Berriak Enplegu eta Gizarte Gaiak
Eu

Bazterkeriaren aurka lan egiten duten elkarteekin duen lankidetza indartu egin du Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak

2011.eko maiatzak 17

 Enplegu eta Gizarte Gaietako Sailak indartu egin du Euskadin gizarte‑bazterkeriaren aurka lan egiten duten elkarteekin duen lankidetza. Horretarako, lankidetza-hitzarmenak sinatu ditu erakunde horietako seirekin. Hitzarmen horiek hainbat entitate biltzen dituzten sare eta federazioekin sinatu dira, "hirugarren sektorea" deiturikoa sustatzea helburu hartuta. Definizio horretan sartzen dira gizarte-bazterkeriaren aurka lan egiteko, familien eta etorkinen eskubideak babesteko, zein desgaitasunak dituzten pertsonen aldeko ekintzak garatzeko boluntariotza eta herritarren partaidetza sustatzen duten erakunde guztiak.

Fernando Fantova Gizarte Gaietako sailburuordeak baieztatu duenez, era horretako hitzarmenek sailaren "ildo estrategiko bat" osatzen dute, hirugarren sektoreko sare eta federazioei laguntzeko. "Helburua zera da: prebentzio‑jarduerak sustatzea eta bereziki zaurgarriak diren giza taldeen eskubideak plazaratu eta babestea".

Horrez gain, hitzarmen horiei esker hirugarren sektoreko sareak eta federazioak erreferentziako solaskide bihurtzen politika publikoak planifikatzerakoan, besteak beste boluntariotzaren, gizarte-ongizate eta -zerbitzuen, immigrazioaren eta gizarte-bazterkeriaren aurkako borrokaren alorretan.

Sei hitzarmen horien bidez, guztira, 355.000 euro banatuko dira, modu honetan:

  • Elkartean - Euskal Autonomia Erkidegoko Urritu Fisikoen Konfederazio Koordinatzailea (65.000 euro)
  • Harresiak Apurtuz - Etorkinei Laguntza emateko Gobernuz Kanpoko Euskadiko Erakundeen Koordinakundea (80.000 euro).
  • Gizatea - Euskal Autonomia Erkidegoko Laneratze Enpresen Elkartea (60.000 euro).
  • EAPN Euskadi - Pobreziaren eta Bazterkeriaren aurkako Europako Sarea (35.000 euro).
  • FEVAS - Adimen Ezintasuna dutenen aldeko Elkarteetako Euskal Federazioa (80.000 euro).
  • HIREKIN - Euskadiko ekimen eta esku-hartze sozialeko erakundeen Elkartea (35.000 euro).

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)