Berriak Osasuna
Eu

92, 88 eta 87 urteko hiru Emakume hil dira koronabirusarekin azken orduetan

2020.eko martxoak 08

Osasun Sailak 32 koronabirus kasu berri detektatu ditu

Datuak eta hartutako neurriak aztertzeko bilera teknikoa egin dute Osasun Sailak eta Osakidetzak

Koronabirusa zuten hiru gaixo gehiago hil direla jakinarazi du gaur Osasun Sailak; dagoeneko bost pertsona hil dira Euskadin. Araban bi emakume hil dira, 92 eta 88 urtekoak, isolamenduan zeudenak, eta 87 urteko beste emakume bat, Bizkaian, isolamenduan ere; guztiek ere aurretiko patologia kronikoak zituzten.

Euskadik COVID 19 birusaren 32 kasu berri atzeman ditu azken orduetan, honela banatuta: 26 gehiago Araban, 5 gehiago Bizkaian, eta 1 Gipuzkoan.

 

DATU EGUNERATUAK

Araban 26 positibo gehiago izan dira, beraz, 79 dira dagoeneko koronabirusa duten pertsonak. Horietatik 23 ospitalean daude, horietako 5 ZIUn.

Gipuzkoan beste positibo bat izan da. Guztira hiru kasu daude, eta horietako bi ospitalean daude.

Bizkaian 5 kasu berri gehitu dira, beraz, guztira 20 kasu positibo daude. Lurralde horretan 12 pertsona daude ospitaleratuta, horietako bat ZIUn.

Hala, 102 koronabirus kasu positibo atzeman dituzte Euskadin; horietatik 37 ospitalean daude, 6 ZIUn, eta bost pertsona hil dira.

 

BILERA TEKNIKOA

Osasun Sailak eta Osakidetzak beste bilera tekniko bat egin dute gaur, egoera aztertzeko eta egungo euste-egoeran prebentzio-neurriak, bereziki osasun-arlokoak, ahalik eta gehien areagotzeko.

Ildo horretan, unean-unean emango zaie osasun-arloko profesionalei eta, oro har, biztanleei ezartzen zaizkien jarraibide berrien berri.

 

GOMENDIOAK

Osasun Sailak azpimarratu du beharrezkoa dela orain arte emandako gomendioak zabaltzea. Hau da:

(1) Arrisku-eremu batera joan den eta sintomak dituen orok etxean egon behar du, eta 900 20 30 50 zenbakira deitu.
(2) Higiene-neurriak, hala nola eskuak garbitzea, eztul egitean estaltzea edo erabili eta botatzeko zapiak erabiltzea.
(3) Sintoma (sukarra, arnasketa-sintomak) duten pertsonek hobe dute adinekoekin edo patologia anitzekin kontaktuan ez egotea, edo leku publiko eta jendetsuetan ez egotea.
(4) Laguntzaileen edo bisitarien presentzia murriztea osasun-zentroetako edo zentro soziosanitarioetako laguntza-eremuetan edo eremu komunetan (itxaron-gelak, bisita-gelak).

 

Informazio gehiago Osasun Sailaren webgunean:
http://www.euskadi.eus/koronabirus-berriaren-aurrean-euskadin-jarduteko-informazioa-eta-gomendio-orokorrak/web01-a2gaixo/eu/

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau