Eu

Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak eta merkataritza-sektoreak segurtatu egiten dute elikagaien hornikuntza eta dei egiten dute ganoraz eta arduraz kontsumitzera

2020.eko martxoak 16

Ikusita asteburuan nolako jokaerak izan ziren merkataritza-zentro eta elikagaien saltoki batzuetan, gogoeta gabe kontsumituz eta produktuak metatuz, dei egiten dugu, bai Eusko Jaurlaritzako Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Sailak, bai Euskal Autonomia Erkidegoko merkaturatze- eta banaketa-enpresek, lasai egotera eta normaltasunez jokatzera. Elikagaien eta premiazko produktuen hornikuntza bermatuta dago EAEn gizarte osoarentzat.

 

COVID-19k eragindako osasun-krisia eta Errege Dekretuak hartutako neurriak direla eta, erantzukizun kolektiboz jokatu behar dugu, orain inoiz baino gehiago; arduraz kontsumitu behar dugu, eta elikagaien salmenta-puntuetan Errege Dekretuaren jarraibideak zehaztutako gizarte-jokaera izan, produktuak erosiz bakarrik unean uneko beharrizan errealen arabera.

 

Eskatzen dugu ere Euskadiko herritarrek sektoreko profesionalei errespetua izan eta laguntza emateko, eta bihoakie gure esker ona gure etxeetara produktua heltzeko hornikuntza- eta salmenta-kate osoan lan bikain eta eredugarria egiten ari diren pertsona langile guztiei. Pertsona kontsumitzailearen zeregina da gizalegez jokatuz lan hori erraztea eta dekretuak zein osasuneko larrialdi-egoerak agintzen duten higiene eta pertsonen artean tartea uzteko arauak betetzea.

 

Halaber, ezin bestekoa da elikagaiak manipulatzeari buruzko araua betetzea, beti babeserako eskularruak erabiliz eta, ahal den guztietan, kreditu-txartelaz ordainduz.  

 

Une hauetan, elikagaien saltokiak, banaketa eta horietako pertsona langile guztiak onura publikorako ari dira lanean, eta eskertu behar zaie, pertsona kontsumitzaileek hori errespetatu behar dute; beraz, babesa emango zaio lan horri eta, gizalegez kontrako jokaerak gertatuko balira, dagozkion zigorrak ezarriko dira indarrean den salbuespeneko legediaren arabera. Guztion zeregina da arduraz kontsumitu eta, hartara, segurtatzea ez dela, gogoeta faltaz erosteagatik, nahi gabeko kontsumo-puntarik gertatzen eta ez dela gehiegi erosten, elikagaiak xahutu ez daitezen.  

 

Bestalde, gure Saila etengabe dabil harremanetan bere sektorearekin, haiei une zail hauetan gure babes osoa helarazteko. Haien eskueran informazio hauxe jarri dugu: merkataritza eta ostalaritzarako Errege Dekretuaren neurriak, laguntzen bilduma eta egoera horren aurrean babesa eman diezaiekeen guztia.  Informazio hori gure elkarte, plataforma eta federazioen bitartez helduko zaie, baina Irekian eta Euskadi.eus-en ere kontsulta dezakete Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saileko ataletan.

Turismo, Merkataritza eta Kontsumo Saila Ogasun eta Ekonomia Sailarekin koordinatuta ari da lanean koiuntura honek sor ditzakeen ondorio ekonomikoak arintzen laguntzeko, funts eta laguntza bereziak gaitzen dituen programa bat diseinatuz.

Covid19ri buruzko sektorearentzako informazioa:

Turismoa:

secretaria.turismo@euskadi.eus

 

Merkataritza:

dico@euskadi.eus

Iruzkin bat
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @PSEBizkaia
    2020.eko apirilak 01

    Comentario de Twitter:
    RT @DptoTurComCon: Para una #CompraResponsable todos los pasos son importantes. Repásalos ℹ️👉https://t.co/HOyBMDoPQx #QuédateEnCasa #Consum…