Berriak Lehendakaritza

Lehendakaria koronabirusaren jarraipena egiteko erakunde arteko koordinazio bileraren buru izan da

2020.eko martxoak 09
(*) Azpititulazio-zerbitzu hau sortzen da probetako software bertsio batekiko automatizatutako eran. Barka itzazue akatsak.

Iñigo Urkullu lehendakaria Euskadin koronabirusaren inguruko jardueren jarraipena eta koordinazioa egiteko gaur arratsaldean ospatu den erakundeen arteko koordinazio-bileraren buru izan da. Lehendakaritzan egin den bileran, Eusko Jaurlaritzako sailburuak, hiru lurraldeetako diputatu nagusiak, foru-aldundietako Gizarte Politika eta Kultura eta Kirol diputatuak eta Eudeleko presidentea izan dira.

Bileraren hasieran, Lehendakariak adierazpen hau irakurri du:

Arratsaldeon eta eskerrik asko denoi egin dugun deialdiari erantzuteagatik.

Erakunde arteko bilera hau hiru arrazoiengatik deitu dugu:

-Lehenik eta behin, daukagun informazio guztia partekatu nahi dugu.

Horretarako, Osasun Sailak azalpen labur bat egingo du.

Horrekin batera, Espainiako Gobernuko Osasun Ministerioarekin eta beste Autonomia-erkidegoekin izandako harremanen berri ere emango dugu. Komunikazioa eta koordinazioa etengabea izaten ari da.

-Bigarrenik, asteburu honetan eta gaur bertan izan ditugun lan bileren emaitzen berri emango dugu.

Covid 19ko jarraipen Mahaia egunero elkartzen ari da. Mahai honen bidez, erakunde arteko bileretarako deialdiak antolatuko ditugu, beharrezkotzat jotzen dugun heinean.

-Hirugarrenik, datozen egun hauei begira hartu behar ditugun erabakiak partekatu nahi ditugu.

Covid 19-ren, Coronavirus-aren dimentsioaren eta bilakaeraren aurrean, haren eragina ahalik eta txikiena izatea ahalbidetuko diguten erabakiak hartu behar ditugu. Osasunaren Mundu Erakundearen eta Nazio Batuen Erakundearen gomendioak jarraitzen ari gara.

Erabakiak irizpide teknikoak eta profesionalak kontuan hartuta hartuko ditugu beti.

Erakundeen arteko bilera honen ondoren, Osasun sailburua hedabideen aurrean agertuko da hartutako neurrien berri emateko.

Gizarteari zuzendutako komunikazio iraunkorra mantenduko dugu. Garrantzitsua da gizarteak osasun agintariek planteatuko dituzten gomendioak ondo ulertzea eta aintzat hartzea.

Bizi dugun egoerak arreta guztia eskatzen digu. Merezi duen seriotasun, lasaitasun eta erantzukizun guztiarekin helduko diogu.

Teknikariek, erakundeek eta herritarrek modu bateratu eta koordinatuan egin behar diogu aurre egoera honi, osasun-gomendioei ahalik eta erantzukizunik handienarekin erantzunez.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)