NIK Patrika Digitala
Berriak Ogasuna eta Ekonomia
qrcode

Eusko Jaurlaritzak, –Euskadin ari diren 15 finantza erakundeekin eta Elkargirekin batera– ete-ei, mikroete-ei eta autonomoei finantza laguntza emateko 500 M/€-ko programa aktibatzea onetsi du (Gobernu Bilera 2020-03-31)

2020-03-31

Gobernu Kontseiluak argi berdea eman dio gaur enpresa txiki eta ertainei, mikroETEei eta autonomoei laguntzeko finantza programaren aktibazioari. Programak 500M/€ bideratuko ditu gauzatu beharreko maileguetara, eta 6 hilabeteko likidezia eta finantzaketa beharrei erantzutea izango du helburu. Gaur onartu eta astean zehar EHAAn argitaratu ondoren, Eusko Jaurlaritzak datorren astean sinatuko ditu hitzarmenak ELKARGIrekin eta Euskadin diharduten 15 finantza erakundeekin. Horrela, ABANCA, BANKIA, BANKINTER, BBVA, CAIXABANK, CAJA RURAL DE NAVARRA, TARGOBANK, FIARE, IBERCAJA, LABORAL KUTXA, SABADELL, BANKOA, KUTXABANK, ARQUIA eta BANCO SANTANDER, buru-belarri ari dira lanean Eusko Jaurlaritzarekin batera, Covid-19ak euskal enpresa sarean eragingo dituen kalteak arintzen laguntzeko, jarduera ekonomikoko sektore guztientzat zabalik dagoen finantzaketa lerro honen bitartez.

Finantzaketa lerro horrek aipatutako enpresen eta autonomoen egiturazko gastu finkoei eman gura die estaldura, enpresa sarean duten garrantzia, ekoizpen jarduera osoan duten eragina eta handizkako finantzaketa merkatuetara edo kreditu erakundeen maileguen lerro tradizionaletara iristeko ahalmen erlatibo txikiagoa dutela kontuan hartuta.

Onuradunak:

      1.  Baldintza hauek betetzen dituzten Euskadiko ETEak:

  • 250 langile baino gutxiago izatea.
  • Urteko negozio bolumena 50 milioi eurotik gorakoa edo urteko balantze orokorra 43 milioi eurotik gorakoa ez izatea.
  • Adierazitako baldintzaren bat betetzen ez duen beste enpresa batek edo batzuek, zuzenean edo zeharka, ETE horren %25eko edo gehiagoko partaidetza ez izatea.
  1. Euskadiko norbanako enpresariak (mirkoETEak) eta autonomoak:
  • Norberaren konturako langileen edo autonomoen Gizarte Segurantzako araubide berezian alta emanda egotea.
  • PFEZari lotetsitako jarduera ekonomikoetatik edo profesionaletatik etekinak lortzea.

Maileguen zenbatekoak:

  • 5.000€-1.000.000€ ETEentzat.
  • 5.000€-100.000€ MikroETEentzat eta profesional autonomoentzat.

Finantza eragiketak:

  • Tresna: mailegu amortizagarria.
  • Interes tasak: %0, Eusko Jaurlaritzak diruz laguntzen baititu.
  • Mailegu eragiketen epea: 5 urte (urtebeteko gabezia, nahi izanez gero)
  • Euribor aplikagarriarekiko diferentziala: %0,50
  • Likidazioaren aldizkakotasuna: hiru hilabetez behin.
  • Komisioak: 0€. Mailegu hartzaileak mailegua aurretik kitatu edo amortizatu ahal izango du, inolako kosturik gabe.

Abalen kostua eta baldintzak:

  • Gauzatze komisioa eta azterketa komisioa: gauzatutako abalaren %0,25, behin bakarrik ordaindu beharrekoa.
  • Abalaren komisioa: %0,75 urtean. Komisio horrek Eusko Jaurlaritzaren %50eko diru-laguntza izango du.
  • ELKARGIk ez du inolako komisio edo gastu gehigarririk aplikatuko.

 

Informazio gehiago eta eskari inprimakiak helbide honetan:

www.euskadi.eus – Ogasun eta Ekonomia Saila- Finantza Politika Zuzendaritza- Finantzaketa Lerroak

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko