Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak 54.000 euro bideratuko ditu Gure Artea sarietako hiru modalitateetako irabazleak saritzera (Gobernu Bilera 2020-03-10)

2020.eko martxoak 10
  • Sari hauen helburua da euskal arte garaikidearen hedapena sustatzea, arte plastiko eta ikusizkoen arloa indartuz

Eusko Jaurlaritzako Gobernu Batzordeak Gure Artea sarietako deialdia onartu du bere gaurko saioak, 54.000 euro bideratuko dituena bere modalitate ezberdinetara.. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak antolatzen dituen ekimen honetan hiru modalitate daude: ibilbide artistikoa saritzen duena, sorkuntza-lana aitortzen duena eta, hirugarrenik, arte plastiko zein ikusizkoen eragileen sustapenaren ingurukoa.

Sari hauen helburua da sormenaren garapena bultzatzea, arte-sorkuntzarako pizgarriak erraztuz eta aitortza eskainiz arte sorkuntzari. Horrez gain, euskal arte garaikidearen hedapena errazteko xedea dute, arte plastiko eta ikusizkoen arloan gizartearen aitortza bideratuz.

Lehenengo modalitateak, lan eta ibilbide osoa aintzat hartuta “egindako lan sortzaileagatik eta kulturari zein arte garaikideei egindako ekarpenagatik” nabarmentzen den artisten lana saritzen du. Bigarren modalitateak azken urteak hartzen ditu kontuan, eta “bere jarduera artistikoagatik zein sorkuntza garaikideari egindako ekarpenagatik nabarmendu den artista edo artista-taldea” saritzen du. Azkenik, hirugarren modalitateak arte plastiko eta ikusizkoen arloan eragileek egindako sustapen lana saritzen du. Hortaz, sari hauen baitan bai sortzailean, bai bestelako agentean saritu daitezke.

Gure Artea sarietako irabazleak udaberrian zehar emango dira ezagutzera, eta sariak emateko gala udazkenean egingo da. Miren Arenzana, Sahatsa Jauregi eta Xabier Arakistain izan ziren iazko irabazleak.

Gure Artea sariak dira Kultura eta Hizkuntza Politika Sailaren ildo nagusietako bat arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko. Sektorea bultzatzeko ekimen horri gehitu behar zaizkio arte plastikoak eta ikusizkoak sustatzeko diru-laguntza deialdia, joan den astean onartua zena (445.000 euro), Eremuak programa edota Sailak euskal galeriei eta museoei ematen dizkien laguntzak.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko