Berriak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismoa
Eu

Industria Sailak enpresa inbertsio bat bultzatu du Andoinen

2011.eko maiatzak 17

Xabier Garmendia sailburuordeak eta Estanis Amutxastegi alkateak gaur bisitatu dituzte Inquitexen CERMko instalakuntzak.

Eusko Jaurlaritzak kogenerazio enpresaren %18,5 erosi du (milioi 1 euro) EEE erakundearen bitartez eta beste 1,1 milioi jarriko ditu Gauzatu programaren bidez

Eusko Jaurlaritzako Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak laguntasuna eman du Energiaren Euskal Elkartearen (EEE) bidez, "Inquitex" enpresak 4 milioi euroko kostua duen Pet (polietilenoaren deribatuen izendapena) plastikozko botilak birziklatzeko fabrika berri bat abiaraz dezan Andoainen.

 Bazkide aleman batek inbertitu du proiektuan eta Eusko Jaurlaritzako Gauzatu programaren laguntza ere jaso du, zeinak 1,1 milioi euroko mailegu itzulgarria agindu baitio. Xabier Garmendia, Industria eta Energia sailburuordeak eta Estanis Amutxastegi, Andoaingo alkateak gaur bisitatu dituzte enpresako instalakuntzak.

Zentzu horretan, Garmendiak bisita honetan baieztatu du "Eusko Jaurlaritza enpresa guztiei laguntzen ari dela, eta "Inquitex" da horren adibide argia. Beste adibide bat jartzearren, Resiste estrategiak, hots, Eusko Jaurlaritzak finantza berregituraketarako sortutako programa globalak 35.500 lanpostu baino gehiago salbatu ditu 621 sozietate biltzen dituzten 75 enpresa taldetan".

Izan ere, Eusko Jaurlaritzak abiarazitako operazio honi esker, Cogeneración, Energías Renovables y Medioambiente (CERM) enpresako akzio guztien jabe den "Inquitex" enpresak aurre egin ahal izan dio Pet botilak garbitzeko fabrikaren inbertsioari. Inquitex-ek sozietate independente modura hasiko du proiektu hori eta kostuak optimizatzeko eta hobeto kontrolatzeko balioko dio.

Bestalde, EEE taldeak CERM enpresako partaidetzen portzentaje bat erosi du milioi bat eurotan. Zehazki enpresako kapitalaren %18,5a erosi du eta horrela posible egin du Inquitex sozietatearen proposamena, erosketa horren diruarekin finantzatuko baitu aipatu fabrika berria. 

 2,1 milioiko ekarpena egingo da funts propioen bidez; horietatik 1,5 Inquitex-ek jarriko ditu eta 600.000 enpresako bazkideek.

Kreditu parte-hartzaileak 

Azken urte eta erdian, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 56.6 milioi euroko funtsak eman dizkie enpresei, hots, aurreko zazpi urte eta erdian eman zuena (52.5 milioi) baino gehiago. Ekarpen horiek gehienbat kreditu parte-hartzaileen (merkataritzaren ondorioetarako funts propioak direnak, administrazioari itzuli beharrekoak) bidez egin dira eta baita ere arrisku kapitaleko funts publikoekin. Hala, azpimarragarria da zifrak nabarmen hazi direla, krisian gauden arren eta enpresentzako kredituak murriztu diren arren.

Eragiketa horiekin hogei bat enpresari lagundu zaie 2009ko ekainetik 2010aren amaierara arte, eta ekintza horiek guztiak Industria Sailak legealdi honetan sortu duen Resiste Planean integratzen dira "gutxiagorekin gehiago egin" lelopean. Laguntza horiek garrantzitsuak dira, sozietateek eta proiektuek dituzten funts iturri eskasenetakoa bihurtu baitira.

Ekarpenak SPRI sozietate publikoaren bitartez egin dira, zeinak Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Saileko aurrekontuaren %80 kudeatzen baitu (ia 400 milioi euro aurten). Batetik, SPRIk krisiak jotako enpresentzako laguntzak bideratzen ditu eta, bestetik, garatzen laguntzen die euskal konpainiei Compite eta Lidera planen bidez. Bi plan horiek pizgarriak ematen dituzte teknologia, berrikuntza, ekintzailetza eta nazioartekotze arloetan inbertitzeko.

Arrisku Kapitaleko Sozietatearen helburua da finantza baliabide publiko eta pribatuak atzematea, kudeatzea eta administratzea, gero aldi baterako inbertsio minoritarioak egiteko finantzazkoak ez diren eta etorkizunari begira kotizatzen ez duten enpresetan. 

56.6 milioi baino gehiagoko kreditu parte-hartzaileez gain, Industria Sailak hiru milioi baino gehiago eman ditu finantza berregituraketetarako SPRI sozietate publikoaren bidez eta laguntza horiek 50 enpresa ingururi iritsi zaizkie. Bestalde, Industria, Berrikuntza, Merkataritza eta Turismo Sailak 200 milioi baino gehiago esleitu ditu txoke-abalen planerako, eta hamabost bat konpainiak jaso dituzte 200 milioi horiek.

Hiru ekarpen horiekin, 35.500 lagun enplegatzen dituzten 600 sozietate baino gehiagoz osatutako 75 Talderi lagundu zaie krisiari "eusten". Sozietate horiek 8.500 milioi euro fakturatzen dituzte eta ia 4.000 milioi euroko banku-pasiboak dituzte. Argi geratu da ekimen horien eragin biderkatzailea eta eragin horrek arrakasta izan duela, une honetan talde horietatik lau baino ez baitaude konkurtso egoeran.

Vitoria-Gasteiz, 2011ko maiatzaren 17a

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Beste gonbidatu batzuk
  • Xabier Garmendia sailburuordeak eta Estanis Amutxastegi alkateak