Berriak Gobernantza Publikoa eta Autogobernua

Josu Erkoreka: "Aterako gara, inork ez du zalantzan jarri behar. Hala izan dadin ari gara lanean"

2020.eko martxoak 26

Eusko Jaurlaritzako bozeramaile eta Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburu Josu Erkorekari elkarrizketa egin diote Onda Vasca irratiko “Euskadi Hoy” saioan.

Gaur goizean Onda Vasca irratian egindako elkarrizketan, Josu Erkoreka Eusko Jaurlaritzako bozeramaileak azpimarratu du badirela krisitik aterako garen itxaropena izatea ahalbidetzen duten elementuak. "Aterako gara, inork ez du zalantzan jarri behar. Hala izan dadin ari gara lanean ", adierazi du.

Eusko Jaurlaritzako bozeramailearen esanetan, une honetan, "mundu guztia" lanean ari da positiboen gorakadarik handiena ahalik eta azkarren gerta dadin, hala, kutsatze kopuruaren jaitsiera hasteko. "Oraindik egunak falta direla dirudi, apirilean izan liteke, inor ez da ausartzen ziurtasunez iragartzen", zehaztu du.

Osasun-materialari dagokionez, Josu Erkoreka sailburuak adierazi du Espainiako Gobernuaren erosketa zentralizatuko mekanismoek ez dutela asebetetzen dagoen eskari handia, eta, horregatik, autonomia-erkidego guztiek bilatzen dituztela ekoizpen propioko materialak. Horren harira, azaldu du, Euskadin, adibidez, Lanbide Heziketako euskal zentroak 3Dko biserak inprimatzen ari direla. "Euskadin mundu guztia ari da ideiak sortzen eta bere baliabideak osasun-krisi honen zerbitzura jartzen", gaineratu du.

Bestalde, Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburuak azpimarratu du ekonomia deskonektatzeak zailtasun egoera ekarriko lukeela, batzuetan gaindiezina. "Hondamendia izan liteke, kontu hau saihestu beharko genuke eta jarduera mantentzearen alde egin, beti ere, langileentzako segurtasun eta osasun berme osoetan", gaineratu du. Gainera, administrazio publikoak aktibazio plan bat lantzen ari direla azaldu du, "Euskadi berrioro zutik jartzeko, Euskadi Zutik” ".

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
  • Josu Erkoreka Gervasio
    Gobernantza Publiko eta Autogobernuko sailburua eta Gobernuaren bozeramailea (XI legealdia)