Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak

Gazteen Euskal Behatokiak jakin nahi du gazteak nola bizitzen ari diren koronabirusak eragindako konfinamendu-egoera

2020.eko martxoak 20
  • #EsanNolaDaramazun online inkesta Euskadiko 15-34 urteko gazteei zuzenduta dago
  • Aurrera Begira 2019 azterlanaren arabera, bizitzan garrantzirik handiena ematen dioten alderdia osasuna da, familiaren, lagunen eta lanaren gainetik

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 20a

Gazteen Euskal Behatokiak jakin nahi du gazteak nola bizitzen ari diren koronabirusak eragindako konfinamendu-egoera. Gazteak eskolarik gabe geratu dira, edota aldaketa handiak izan dituzte beren lanean eta beren ohituretan.

Edonorentzat ezinbestekoa den gizarte-harremana are ezinbestekoagoa da gazteentzat. Horregatik, Gazteen Euskal Behatokiak jakin nahi du gazteak egoera honetara nola egokitzen ari diren.

Are gehiago Aurrera Begira 2019 azterlanaren arabera gazteentzat bizitzako alderdirik garrantzitsuena osasuna dela (familiaren aurretik) kontuan hartuta. Gazteentzat, osasuna, familia eta lagunak dira (ordena horretan) alderdirik garrantzitsuenak eta gogobetetzerik handiena ematen dietenak 2013. urteaz geroztik (hau da, lehen Aurrera Begira azterlana argitaratu zenez geroztik).

#EsanNolaDaramazun online inkestaren bidez, Euskadin koronabirusaren lehen kasuak erregistratu zirenean 15-34 urteko gazteak non zeuden eta orain non dauden jakin nahi da, zer neurritan itzuli diren edota beste probintzia batzuetan edo atzerrian jarraitzen duten jakiteko.

Enplegua

Egoerak kontuan hartuta, galdera espezifikoak daude ikasten ari direnentzat, lan egiten dutenentzat edo langabezia-egoeran daudenentzat. Ikasten ari direnek eskolak jasotzeko zailtasunekin egin beharko diote aurre ikasturtearen amaierari, lan egiten duten gazte batzuek beharbada presentzialki edo telelanaren bidez jarraituko dute lanean, eta beste batzuek, berriz, lanaren aldi baterako edo behin betiko etetea jasango dute.

Aurrera Begira 2019 txostenaren arabera, langabezian dauden gazteen % 92k urtebeteko epean lana aurkitzea espero zuten, eta beren prestakuntzarekin bat datorren lan bat aurkitzeko itxaropena zuten gazte ikasleak % 74 ziren.

Inkestan, ohitura-aldaketei buruz ez ezik, sentitzen ari garen emozio positibo eta negatiboei buruz ere galdetu nahi izan dugu.

Halaber, beste gai batzuk jaso dira, hala nola gobernuek hartutako neurriei buruzko iritzia, prebentzio-neurrien betetzea eta jarrera kritikoa buloen aurrean.

Inkesta euskaraz eta gaztelaniaz dago eskuragarri, eta sare sozialen eta WhatsApp bidez biral bihurtzea lortu nahi da. Halaber, Gazteen Euskal Behatokiaren webgunearen eta Gazteaukera atariaren bitartez eskura daiteke.

Enplegu eta Gazteriako sailburuorde Marcos Murok dei egin die gazteei online inkesta horretan parte har dezaten, “osasun-krisi honek beren eguneroko bizitzan nolako eragina duen zuzenean jakiteko. Zuzenean jakin nahi dugu zer pentsatzen duten”, adierazi du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)