Berriak

Genero indarkeria salaketak erdira jaitsi dira konfinamendu egun hauetan

2020.eko martxoak 26
  • Denbora gehiago behar da eboluzioa ikusteko eta balorazio sendoak egiteko; gainera, zaila da ezkutuko kasuen kopurua jakitea.
  • 24 orduko telefono-deien kopurua mantendu egin da, baina kustodia eta bisita-erregimenei edo berehalako premiei buruzko kontsultak igo egin dira.
  • Salaketa jartzeko zailtasunak, auzoaren kontrol sozial handiagoak eta salaketa askotan erasotzailea une honetan emakumearekin bizi ez den bikotekide ohia izatea jaitsieraren hipotesien artean.
  • Emakunde Jaurlaritzako sailekin, aldundiekin eta udalekin koordinatuta ari da lanean, eta biktimen elkarteekin harremanetan dago, arriskuan egon daitezkeen emakumeei ahalik eta erantzunik onena emateko.

 

Emakunde-Emakumearen Euskal Erakundea Eusko Jaurlaritzako Enplegu eta Gizarte politiketako Sailarekin, Segurtasun, Osasun, Lan eta Justizia Sailekin eta foru aldundiekin eta udalekin koordinatuta lan egiten ari da koronabirusaren alerta hasi zenetik, egoerak eskatzen duen herritarren konfinamendu-aldian indarkeria matxistaren biktima diren emakumeei erantzunik onena ematen saiatzeko. Zentzu horretan, zerbitzu guztiak martxan daude, eta egun hauetan aparteko premiarik identifikatu ez den arren, prest daude neurri osagarriak beharrezkoak izanez gero. Jaurlaritzaren eta aldundien baliabide eta zerbitzuei buruzko informazioa bildu da eta, EUDELen laguntzarekin, EAEko udal bakoitzaren zerbitzuei buruzko informazio zehatza biltzen ari da. Izaskun Landaida Emakundeko zuzendariaren hitzetan, "inoiz ikusi gabeko egoera baten aurrean gaude, eta oso adi egon behar dugu eta etengabeko jarraipea egiten salbuespen-egoera honekin bat datozen neurriak hartzeko".

Eboluzioak ikusi ahal izateko denbora-tarte labur batez ari garen arren, eta horrek balorazio sendoak egitea zailtzen badu ere, atzo, martxoak 25, emakume biktimentzako zerbitzuetan inplikatutako erakundeen artean egindako jarraipen-bileran, Segurtasun Sailak jakinarazi zuen datu guztiak kontuan hartuta, azken astean zehar genero-indarkeriagatik jarritako salaketak erdira jaitsi direla azken bi urtetako datuekin alderatuta, gainerako atestatuen antzeko bilakaera jarraituz.  

Normalean azaleratzen ez diren ezkutuko kasuak identifikatzea zaila dela ahaztu gabe, hala ere, jaitsieraren balizko arrazoien artean, erasotzailearekin bizitzen ari diren bitartean emakumeek salatzeko izan ditzaketen zailtasunak eta beldurra izan daitezke arrazoietako bat. Honekin batera, hipotesi hau ere kontuan hartzen da: kontrol sozial handiagoa eta hurbiltasun handiagoa egotea auzokideak alboko etxeetan 24 ordutan daudela jakinda, gainera hiritarrak gai hauekiko gero eta kontzientziatuago dauden une hauetan. Landaidaren arabera, "funtsezkoa da gizarteak emakumeenganako indarkeriaren aurrean duen zaintza aktiboa mantentzea, are gehiago une honetan. Bakarrik ez daudela eta gutxieneko seinalearen aurrean laguntzeko prest gaudela sentitu behar dute". Horregatik, indarkeria-kasuren bat gertatzen ari dela uste izanez gero, herritarren laguntza beharrezkoa dela azpimarratzen da. Era berean, kontuan hartu behar da genero-indarkeriako kasu askotan erasotzailea biktimarekin bizi ez den bikotekide ohia dela, eta une honetan beste etxebizitza batean egongo litzatekela konfinatuta; hori ere izan liteke salaketen beherakada azaltzen duen faktoreetako bat.

Bestalde, Gizarte Politiken Sailak jakinarazi zuen 24 orduko telefono-deiak mantendu egin direla, nahiz eta informazio hutsezko eskaeren aurrean berehalako beharrei buruzkoak igo egin diren, bai eta bisita- eta kustodia-araubideei buruzko kontsultak ere. Datozen asteetan ikusiko da zein bilakaera izaten duten deiek.

Bildutako informazioaren arabera, aldundiek ematen dituzten zerbitzuak eta baliabideak alertaren eskakizunetara egokitu direla esan daiteke, baina oraingoz ez dute muturreko egoerarik antzeman, ezta aparteko eskaerarik ere.

Emakundek eta Eusko Jaurlaritzako sailek, aldi honetan, indartu egin dute biktimei, senideei edo profesionalei zuzendutako 24 orduko telefonoari buruzko informazioaren hedapena, bai eta 112 telefono-zenbakiari buruzkoa ere, larrialdi-kasuetarako; azken honek deskargatu daitekeen App bat du, entzuteko eta ikusteko zailtasunak dituzten pertsonentzat egokitua, eta geolokalizazioa ahalbidetzen duena.

Telefonoen zabalkunde masiboa egin da, eta jardunean dauden saltokiei languntza eskatu zaie informazio-kartel horiek beren lokaletan jartzeko.

 

KARTELA: DESKARGATU PDF | DESKARGATU JPG

 

Iruzkin bat
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @jamoral
    2020.eko martxoak 27

    Comentario de Twitter:
    Es llamativo que la violencia de género baje durante el confinamiento: https://t.co/t9krxMFK7h

Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)