Berriak
Eu

Azalera-eskubidetik jabetza osora

2011.eko maiatzak 17

Etxebizitza babestu bat azalera-eskubideko erregimenean duten jabeek beren etxebizitza jabetza osoan eskuratu ahalko dute; hartara, ez dute etxebizitza galduko 75 urteren buruan

Azalera-eskubideko erregimeneko etxebizitza babestuen jabeek beren etxebizitzaren jabetza osoa eskuratzeko eskaera aurkeztu ahalko dute ekainaren 1etik uztailaren 30era. Hori da Jaurlaritzaren Kontseiluak gaur onartu duen neurrietako bat. Azpimarratzekoa da, era berean, euskal enpresak kanpoan ezartzeko 5 milioi euroko diru-laguntza ematea onartu dela. Europako Auzitegiak Txakolia marka komunitario gisa erregistratzea onartu ez izanari buruz galdetu diotenean, Idoia Mendia Eusko Jaurlaritzaren bozeramaileak esan du “epai horrek ez diola eragiten arauketa-kontseiluekin batera mantendu dugun defentsari”. Halaber, Mendia Ertzaintzaren sindikatu ERNEren kexei buruz ere mintzatu da, eta Herrizaingo Saila negoziaziorako prest dagoela baina ez duela inongo “xantaiarik” onartuko ziurtatu du.

Jaurlaritzaren Kontseiluak baimena eman du behin betiko kalifikazioa duten eta azalera-eskubideko erregimenean esleituta dauden babes ofizialeko etxebizitzen jabeek lurzorua eros dezaten. Idoia Mendia Gobernuaren bozeramaileak azaldu duenez, neurri horri esker azalera-eskubideko erregimeneko etxebizitzen jabeek haren jabetza osoa eskuratu ahalko dute; hori dela eta, “ez dituzte galduko 75 urteren buruan, eta, gainera, etxebizitzaren balioa ez da urteak igaro ahala murriztuko”.

Lehendakaritzan (Gasteiz) egin den Jaurlaritzaren Kontseiluaren osteko prentsaurrekoan, ohi bezala, Gobernuaren bozeramaileak, Idoia Mendiak, Gobernuak onartu dituen erabakien berri eman du, eta, gainera, kazetarien galderei erantzun die.

Azalerako etxebizitzen jabeek egoitza erosteko interesa badute, eskaerak ekainaren 1etik uztailaren 30era arte aurkeztu ahalko dituzte.Bozeramaileak esan duenaren arabera, prozesu horrek “7.000tik gora etxebizitza, merkataritza-lokal eta lokal erantsi barne hartzen ditu, eta haien jabeei jabetza osoa lortzeko aukera eman zaie”.

Horrez gain, Mendiak iragarri du Jaurlaritzaren Kontseiluak 5 milioi euroko diru-laguntza euskal enpresak kanpoan ezartzera bideratzea onartu duela. Neurri hori, bozeramaileak esan duenez, Eusko Jaurlaritza nazioartekotzea bultzatzeko gauzatzen ari den estrategia baten parte da eta “oinarri esportatzailea handitzea, euskal enpresen nazioarteko dimentsioa garatzea eta atzerriarekiko harreman ekonomikoen eta komertzialen dibertsifikazio geografikoa eta sektoriala sustatzea du helburu”, erantsi du.

Kazetariek Europako Auzitegiak Txakolia marka komunitario gisa ez onartzea erabaki izanari buruz galdetu diotenean, Idoia Mendiak esan du epai hori “zentzuzkoa eta ulergarria” dela, ez baita posible generikoak erregistratzea, baina “horrek ez du esan nahi txakolinaren defentsa, kontseilu erregulatzaileekin planteatuta zegoena, aldatuko dugunik”. Mendiak esan du epaiak “ez duela eraginik izango Gobernuaren jarrera juridikoan”.

Ertzaintzaren sindikatuak, ERNEk, mantentzen duen gatazkari buruz hitz egin du. Mendiak gogorarazi du Herrizaingo Sailak “mintzatzeko eta negoziaziorako” prest dagoela baieztatu duela, baina ez duela onartuko “inolako xantaiaren menpe negoziatzerik”. Mendiak azaldu du horren ondorioz mahai sektorialaren hurrengo bilera igandeko hauteskundeen ondoren “klima lasaiago batean” egitea erabaki dela. “Eusko Jaurlaritzak bere baliabide guztiak erabiliko ditu maiatzaren 22ko hauteskunde eguna normaltasunez burutzeko”, amaitu du.

 

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak hartutako erabakiak (2011.05.17)

Eusko Jaurlaritzaren Kontseiluak 2011-05-17n hartutako erabakiak

Iruzkin bat
  • 2011.eko maiatzak 18

    Alegra leer noticias como esta. La situación social de los jóvenes no es fácil en lo que a la vivienda se refiere y con medidas como esta es más probable que podamos seguir evolucionando en la vida sin tener que seguir dependiendo de nuestros padres de manera indefinida.

Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Ekitaldiko kargudunak
(IX legealdia 2009 - 2012)