Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Euskadik eta Lonbardiak harremanak estutu dituzte turismoaren arloan

2011.eko maiatzak 17

Pilar Zorrilla sailburuordea Merkataritza eta Turismo sailburuarekin batzartu da Milanen eginiko Euskadiren promozio jardunaldian

Gaur aurkeztu da Conde NastTraveller Italiako argitalpen turistiko ezagunak kaleratuko duen "Especial Euskadi" gehigarria. Iaz 45.000tik gora turista italiar izan genituen Euskadin, aurreko urtean baino %6 gehiago.

Pilar Zorrilla Eusko Jaurlaritzako Merkataritza eta Turismo sailburuordea eta Isabel Muela Turismo zuzendaria gaur arratsaldean elkartu dira Milanen Stefano Maullu Lonbardiako Merkataritza eta Turismo sailburuarekin.

Batzar horretan Lonbardiaren eta Euskadiren arteko harremanak estutu dituzte. Iaz Bilbo, Erroma eta Milanen arteko zuzeneko hegaldiak berrezarri ziren, eta horri esker bide berri bat ireki zaie turista italiarrei eta baita ere negozio bidaiei.

Bi eskualdeetako ordezkarien arteko topaketa hau Euskadi Italian turistikoki promozionatzeko programaren barruan dago. Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak antolatu du programa hori Basquetour, Turismoaren Euskal Agentziaren bidez.

Promozio jarduerak hilaren 16, 17 eta 18an egiten ari dira Milanen eta Bergamon. Hala, gaur arratsaldean Lonbardiako ordezkariarekin eginiko topaketaren ostean aurkeztu da Conde NastTraveller Italiako argitalpen turistiko ezagunak kaleratuko duen "Especial Euskadi" gehigarria.

Conde NastTraveller argitalpenaren aurkezpena

Argitalpen horren helburua da Euskadi aurkeztea Italiako prentsa espezializatuari, tour operatzaileei,  produktu klubei eta enpresa handietako ordezkariei.

Ekitaldian izan dira Pilar Zorrilla sailburuordea, Isabel Muela zuzendaria eta baita ere Roberto Delera, Conde NastTraveler-en Italiako zuzendaria.

Pilar Zorrillak azpimarratu du Italiako merkatua oso garrantzitsua dela turista asko igortzen dituelako Euskadira. Izan ere, 2010ean 45.784 bidaiari italiar izan genituen EAEko hotel eta landetxeetan. Kopuru horiek adierazten dute %6ko hazkundea erregistratu dela iazko urtearekin konparatuta eta Euskadirentzat Italia dela Europako laugarren merkatu garrantzitsuena, Frantzia, Erresuma Batua eta Alemaniaren ostean.

Bestalde, Pilar Zorrilla sailburuordeak italiar guztiak animatu ditu uda honetan Euskadi bisitatzera eta esan die era guztietako planak egin ditzaketela. Gehienek (%74,5) hiriak aukeratzen badituzte ere, Euskadik eginiko eskaintzak hainbat alternatiba proposatzen ditu, hala nola nekazaritza turismoa familientzat, bikotearekin bisitatzeko hiriak edo Euskadin barrenako ibilbideak, bertako festa eta ohiturak ezagutzeko lagunekin batera.

Bestalde, Pilar Zorrillak hegazkina erabiltzera gonbidatu ditu italiarrak Milan eta Bilbo arteko ibilbide berriak abiarazi direlako. Halere, italiarren %61k autoa aukeratzen du Euskadira etortzeko.

Atzo, hilaren 16an, hasi zen Euskadi turistikoki promozionatzeko programa Milanen antolatutako work-shop edo lan-jardunaldi batekin, non 90 lagunek parte hartu baitzuten, EAEko enpresari turistikoekin harremanak egin nahi dituzten Italiako enpresari turistikoak gehienak.

Euskadiren Italiako promozio bira hilaren 18an amaituko da Bergamon, Turespaña enpresak antolatutako ekitaldi batekin.  "La SpagnaItinera" du izena ekimenak eta turista potentzialei eta bitartekari turistikoei zuzendutako marketin ekintza ibiltari bat da. Bere helburua da egungo merkatuaren eraldaketari erantzutea, merkatu bat non aireko konexioak gero eta gehiago baitira eta non teknologia berriek gero eta garrantzi handioagoa baitute bidaiatzeko erabakietan.

Gainera, ekintza honen bidez, lehendik egiten diren "La Spagna a Milano" eta "La Spagna a Roma" urteroko kanpainak indartu eta beste hiri batzuetara zabaldu nahi dira, Espainia jomuga turistiko gisa ezagutarazteko Italiako merkatuan.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Pilar Zorrilla (VIceconsejera de Comercio y Turismo)