Eu

Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak 311 kontrol egin zituen iaz, eta 8 zehapen-espediente ireki zituen debekatutako substantziak erabiltzeagatik

2020.eko martxoak 12
  • Eusko Jaurlaritzak azaldu du aurkako 10 emaitza izan zirela, baina 2 kasutan kirolariak bazuela atzemandako substantziak erabiltzeko baimena (terbutalina, asmadun pertsonetan ohikoa).
  • Agentziak inoizko kontrol kopuru handiena egin zuen 2019an, eta lehendabiziko aldiz probak egin zituen animaliekin, kasu honetan, idi-probatan.
  • Kontrolak 21 kirol-modalitatetan egin ziren; eta diziplina hauexetan atzeman ziren kontrako 8 emaitzak: txirrindularitza (2), halterofilia, fisio-kulturismoa (2), errepideko atletismoa eta idi-probak (2).

Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak Dopinaren Aurkako Euskal Agenztiaren 2019ko jarduera-txostena aurkeztu du, gaur goizean, Bilbon. Dopinaren kontra borrokatzeko Eusko Jaurlaritzaren mendeko erakunde honek 313 kontrol egin zituen iaz, laginak biltzeko 76 misio ezberdinetan, bere inoizko kontrol kopururik handienera ailegatuz. Kontrolak 21 kirol-modalitatetan egin ziren, eta aipatu behar da arraunean (79 kontrol), errepideko txirrindularitzan (52) eta atletismoan (32) egindako ahalegina. Guztira, aurkako emaitzen ondorioz,  8 zehapen-espediente ireki ziren dopina hartzeagatik; beste bi kontrako emaitza ere jaso ziren, baina kasu horretan kirolari biek baimena zuten debekatutako substantziak erabiltzeko (bi kasuetan ere terbutalina zuten, asmadunen kasuan ohikoa dena).

“Iaz, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren 2018ko jarduera-txostena aurkeztean, Eusko Jaurlaritzako Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren Zuzendaritzak dopinaren kontrako borrokan duen konpromisoa nabarmendu genuen. Orain, gaur aurkezten dugun txostenak agerian uzten du Agentzia inoizko kontrol kopuru handiena egin duela eta erakusten du zer-nolako lana egiten ari den. Euskal Agentzia kontrol  gehiago egiten ari da estatu askotako agentzia nazionalek baino. Helburua da urteko 300 kontrol inguru egiteko joera horretan jarraitzea”,  adierazi du Jon Redondo Jarduera Fisikoaren eta Kirolaren zuzendariak, aldamenean izan duela Josu Ayo, Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren arduraduna.

Eusko Legebiltzarrak Dopinaren Aurkako Legea eguneratzea onartu zuen 2018an. Bertan zehazten da Euskadin Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak duela dopinaren aurkako borrokaren eskumena (Estatuan bakarrik dago antzeko beste agentzia bat, Estatu mailakoa). Lege berriak, halaber, araudia dopinaren aurkako Munduko Kodera egokitu zuen, eta zigorrak gogortu zituen.

Hala, 2019an egindako ahaleginak sendotu egin du Dopinaren Aurkako Euskal Agentziaren aldeko apustu hori, dopinaren aurkako borrokan erakunde erreferente gisa; gainera,  prestakuntza- eta aholkularitza-lan garrantzitsua egiten ari da. Joan den 2019an aurreko urtean baino 18 kontrol gehiago egin zituen (293, 2018an), eta 19 gehiago 2017an baino (orduan 292 egin ziren), eta 2016an baino 134 kontrol gehiago (177). Iaz egindako 311 kontroletatik, 7 animalietan egin ziren.

Kontrolak 76 misio desberdinetan egin ziren, eta 21 modalitatetan guztira; datu horiek ere aurreko urteetakoak gainditzen dituzte. “Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak inoiz ez zuen egin hainbeste kontrolik edo misiorik. Gainera, gero eta kirol-modalitate gehiagotara heldu gara”, adierazi du Jon Redondok.  

Kontrol gehien modalitate hauexetan egin da: arraunketa (79), errepideko txirrindularitza (52) eta errepideko atletismoa (32). Ikusi taula.                              

Kontrolen % 79 gizonei egin zitzaizkien eta, aldiz, % 21 emakumeei (iaz baino zazpi puntu gehiago; 2018an, kontrolen % 14 egin zitzaizkien emakumezko kirolariei). Halaber, kasuen % 81etan, autonomia-erkidegoko ekintzetan egin ziren kontrolak; % 12tan, berriz, nazioarteko probetan; azkenik, % 7tan, estatuko probetan.

Espedienteak

Iaz egindako 311 kontroletan aurkako 10 emaitza analitiko atera ziren, alegia, 10 kasutan atzeman ziren debekatutako substantziak analisietan (2019an, 11 aldiz). Hala ere, lagin horietako bitan, kirolariek AUT zuten (Terapian Erabiltzeko Baimena). Bi kasuetan, terbutalina zen atzemandako substantzia debekatua (ohikoa asmadun pertsonetan), baina bazuten horretarako baimena.  Beraz, aurkako 8 emaitza edo positibo atera zirela esan daiteke: aurreko urtean baino bat gehiago. Gainera, beste 12 emaitza atipiko gertatu ziren: ezohiko esteroide-profila atzeman zen (normalaz gaineko testosterona/epitestosterona tasa), baina ez zen atzeman debekatutako substantziarik testeko menuetan.

Aurkako 8 emaitzak kirol hauexetan gertatu ziren: txirrindularitza (aurkako 2), halterofilia, fisio-kulturismoa (2), errepideko atletismoa eta idi-probak (2). Kasu guztietan, dagozkion zehapen-espedienteei eman zaie hasiera, eta emaitzak kirolariei jakinarazi zaizkie. Espedienteetako sei itxita daude dagoeneko; aldiz, beste bi ebazteko bidean dira.

1-2019 espedientea.

EPO edo eritropoietinako positiboa da, debekatutako substantzietan zerrendatutako substantzia, S2 Multzoa Hormona Peptidikoetan sailkatua. Espediente bat ireki zen, eta kirolariari zigorra ezarri. Zigorra gainerako kirol-erakundeei helarazi zitzaien.

2-2019 espedientea.

Oraingoan ere, EPO edo eritropoietinako positiboa da, debekatutako substantzietan zerrendatutako substantzia, S2 Multzoa Hormona Peptidikoetan sailkatua. Dopinaren Aurkako Euskal Agentziak espediente bat ireki zuen, eta kirolariari zigorra ezarri. Zigorra gainerako kirol-erakundeei helarazi zitzaien.

3-2019 espedientea.

Canabisko aurkako emaitza, debekatutako substantzien zerrendan dagoen substantzia, S8 Multzoa Kannabinoideetan. Espediente bat ireki zen, eta kirolariari zigorra ezarri. Zigorra gainerako kirol-erakundeei helarazi zitzaien.

4-2019 espedientea.

Kasu honetan, substantzia esteroide anabolizatzaile androgeniko askoren positiboa da, debekatutako substantzietan sailkatuak, S1 Multzoa Eragile Anabolizatzaileak. Zehazki, positiboa hiru substantzia anabolizatzailerengatik atera zen: norandrosterona, noretiokolanolona eta klenbuterola. Espediente bat ireki zen, eta kirolariari zigorra ezarri. Zigorra gainerako kirol-erakundeei helarazi zitzaien.

5-2019 espedientea.

Debekatuen artean sailkatutako hiru substantziatan eman zuen positiboa, multzo desberdinetakoak. Kasu honetan, substantzia hauexek dira: klenbuterola, S1 Eragile Anabolizatzaileetan; diuretikoak (furosemida eta bumetanida), S5 Multzoa Diuretiko eta Maskaratzaileetan; eta tamoxifenoa, S4 Multzoa Hormona Modulatzaileetan. Espediente bat ireki zen, eta kirolariari zigorra ezarri. Zigorra gainerako kirol-erakundeei helarazi zitzaien.

6-2019 espedientea.

CERAko positiboa (eritropoiesiari eragiten dioten eragileak), debekatutako substantzietan zerrendatutako substantzia, S2 Multzoa Hormona Peptidikoetan. Espediente bat ireki zen, eta kirolariari kautelazko zigorra ezarri zitzaion. Espedientea ebazteko bidean da.

7-2019 espedientea.

Kasu honetan, animalien laginen analisia da. Emaitza aurkakoa izan zen, diklofenakoa zela eta (antiinflamatorio ez esteroideoa), Nazioarteko Zaldizkoen Federazioaren eta Herri Kirolen Euskal Federazioak debekatutako substantzien zerrendan dagoen substantzia. Zehapen-espediente bat ireki zen, eta animaliaren jabeari zigorra ezarri.

8-2019 espedientea.

Kasu honetan, animalien laginen analisia da. Emaitza aurkakoa izan zen, naproxenoa zela eta (antiinflamatorio ez esteroideoa), Nazioarteko Zaldizkoen Federazioaren eta Herri Kirolen Euskal Federazioak debekatutako substantzien zerrendan dagoen substantzia. Zehapen-espediente bat ireki zen, eta ebazteko bidean da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak