Berriak Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioak
Eu

Azalera-eskubideko etxebizitza babestuen jabeek lurzorua erosteko eskaera egin ahal izango dute ekainaren 1etik uztailaren 31ra arte (2011-05-17(e)ko Kointseiluan hartutako erabakia)

2011.eko maiatzak 17

Erabakia, azalera-eskubidean eraikita dauden babes ofizialeko hainbat etxebizitza hartzen duen lurzorua kostu bidez besterantzea baimentzen duena.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman du behin betiko kalifikazioa duten eta azalera-eskubideko erregimenean esleituta dauden babes ofizialeko etxebizitzen jabeek lurzorua eros dezaten.

Gaur onetsi den erabaki horren bitartez, azalera-eskubideko etxebizitzen jabeek etxebizitzen jabetza osoa eskuratu ahal izango dute; hori dela-eta, ez dituzte etxebizitzak galduko 75 urteren buruan, eta horrekin batera, etxebizitzaren balioa ez da urteak igaro ahala murriztuko.

Eskabideak aurkezteko epea 2011ko ekainaren 1etik uztailaren 30era artekoa izango da.

2010eko uztailaren 21ean, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak agindu bat eman zuen azalera-eskubideko etxebizitzetarako lurzorua erosteko, baldin eta etxebizitzak 2003ko urtarrilaren 1a baino lehenagokoak baziren, eta hortaz, behin-behineko kalifikazioa bazuten. Etxebizitza horien jabeek lurzorua erosteko aukera izan zuten, eta aldi berean, behin betiko kalifikazioa eskatu zuten. Halaber, etxebizitza horiek osatu zituzten jabeen erkidegoetan zeuden merkataritza-lokalen eta etxebizitzei ez atxikitako eranskinen jabeek aukera bera izan zuten.

Guztira 13.193 etxebizitza, merkataritza-lokal eta eranskinek parte har zezaketen eragiketan, eta 3.621 eskabide jaso ziren lurzorua erosteko. Horrek agerian utzi zuen jabeek jabetza osoa lortzeko zuten interesa.

Aurreratu zen bezala, Etxebizitza Sailak lehen fasearen ondoren, beste fase batzuk antolatzea aurreikusita zuen. Helburua behin betiko kalifikaziodun eta azalera-eskubidean eraikitako etxebizitzak ere lurzorua erosteko eskaintzaren barnean sartzea zen, sartzeko baldintza objektibo berberekin.

Bigarren fase horretan 6.803 etxebizitza, merkataritza-lokal eta eranskin sartu dira; eta haien jabeei jabetza osoa lortzeko aukera eman zaie.

Aurtengo prozedura eta 2010ekoa berdin-berdinak izango dira, alegia, Etxebizitza, Herri Lan eta Garraioetako sailburuak agindua emango du, eta bertan honako hauek zehaztuko dira: eskatzaileen diru-sarreren muga, egin beharreko izapideak, lurzoruaren balioespena eta lurzorua erosteko epeak.

Lurzoruaren balioa zehazteko, eraikinaren balio osoa kalkulatuko da, eta gero zenbateko horri %10 gehituko zaio, lurzoruaren eragin-balioa dela-eta. Ordaindu beharreko azken prezioa jabetza horizontalaren partaidetza-kuoten arabera esleituko da, eta kuotari BEZa gehituko zaio. Edonola ere, azken prezioa 10.000 eta 22.000 euro bitartean izango da etxebizitzako.

Aurreko fasean egin zen bezala, ordaintzeko erraztasunak emango zaizkie lurzorua erosi nahi dutenei: epe luzeko finantzazioa, interes-tasa txikia, eta eragiketaren eta izapidetzeko gastuen %100 eskatzeko aukera.

Kontuan hartu behar da, prezioen gaineko agindua 2010eko irailean onartu zenetik aurrera, etxebizitzen azalera-eskubidearen balioa murrizten joango dela denbora pasa ahala, eta etxebizitzak 75 urte betetzetik gertuago dauden heinean.

Aurten, Euskal Autonomia Erkidegoaren Aurrekontu Orokorrek onartu dute etxebizitza-mota horretako jabeek jabetza osoa eskura dezaten, baldin eta eragin-balioa aldez aurretik ordaintzen badute. Gobernuak alokairua bultzatzeko erabiliko ditu diru-sarrerak.

Prozesu horri ekiteko aukera Etxebizitzaren aldeko Itunean adostu ziren ekintzetako bat izan zen, eta Itun hori 79 erakunde sozialek eta ekonomikok sinatu dute dagoeneko.

Betekizunak

Babes ofizialeko etxebizitzaren titularkide guztien diru-sarrerak hartuko dira kontuan, eta Babes publikoko etxebizitzen araubide juridikoari eta lurzoruaren inguruko finantza-neurriei martxoaren 4ko 39/2008 Dekretuaren 20., 21., eta 23. artikuluetan ezarritakoarekin bat etorriz haztatuko dira diru-sarrerak.

Diru-sarreren mugak 2009ko zerga-ekitaldiari egokituko zaizkio, eta honako hauek izango dira:

a) Araubide bereziko babes ofizialeko etxebizitzak edo etxebizitza sozialak badira: 25.000 euro

b) Araubide orokorreko babes ofizialeko etxebizitzak badira: 39.000 euro

Prozedura

Lurzorua erosteko interesdunek Etxebizitzako lurralde ordezkariari zuzendu beharko diote eskabidea, dagokion dokumentazioarekin batera. Eskabidea horretarako egokitu diren erregistro publiko guztietan erregistratu ahal izango dute.

Babes ofizialeko jabeek lurzorua erosteko finantzazio kualifikatua lortu nahi badute, eskabide-orriko atal egokian adierazi beharko dute.

Etxebizitzako Lurralde Ordezkaritzak honako hauek jakinaraziko dizkio eskatzaileari: eragiketaren azken prezioa, dagokion BEZa barne, bai eta ordaintzeko modua eta epea ere. Ordaintzeko epeak gehienez hilabetekoa izan behar du.

Interesdunak finantza-neurriak eskatu baditu, azken prezioarekin batera jakinaraziko diote neurri horiek emateko edo ukatzeko ebazpena.

Izapide guztiak amaitutakoan, Etxebizitzako lurralde ordezkariak erosteko eskabidearen onartzeko ebazpena emango du. Ebazpenean eskualdatzea formalizatu eta erregistratu ahal izateko datu guztiak jasoko dira, eta interesdunei eskritura publikoa egiteko deituko die.

Erosleen kontura izango dira eskualdatzeak eragindako eskritura-, erregistro-, eta zerga-gastu guztiak.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan