Eu

Baserritarren produktuak bildu eta merkaturatzeko zerbitzua sortuko dute Eusko Jaurlaritzak, Foru Aldundiek eta HAZIk

2020.eko martxoak 26

Datorren astetik aurrera jarriko da martxan, Covid-19ren eraginaren aurrean ekoizleei “alternatiba berria” eskaintzeko.

Eusko Jaurlaritzak, hiru Foru Aldundiak eta HAZI Fundazioak azoketara produktuak zuzentzen dituzten baserritarrentzako produktuen bilketa eta merkaturatze zerbitzu bat jarriko dute martxan. Azoketan produktuak saltzen zituzten baserritarrei, produktuak merkaturatzen laguntzea da ekimenaren helburu nagusia, ekoizleen zein bezeroen osasuna bermatuz.

Zerbitzuaren antolaketa oso konplexua izanik, lan hauetan esperientzia duen Lurrarte Baserriko Uzta enpresarekin kontatuko da. Lurrartek, HAZI eta Landa Garapen Elkarteetako teknikarien laguntzarekin egituratuko du zerbitzu hau, azokak antolatzen dituzten hiri eta herrietako udal arduradunekin elkarlanean, beti ere.

Baldintzak, bilduko diren produktuak, beharrezko logistikaren ezaugarriak, prezioak eta abarren inguruan argitasunak izateko, baserritarrek 943 69 30 74 telefonora deitu ahal izango dute, astelehenetik ostiralera 8:00tatik 14:30etara, edota 688 64 36 70 telefonoko whatsapp-era idatzi (Erreferentzia: barazki Bilketa). Bilketa antolaketa konplexua izanik, zerbitzuak egun batzuk eman beharko ditu logistika gai guztiak lotuta edukitzeko, baina bitartean horren inguruko informazioa baserritarrentzat eskuragarri egongo da aipatutako harremanetarako kanaletan.

Covid-19 birusa lehen sektoreko zuzeneko salmentan edukitzen ari den eragina arintzea da helburua. Izan ere, pandemiaren aurrean, salbuetsitako merkataritza-establezimenduetatik kanpo elikagaiak saltzea saihesteko gomendioa eman zuen Eusko Jaurlaritzako Osasun sailak. Gomendio hori betetzeak, azoketara produktuak ematen dituzten baserritarren saltzeko aukera bertan behera uzteak suposatzen du, horrek sor dezakeen galerarekin. Gaur iragarritako egitasmoarekin, “alternatiba berri bat” eskaini nahi dute Eusko Jaurlaritzak eta Gipuzkoako Foru Aldundiak, “gure baserritarren produktuak ez daitezen irtenbiderik gabe geratu, eta gure kontsumitzaileek izan dezaten aukera produktu horiek kontsumitzeko”. Neurria larrialdi egoera bati aurre egiteko planteatu bada ere, aurrera begira “aukera” bihur daitekeela gaineratu dute, “banaketa kanal berriak irekiz”.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
  • Bittor Oroz Izagirre
    Nekazaritza, Arrantza eta Elikagaien Politikako sailburuordea (XI legealdia)
  • Asier Arrese Zabala
    Haziko zuzendaria, Eusko Jaurlaritzaren Fundazioa Landa, Isasertz eta Elikagaien sustapenerako (XI legealdia)