitigate Unemployment Risks in an Emergency – SURE”
  • Covid-19/koronabirusaren pandemiaren eragina pairatu duten enpleguak eta langileak babestea du xede.
  • Finantza-laguntza eskainiko du, EBk baldintza onuragarriak dituzten maileguak emango baitizkie Estatu kideei. Horretarako, 100.000 milioi euro aurreikusi dira, guztira

 

Brusela, 20 04 02

Europako Batzordeko presidente Ursula Von der Leyenek Erregelamendu-proposamen berri bat aurkeztu du gaur goizean, Bruselan. Horren bitartez, aldi baterako laguntza-erreminta berri bat arautuko da larrialdi-egoera baten ondoriozko langabezia-arriskuak arintzeko (Support to mitigate Unemployment Risks in an Emergency SURE, ingelesezko siglei jarraiki).     Eusko Jaurlaritzako Enpleguko eta Gizarte Politiketako Sailak arretaz jarraitzen du ekimena, etorkizunean estatuz azpiko herrialdeetan garatu eta aplikatu ahal izango baita.

 

SURE erremintak Covid-19/koronabirusaren pandemiaren eragina pairatu duten enpleguak eta langileak babestea du xede. Finantza-laguntza eskainiko du, EBk baldintza onuragarriak dituzten maileguak emango baitizkie Estatu kideei. Horretarako, 100.000 milioi euro aurreikusi dira, guztira.

 

Mailegu horiei esker, enplegua mantentze aldera gastu publikoan egin beharko dituzten berehalako hazkundeak estali ahal izango dituzte Estatu kideek. Zehazki, mailegu horien bitartez lan-orduak murrizteko erregimenak sortzeari edo luzatzeari zuzenki loturiko gastuak estali ahal izango dituzte Estatu kideek, bai eta koronabirusaren egungo pandemiari aurre egiteko norberaren konturako langileen alde hartu dituzten antzeko neurriak estali ere (aipatu erregimenei esker, eta egoera zehatz batzuetan, ekonomia-zailtasunak dituzten enpresek beren langileen lan-orduak aldi baterako murritz ditzakete eta langileek diru-sarrera publikoen laguntza jasoko dute; antzeko neurriak aplikatzen dira ere norberaren konturako langileen aldeko ordezkapen diru-sarrerentzako). Estatu kide guztiek lan-orduak murrizteko erregimenen bat ezarri dute dagoeneko.

 

Finantzaketa

SURE ekimenaren finantzaketari dagokionez, 100.000 milioi euro aurreikusi dira, guztira, Estatu kide guztietarako. Ez da aldez aurretik esleituriko zuzkidurarik egongo Estatu kideentzat.

 

Estatu kideei emango dizkien maileguak finantzatzeko, Europako batzordeak maileguak sinatuko ditu finantza-merkatuetan eta, ondoren, baldintza onuragarriak zehaztuko ditu Estatuei emaniko maileguetarako. Horrenbestez, EBren kreditu-kalifikazio sendoaz eta zorpetze-kostu baxuez baliatu ahal izango dira Estatu kideak. Maileguak EBrekin konprometitutako Estatu kideen borondatezko berme-sistema batean oinarrituko dira. Estatu kide guztiek berme horiekin konprometitu bezain pronto, erreminta berria martxan jarriko da. Estatu kideek ondoko xederako erabili beharko dituzte aipatu maileguak: langileen lan-orduak murrizteko erregimenak edo autonomoen aldeko antzeko neurriak finantzatzeko.

 

Nola funtzionatzen du

SURE erremintaren funtzionamenduari dagokionez, Estatu kide batek finantza-laguntza eskatu beharko du. Jarraian, Batzordea Estatu kide horrekin jarriko da harremanetan langileen lan-orduak murrizteko erregimenak sortzeari edo luzatzeari edo autonomoen aldeko antzeko neurriei zuzenki lotuta dagoen gastu publikoaren hazkundea zein den egiaztatzeko.

 

Kontsulta horri esker, Batzordeak maileguaren baldintzak egokiro ebaluatu ahal izango ditu: zenbatekoa, batezbesteko iraungitze-epe maximoa, prezioa edo modalitate teknikoak bere gauzatzerako, besteak beste. Kontsulta horretan oinarrituta, Batzordeak erabaki-proposamen bat luzatuko dio EBeko Kontseiluari, finantza-laguntza eman dadin.  Behin onartuta, EBk eskaria egin dion Estatu kideari eman dion mailegu baten bitartez gauzatuko da finantza-laguntza hori.

 

Bermea

Berme-sistemari dagokionez, SURE erremintaren harira Estatu kideei emango zaizkien maileguak estatu kideen borondatezko berme-sistema batean oinarrituko dira. Honela, Estatu kideen alde eman daitezkeen maileguen bolumena handitzeko aukera izango du Batzordeak.

 

Berme-sistema hori beharrezko gaitasuna lortu eta, aldi berean, SURE erremintaren finantzaketa zentzudun bat bermatzeko da beharrezkoa. Horretarako, gutxieneko berme-kopuru bat konprometitu beharko da beti (hau da, 100.000 milioiko gehieneko mailegu-zenbatekoaren % 25).

 

Larrialdia

SURE erreminta Langabezia-berraseguruko Sistema Europarraren larrialdi-eragiketa da eta berariaz diseinatu da koronabirusaren pandemiak ekarri dituen erronkei berehala erantzun ahal izateko.

 

Nolanahi ere, horrek ez du esan nahi Langabezia-berraseguruko Sistema Europar egonkor bat ezarriko ez denik. Dakigunez, Batzordeak denbora luzea darama aukera hori aztertzen eta proposamen bat prestatzen ari da.

 

SURE erremintari buruzko Batzordearen Erregelamendu-proposamena Kontseiluan aurkeztuko da, eztabaidatua izan dadin. Erreminta berria aldi baterako izango da. Bere iraupena eta irismena koronabirusaren pandemiaren ondorioei egokituko dira. Informazio gehiagorako: https://ec.europa.eu/commission/presscorner/detail/es/qanda_20_572

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak