Berriak Lehendakaritza
Eu

430 lagun jarri dira Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan; horietatik 268 itzuli dira dagoeneko Euskadira, eta 23k geratzea erabaki dute

2020.eko martxoak 31

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusi Marian Elorzari elkarrizketa egin diote gaur Radio Vitoria irratian. Bertan, Covid 19ko krisiaren ondorioz hainbat herrialdetan harrapatuta geratu diren eta Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri diren euskal herritarren datu eguneratuak eman ditu ezagutzera. Hain zuzen ere, 430 pertsona dira Eusko Jaurlaritzarekin harremanetan jarri direnak; horietatik 268 dagoeneko Euskadira itzuli dira, eta 23k erabaki dute dauden herrialdean geratzea. Gainera, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak, Limako kontsulatu espainiarrarekin harremanetan jarri ostean, Perutik beste bi hegaldi prestatzen ari direla jakinarazi du, bata gaur bertan aterako da eta bestea bihar. "Espero dut blokeatuta geratu diren euskal herritarrak gaur eta bihar artean itzultzea", adierazi du.

Elkarrizketan, Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak azaldu du euskal herritarrak bost kontinenteetako herrialdeetan daudela harrapatuta, baina Peru, Zeelanda Berria eta Australia aipatu ditu foku nagusitzat. Elorzaren hitzetan, harrapatuta dauden pertsonek dituzten arazo nagusiak hauek dira: hegaldiak bertan behera uztea aire trafikoan murrizketak daudelako, mugak erabat ixtea eta herrialde batzuetan barne mugimenduan dauden mugak. Era berean, blokeatuta geratu diren pertsonen artean bi kategoria bereiz daitezkeela argitu du: batetik, turismoa egiten ari ziren pertsonak, gehienak, eta, bestetik, ikasketak, bekak, lankidetza eta abar direla-eta aldi baterako atzerrian bizi direnak.

Kanpo Harremanetarako idazkari nagusiak gogorarazi du nola jokatu behar den atzerriko herrialde batean harrapatuta egon eta Euskadira itzultzeko arazoak izanez gero. Hala, azaldu du, harrapatutako pertsonak gertuen duen kontsulatuarekin jarri behar dutela harremanetan larrialdietako telefonoaren bidez, larrialdi kontsularren telefono bidez; eta kontsulatuarekin harremanetan jarri ezin bada, Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritzarekin jar daiteke harremanetan kanpolarrialdiak@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez edo 945 01 81 26 telefono-zenbakiaren bidez, eta han erantzungo zaie euren eskaerei eta kontsultei.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak