Berriak Ekonomia eta Ogasuna
Eu

EAEko 2007-2013rako EGEF Programa Eragileak (EAEPO) bulkada handia izan zuen 2010ean, 100 milioi euro baino gehiago ziurtatu zirela inbertsioetan.

2011.eko maiatzak 16

 Egin diren inbertsio gehienak Eusko Jaurlaritzarenak dira, eta % 70 baino gehiago I+G+i programak eta enpresen nazioartekotzea sendotzeko erabili da. 

- EAEko programa eragileak 500 milioi euroko inbertsioa azaltzen du, eta gutxi gorabehera erdia Europar Batasuneko funtsak dira. Gainera, funts horiekin 1.000 milioi euroko inbertsio pribatu gehigarria ere eragin ahal izango dela espero da. 

- EAEko herritarren % 85en iritziz, positiboa da Europako Kohesio Politikak EAEn duen eragina, gaur bertan Bilbon egin den EAEPEren Jarraipen Batzordearen urteko batzarrean egin den inkestaren arabera.

Euskal Autonomia Erkidegoko 2007-2013rako EGEF Programa Eragilearen Jarraipen Batzordea dela eta, Europako Batzordeko, Eusko Jaurlaritzako, Espainiako Gobernuko eta EAEn Eskualde Garapeneko Europako Funtsak babestutako jarduerak egiten dituzten beste erakunde batzuetako ordezkariak bildu dira gaur Bilbon. 

Batzordeak ontzat eman du 2010eko ekitaldiko txostena, aurreikusi zen programaren % 94 gauzatu dela dioela. 

Iaz ziurtatutako inbertsioen zenbatekoa 103 milioi eurokoa izan zen. Beraz, programa hasi zenetik 140 milioi eurokoa da zenbatekoa guztira. Bertatik 97 Eusko Jaurlaritzari dagozkio, eta gainerakoak Estatuko Administrazioari, eta Euskal Autonomia Erkidegoko aldundiei eta udalei. 

2007-2013 aldi osoa kontuan hartuta, 500 milioi euroko inbertsio-plana aurreikusi da EAEko enplegua eta lehiakortasuna bultzatzeko, bai eta Europar Batasunean aurreratuen dauden eskualdeekin teknologia eta gizarte alorretan bateratzeko ere. 

EGEFen finantza-konpromisoaren barruan, programa eragilea da atalik garrantzitsuena, 240 milioi euroko baliabideak baititu erkidegoko ekarpenetan. Horri, gainera, Funts Teknologikoaren Espainiako programan azaldutako beste 31 milioi euro gehitu behar zaizkio. 

Programa eragileko funts gehienak, % 70 baino gehiago, I+G+i inbertsioak sendotzeko erabiltzen dira, eta 1. ardatza izenekoaren barruan daude, hau da: "Jakintzaren ekonomia, berrikuntza eta enpresa-garapena". Jarduerak, batez ere, ETEek teknologia- eta antolaketa-berrikuntzaren arloan dituzten beharrizanei erantzuteko diseinatu dira, bai eta nazioartekotzea bultzatzeko ere. 

Plan eragilearen inbertsio-planak honako banaketa hau aurreikusten du 2007-2013 aldirako:

  

- Eusko Jaurlaritza.....................................................    274

- Estatuko Administrazioa............................................   115

 - Toki-administrazioak (aldundiak eta udalak)......................   111

 

Guztira: 500 milioi euroInbertsio horiekin 1.000 milioi euro inguruko inbertsio pribatu gehigarria eragin nahi da.

 

2010eko ekitaldiaren amaieran, eragindako inbertsio pribatua dagoeneko 420 milioi euro baino gehiagokoa dela kalkulatu da, eta I+G+i inbertsioak eta enpresen nazioartekotzea laguntzeko Eusko Jaurlaritzak bultzatutako jardueren ondorio dira. 

Eusko Jaurlaritzak garatutako jardueren artean produktu berriak sustatu eta garatzeko GAITEK programa nabarmendu behar da. 2010. urtean 680 enpresak jaso zituzten bere onurak, 39,5 milioi euroko laguntzak eman baitziren, 325 milioi euroko eragindako inbertsioa egiten laguntzeko. 

Halaber, Eusko Jaurlaritzaren NETS programak 5 milioi euroko laguntza eman zuen oinarri zientifiko eta teknologikoko enpresa berriei laguntzeko, 25 milioi euroko inbertsioa egin zutela guztira. 

Bestalde, Europar Batasunak konpromisoa hartu du 152 milioi euroko ekarpena egiteko Europako Gizarte Funtsetik eta, ondorioz, 423 milioi eurokoa izango da erkidegoaren ekarpena 2007-2013 aldirako. Europako Gizarte Funtsaren konpromisoak Eusko Jaurlaritzaren programaren bitartez (61 milioi euro) eta Espainia guztiko programen bitartez (91 milioi euro erabiliko dira Euskadirako) gauzatuko dira. 

EGEF funtsez gain, arrantza-sektorerako eta landa-garapenerako laguntzak ere (AEF eta LGENF) jasotzen ditu Euskal Autonomia Erkidegoak, beste 135 milioi euro inguru. 

Gaur arte, 4.000 milioi euro baino gehiagokoa izan dira Europar Batasunak Euskal Autonomia Erkidegoari emandako laguntzen zenbatekoa. Espainia Europar Batasunean sartu zenetik, egitura-funtsek zein kohesio-funtsek ekonomia garatzen, narriatutako guneak berreskuratzen eta EAEko azpiegitura ospetsuetako asko eraikitzen lagundu dute. (Bilboko metroa, N1 errepidea banatzea Etxegaraten, Gasteizko katedrala zaharberritzea, Nerbioko Saneamendu Plan Integrala, Bilboko Portua zabaltzea, etab.).

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Beste gonbidatu batzuk
  • Koldo Hualde