Kontsumobideren gomendioak, on line merkataritzaren gorakadaren aurrean.
Konfinamendu-egoeraren ondorioz, gora egin du on line merkataritzak; hori dela eta, Kontsumobidek gogorarazi du une honetan ere oso kontuan hartu behar dugula erantzukizuna erosketak egitean. Komeni da hurbileko saltokien alde egitea, jasangarriagoa baita.
Edonola ere, erosketa elektronikoa egin nahi izanez gero, komeni da alderdi hauek aintzat hartzea:
- Gure inguruneko saltokiek ere on line edo urrutitik sal dezakete. Ahal den heinean, hobe da horiengana jotzea.
- Atzera egiteko epea 14 egunekoa izan ohi da, baina epe hori etenik dago, gobernuak ezarritako neurrien ondorioz.
- Alarma-egoera edo haren balizko luzapenak indarrean dauden bitartean, eten egingo dira erositako produktuak itzultzeko epeak.
- Alarma-egoeran egonik ere, enpresa saltzaileak lehenbailehen entregatu beharko ditu ondasunak, gehienez ere 30 eguneko epean. Beste epe batzuk hitzartu direnean izan ezik. Epe hori betetzen ez bada, erosleak epe gehigarria eman ahal izango du, eta, hori ere betetzen ez bada, kontratuan atzera egin ahal izango du.
- Kontratua baliogabetzen bada, enpresa saltzaileak justifikatu gabeko atzerapenik gabe itzuli beharko ditu zenbatekoak.
- Web-gune seguruak identifikatzen dira helbide-barraren ondoan itxitako giltzarrapo baten bidez, edo helbidea “https://” hasten delako. On Line Konfiantza gisako ziurtagiriak edo jardunbide onen beste ziurtagiri batzuk ere gomendatzen dira.
- Salmenta-guneak aldez aurretik eman beharko du atzera egiteko eskubideari, ordaintzeko moduei, prezioei, bidalketa-gastuei eta abarri buruzko informazioa.
- Jasotzean ordaintzea da ordainketa modurik seguruena; aukera hori ezean, PayPal gisako ordainketak hasteko pasabideak erabil daitezke.
- Europar Batasunaz kanpoko produktu oro arantzel-aitorpenaren mende egongo da, baldin eta 22 eurotik gorako balioa badu.
Nolanahi ere, aintzat hartu behar da on line merkataritzak trafiko-maila handia sortzen duela kaleetan (garraiolariak, banatzaileak, itzulketak, eta abar), eta, hartara, egungo egoeran gomendagarria dela behar-beharrezkoa soilik erostea, hau da, elikagaiak eta premia biziko ondasunak.
-
2020-03-27
Comentario de Twitter:
RT @Irekia: ℹ️ Recomendaciones de @Kontsumobide ante el repunte del comercio on line ➡︎ https://t.co/LUbixOPgMz https://t.co/0bx8V4OkSs