Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika
Eu

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sarbidea erraztuko die herritar guztiei eLiburutegia erabili ahal dezaten, Estatuko liburutegi digitalik handiena eskura jarriz

2020.eko martxoak 16
  • Eskatzen duen orok pasahitza jasoko du liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoaren bidez
  • Azken egunotan maileguen hazkunde nabarmena igarri da eLiburutegian: maileguak bikoiztu egin dira.

 

Gasteiz, 2020/02/16       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa herritar guztien eskura jarri du, eLiburutegira hurbil daitezen. Batetik, eLiburutegian sartzeko pasahitzik ez duten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkideek helbide horren bidez eskatu ahal izango dute; bestetik, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide ez direnek aukera izango dute helbide horren bidez bazkide egiteko eta, ondorioz, eLiburutegian sartzeko. Azken egunetan, eLiburutegiko maileguen gorakada nabarmena ikusi da: maileguak bikoiztu egin dira. 

COVID 19ren hedapenak sortutako egoera kontuan hartuta, eta Euskadiko liburutegi publikoek aurrez aurreko zerbitzuak eten dituztenez, Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak gogorarazten du Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareak zerbitzu digitalak eskaintzen dituela, liburu digitalak mailegatuz edo Internet bidez filmak eta dokumentalak ikusteko aukera eskainiz, eLiburutegiaren bidez.

Hala, eliburutegia.euskadi.eus helbidean sartuta, Euskadiko Irakurketa Publikoko sareko liburutegietako bazkideek 20.000 liburu digital eta 15.000 film baino gehiagoko katalogo bat izango dute eskura. Liburuak ordenagailu, tablet zein eBook bidez irakur daitezke.

Liburutegi digital honetan sartzeko, Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko bazkide izatea besterik ez da behar, eta nahikoa da liburutegiko gainerako zerbitzuetara sartzeko erabiltzen diren ohiko datuak sartzearekin (bazkide-zenbakia eta pasahitza, hau da, erabiltzaileek bazkide egitean jasotzen dituzten datuak). Hala ere, pertsona askok pasahitza ez dutela jakinda, Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak liburutegi-zerbitzua@euskadi.eus helbide elektronikoa gaitu du aldi baterako, herritar guztiei eLiburutegian sartzea errazteko. Horrela, eLiburutegira sartzeko gakoa ez duten Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko erabiltzaileek helbide horretan eskatu ahal izango dute. Era berean, Irakurketa Sare Publikoko bazkide ez direnek bazkide egiteko aukera izango dute, liburutegiko txartela eta eLiburutegian sartzeko pasahitza eskuratuz.

Helbide elektroniko horrek aldi baterako eskainiko du aukera hori, egoera normalizatu arte. Hortik aurrera, eLiburutegian sartzeko pasahitza lortu nahi duenak edo Euskadiko Irakurketa Publikoko Sareko liburutegiren bateko bazkide egin nahi duenak liburutegietan bertan egin beharko du, orain arte bezala

Eusko Jaurlaritzako Liburutegi Zerbitzuak 2004an sortu zuen Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarea, Euskadiko liburutegi publiko guztiak bildu eta zerbitzuak hobetzeko sinergiak sortzeko asmoz. Sarearen oinarria udal-titulartasuneko liburutegiak dira, baina udalarenak ez diren beste liburutegi batzuek ere osatzen dute (Eusko Jaurlaritza, Euskadiko Artxibo Historikoa, HABE, Lazkaoko Beneditarren Artxiboa, Zarauzko Photomuseuma, Arabako Foru Aldundiaren mendeko liburutegiak...). Sareak 1.036.217 erabiltzaile ditu, eta funtsen artean (6.000.000 baino gehiago) 1.200.000 titulu inguru daude. 2019an, 2.744.200 mailegu baino gehiago egin ziren Euskadiko Irakurketa Publikoko Sarean dauden liburutegien bidez, eta 120.000 liburutegi-arteko mailegu-bidalketa baino gehiago egin ziren  (Irakurketa Sareari esker, liburutegi batek ez badu erabiltzaileek eskatutako tituluren bat, Sareko beste liburutegi bati eskatzen dio).

Bestalde, eLiburutegia Estatuko liburutegi digitalik handiena da, eta formatu ezberdinetan 20.000 liburu digital inguru eskaintzen ditu. 2014ko azaroan jarri zen martxan, eta urtez urte hazten jarraitzen du. 2019an 68.981 mailegu egin ziren eta une honetan 43.000 erabiltzaile ditu.

Herritar bakoitzak hilean lau liburu irakurtzeko eta astero bi film ikusteko aukera du eLiburutegian. Honako helbide honetan azaltzen da nola deskargatu eduki digitalak gailu elektronikoetan: www.eliburutegia.euskadi.eus/descarga-en-epub

Gainera, eLiburutegia sare sozialen bidez jarrai daiteke eta zalantzak argitu daitezke, bai twitter bidez (@elibututegia_), bai facebook bidez (www.facebook.com/eliburutegiak /).

4 iruzkin
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
  • @VicinayTeam
    2020.eko martxoak 17

    Comentario de Twitter:
    RT @AytodeBalmaseda: https://t.co/wqEsBfRpQO El Departamento de Cultura y Política Lingüística del Gobierno Vasco facilita el acceso a la b…

  • @Gaztebox
    2020.eko martxoak 17

    Comentario de Twitter:
    IRAKURTZEKO ETA PELIKULAK IKUSTEKO MOMENTURIK EGOKIENA:
    https://t.co/9wtuZ44i18
    MOMENTO ADECUADO PARA LEER Y VER PE… https://t.co/qEREbGImvO

  • @AytodeBalmaseda
    2020.eko martxoak 17

    Comentario de Twitter:
    https://t.co/wqEsBfRpQO El Departamento de Cultura y Política Lingüística del Gobierno Vasco facilita el acceso a l… https://t.co/svr0t8xsNV

  • @eLiburutegia_
    2020.eko martxoak 16

    Comentario de Twitter:
    @Manolo95149849 @ZupiriaB ¿esto? https://t.co/zoIr9GmrvW

Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)