Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakariak eta zientziako ministroak iragarri dute zahartzeari buruzko ikerketa-zentro nazional handia eraikiko dutela Euskadin

2011.eko maiatzak 17

Nazioartean ospe handia daukaten hainbat zientifiko bilduko ditu zentroak, eta zelulari buruzko ikerketa oinarrizkoa edota asistentzia-teknika berrien garapena landuko dira bertan.

Eusko Jaurlaritzak gaixo kronikoentzako osasun-estrategia berezian daraman buruzagitzaren errekonozimendua da.

Euskadin jarriko da Zahartzeari buruzko Ikerketa Zentro Nazionala (ZIZN). Halaxe iragarri dute gaur Donostian Lehendakari Patxi Lopez jaunak eta Zientzia eta Berrikuntzako Ministro Cristina Garmendia andreak. Oinarrizko ikerketako eta ikerketa aplikatuko azpiegitura zientifikoa izango da ZIZN, nazioartean errekonozitutako bikaintasuna izango duena, pasa den urtarriletik Eusko Jaurlaritzak eta Zientzia eta Berrikuntzako Ministerioak zeramaten negoziazioaren emaitza onari esker.

Zentroa Euskadin jartzeko erabakiak nolabait aitortu egiten du Euskadi bide-urratzaile dela arlo honetan, bai laguntza mailan bai teknologia mailan, eta zahartze aktibo, osasungarri eta familiaz inguratutakoa bultzatzeko laguntza-ereduak ezagutu eta bultzatu nahiz sustatzeko Lehendakariak Gobernutik egin duen ahalegin eskergaren errekonozimendua ere bada.

Ez dugu ahaztu behar Euskadik egoera demografiko zaila izango duela aurrez aurre hemendik gutxira, munduko gizarterik zaharkituenetarikoa baita. Horrexegatik dabil Gobernua arazo horri aurre egiteko ahaleginez lanean, agintaldiko lehen unetik. Proiektu handi hau martxan jartzeak oso ondorio garrantzitsuak izango ditu hainbat arlotan:

-Oinarrizko ikerketa. Batetik, ZIZNek zelulak zahartzeari buruzko oinarrizko ikerketa egingo du, eta zahartze hori eragiten duten biologia-, genetika- eta ingurumen-arrazoiak aztertuko ditu, eta lan horretan mundu-mailan ezagunak diren zientzialariek hartuko dute parte. Erreferentziazko zentro zientifikoa izango da Espainian eta Europan.

- Ikerketa klinikoa eta soziosanitarioa. Saiakuntza klinikoarekin lotutako ezagutza sortzea izango da helburuetako bat, bai zahartzeari berari dagokion ezagutza, baita adinarekin lotutako endekapen-arazoei dagokiena ere. Horretarako, bere esku jarriko dira jadanik Autonomia Erkidegoan, Osasun Sailak gaixo kronikoekin aplikatzen duen estrategiaren barruan, lanean ari diren zentro zientifikoak eta asistentzia-unitateak. Lan horrek, zahartzeak dakartzan arazoei eta adinekoek behar dituzten zerbitzu sozio-sanitarioei aurre egiteko, formula egokiagoak diseinatzea ahalbidetuko du epidemiologia, osasun publiko eta osasun-laguntzaren ikuspegitik.

-Berrikuntza diagnostikoan eta zainketa-lanetan. Azkenik, ZIZNek berrikuntza eta teknologia arloko beste zentro batzuekin egingo du lan, batetik, arlo horretako diagnostiko- eta terapia-estrategia berriak garatzeko, eta, bestetik, komunikazio- eta elektronika-teknologien aurrerapenak adinekoak eta inoren laguntza behar duten pertsonak hobeto zaintzeko erabiltzen dituzten laguntza-modelo berriak garatzeko xedez.

Euskadin dagoeneko badaude arlo honetan lanean ari diren enpresa eta erakunde garrantzitsuak, eta laster Berrikuntza Soziosanitarioko Zentro bat ere egongo da. Zentro hori sortzeko azken urratsak ematen dabiltza Lehendakaritza, Gizarte Gaietako Saila eta Osasun Saila, euskal enpresa-talde garrantzitsu baten laguntzarekin. Estrategia berriak Beraz, ZIZNek sortuko duen ikerketak (oinarrizkoak nahiz aplikatuak) gure gizarterako politika berri batzuk identifikatzen lagunduko du. Ez da izango soilik zentro zientifiko bat zentzu klasikoan, eta bere inguruan estrategia eta eredu asistentzial berriak egituratuko ditu, ospitale-eremuan eta eremu soziosanitarioan aplikagarri.

Nazio Batuen azken txostenak adierazten du gure gizartea, Japoniakoarekin batera, munduko zahartuena izango dela, eta jada antzematen ari dira aldaketa demografikoek dituzten eraginak. Baina, orain hartzen ari diren erabaki politikoek ere eragina izango dute, “demografia ez delako halabeharra”. Eusko Jaurlaritzak bere gain hartu du erronka hori, eta proiektu integral bat edukiko du, hau da, zahartzearekin zerikusia duten arlo guztiak ustiatuko ditu. Espainiarentzat eta beste herrialde batzuentzat baliagarriak diren politikak identifikatzen lagunduko du, ZIZNek nazioarteko eremua baitu eta bertan mundu osoko zientzialariek ikertuko baitute.

Eusko Jaurlaritza lider da estatu mailan gaixo kronikoei arreta hobea eskaintzeko osasun-sistemaren berrantolaketan. Hori dela eta, abian jarria du arreta telematiko soziosanitarioko zerbitzu zentralizatu bat; beharrizan horietara egokitutako ospitale berri batzuk eraikitzen ari da (Gasteiz eta Eibar), eta modu antolatuan ari da lanean adinekoen elkarteekin (hirugarren sektorea), adinekoak autozainketen garrantzian prestatzeko eta inplikatzeko.

Lehendakariak eta ministro andreak adierazi zutenenez, zentro hori Euskadin kokatzeak euskal osasun-estrategiaren indar eragile zientifiko, teknologiko eta industriala aintzat hartzea dakar (sistema hori, hain zuzen ere, kronikoen arretan oinarritzen da), bai eta mundu mailako I+G+Bko sistema soziosanitario bat egituratzea ere. Helburua honako hau da: etxea zainketen gune bihurtzen duen arreta-eredu bat garatzea.

Etxea, betiere, beharrezko diren teknologia lagungarri guztiez ekipatuta egongo da, maila asistentzial guztiekin behar bezala konektatuta, eta herritarren bizi-kalitatea mantentzera bideratuta. Gainera, estatu mailako lehenengo ikerketa-zentro hori Euskal Autonomia Erkidegoan instalatzeak biozientzien arloko orain arteko ahultasun zientifiko historikoa arintzen lagunduko du, eta industria-sare berri bat eta gaikuntza handiko enpleguak sortzeko gero eta aukera gehiago dituen arlo honetan Europa mailako lidergoa lortzea erraztuko du.

Lópezek eta Garmendiak azpimarratu zuten, ekimen honen bidez, Euskadik mundu mailako erreferente bihurtzeko aukera duela, zahartze osasungarri eta aktibo baterako politika, produktu eta zerbitzuen garapenean.

Iruzkin bat
  • @ibartolome
    2012.eko urtarrilak 12

    Comentario de Twitter:
    Una pregunta sobre el Centro Nacional de Investigación sobre el Envejecimiento http://t.co/lYRh9mhy ¿Existe ya? ¿Tienen página web?

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)
Beste gonbidatu batzuk
  • Lehendakaria, Cristina Garmendia