Berriak Osasuna

  Osasun sailak 300.000 euro bideratu ditu pertsona gaixoen elkarteetara, EAE-n pertsona horien eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko ekintzetara zuzenduta (Gobernu Bilera 2020-03-10)

2020-03-10

Gobernu Kontseiluak, gaur, Nekane Murga Osasuneko sailburuak proposatuta, 300.000 euroko dirulaguntza onartu du patologia komuna duten pertsonen kolektiboek osatutako elkarteentzat. Helburua da, aurten, EAEn gaixoen eta haien familien bizi-kalitatea hobetzeko jarduerak finantzatzea.

Osasun Sailak bereziki baloratzen du elkarte horien ekarpena, eta funtsezkotzat jotzen du haiek betetzen duten eginkizuna, elkartzeko, komunikatzeko eta laguntzeko gune bat baitira, bai gaixotasuna jasaten dutenentzat, bai haien senideentzat.

Gainera, gaixotasuna eta tratamenduak ezagutzen laguntzen dute, gainerako herritarrei gaixotasunaren prebentzioari buruzko informazioa ematen diete eta, horrekin batera, pertsona guztien ongizatea hobetzen laguntzen dute. 

Horrela, 2020an egindako jarduerak finantzatzeko erabiliko dira laguntzak, eta helburu hauek izango dituzte:

  • Gaixotasunen bat duten pertsonen kolektiboei eta haien senideei trebetasunak eta baliabideak garatzen laguntzea, nork bere burua zaintzeko gaitasuna maximizatzeko eta autonomia areagotzeko.
  • Eragindako pertsonen premia soziosanitarioak babestea eta bideratzea osasungarritasunaren ikuspegitik, osasuna sustatuta eta helburu komunitarioekin.
  • Eragindako pertsonengan eta haien senideengan gaixotasunari, gaixotasunaren arrisku-faktoreei eta osasun-jokabide egokienei buruzko ezagutza eta informazioa areagotzea.
  • Eragindako pertsonen osasun-arloko desberdintasunak eta ekitaterik ezak murriztea, eta genero-ikuspegia txertatzea.

 

 

 

                                                                 

 

 

 

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko