Berriak Lehendakaritza
Eu

Lehendakaria: “Gizartea eta biktimak, elkarrekin gure bizikidetzaren oraina eta etorkizuna eraikiz”

2020.eko martxoak 11
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.
  • Europar Batasunean, martxoaren 11 da Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna
  • Lehendakariak nabarmendu du garrantzizkoa dela terrorismoaren bidegabekeria aitortzea

Iñigo Urkullu lehendakariak, Eusko Jaurlaritzako sailburuak aldean zituela, Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren inguruan antolatutako ekitaldian parte hartu du, “Fue injusto. Gizartea eta biktimak, elkarrekin oraina eta etorkizuna eraikiz” goiburu hartuta.

Europar Batasunean, martxoaren 11n, terrorismoaren biktimen omenezko eguna da, Terrorismoaren Biktimen Europako Eguna.Bada, Eusko Jaurlaritzak erabaki du omenaldi honi egoki erantzutea, erakunde terroristen biktimek gizartearen eta instituzioen aitortza izan dezaten.

Vitoria-Gasteizko Florida parkean gaur goizez egindako ekitaldira bertaratu dira, halaber, Bakartxo Tejeria Eusko Legebiltzarreko presidentea, Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzaren idazkari nagusia, Denis Itxaso gobernuaren ordezkaria, Ramiro Gonzalez Arabako foru-diputatua, eta Pedro Elosegui Arabako Batzar Nagusietako burua.

Terrorismoaren Biktimen Europako Egunaren testuinguruan, Lehendakariak elkartasuna, aitortza eta hurbiltasuna erakutsi dizkie biktima guztiei, eta dei egin du biktimek eta gizarteak bere egin dezaten elkarrekin bizikidetza eta etorkizuna eraikitzeko lana, askotariko ikuspegiak uztartuz. “Helburu bakar baterako elkartzen gara: gizarteak eta biktimek elkarrekin gure bizikidetzaren oraina eta etorkizuna eraikitzea”, adierazi du.  

Bere interbentzioan, Lehendakariak “bidegabea izan zen” mezua zabaldu nahi izan du; izan ere, Iñigo Urkulluren iritziz, biktimei erreparatzeko, memoria kritikoa eraikitzeko, giza eskubideen aldeko heziketa sustatzeko eta bizikidetzaren pedagogiarako, aitortu egin behar da terrorismoa bidegabea dela. “Gure gizarteak ezin du ontzat eman ez aitortzea terrorismoak, edozein sigla zuela ere, eta bereziki ETAk, iraganean eragindako hilketen eta giza eskubideen urraketak bidegabeak izan zirela”, adierazi du.Alde horretatik, nabarmendu du garrantzizkoa dela eraildako biktimen eta zauritutako biktimen familiek jakitea ezerk ezin duela justifikatu jasan zutena, eta segurtatu du gizarteak eta Euskadiko instituzioek ezagutu eta aitortzen dutela jasan zuten sufrimendu handi eta bidegabea.  

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak