Berriak Turismoa, Merkataritza eta Kontsumoa

Kontsumobidek jokabide komertzial erasokorrak antzeman ditu telefonia-sektorean, eta kontratazio berrietan zuhurrak izatea gomendatzen du.

2020.eko martxoak 06

Kontsumobide Kontsumoko Euskal Institutuak jokabide komertzial erasokorrak antzeman ditu, pertsona kontsumitzailea defentsa-gabezia kinka batean jar dezaketenak. Ondorioz, gomendatzen du are zuhurragoak izatea zerbitzuen kontratazio berri baten aurretik edo konpainia aldatzean.

Antzemandako jokabideak hauexek izan dira:

Lehen dei bat, itxuraz pertsona kontsumitzaileak kontratatutako konpainiarena; bertan, jakinarazten zaio tarifa igo egin dela, edo baldintzak aldatu, eta presaz bultzatzen zaio onartzera edo ezezkoa ematera. Beste batzuetan, berriz, kontsumoko erakundeei egin izan zaie erreferentzia ustezko bitartekaritza baten bermetzat.
Bigarren dei bat, denbora epe labur batean gertatzen da, eta jatorrizko konpainiarekin pertsona kontsumitzaileak kontratatuta zituen zerbitzu berdinak eskaintzen ditu, baina zertxobait merkeago.

Horrelako egoera bat ikusita, lehenengo zuhurtasun-neurria da lehendabiziko deia egiaztatzea; bada, Kontsumobidek gomendatzen du igoera bat edo baldintzen aldaketa iragartzen digun dei bat jasotakoan, hori egia dela egiaztatzeko gure konpainiarekin harremanetan jartzea, eta ez deitu gaituen zenbakiarekin. Hauxe izan behar dugu gogoan:

Pertsona kontsumitzaileari 30 egun aurretik jakinarazi behar zaiola kontratuko edozein baldintzaren aldaketa, tartean dela ere prezioaren igoera, eta hori, gehienetan, idatziz eta fakturaren bidez edo fakturan bertan egiten dela; beraz, gomendatzen dugu azken fakturak beti gordetzea.
Kontratuko baldintzak aldatu direlako jakinarazpen hori jasoz gero, pertsona kontsumitzaileak batere zigorrik gabe alda dezake konpainia edo tarifa, iraunkortasun-baldintza zuen kasuetan ere.

Edozein aldaketa onartu aurretik, pertsona kontsumitzaileak indarrean den kontratuko baldintzak eta konpainia berriak eskaintzen dituenak egiaztatuko ditu.

Baldin eta pertsona kontsumitzaileak, bere konpainiak baldintzak aldatu dizkiola pentsatuz, bigarren deiaren bidez jasotako eskaintza onartu eta konpainia aldatzea erabakitzen badu, arreta jarri behar die kontratu berriko baldintzei eta ea iraunkortasun-aldirik duen; izan ere, gerora kontratua hutsaltzea erabakitzen badu, zigor ekonomikoetarako bidea ireki dezake.  Onartzean, konpainia berriak ekintza batzuei emango die hasiera, lehendabiziko konpainiarekin harremanetan jarriz eta indarrean den kontratua hutsalduz. Arazoa sortzen da pertsona kontsumitzaileak engainuz hutsaldu duelako kontratua, uste izan baitu baldintzak aldatu dizkiotela (kontratua hutsaltzeko onartutako arrazoia), benetan hala ez denean; ondorioz, hasieran kontratua genuen konpainiak zigorrak aplikatu ahal izango ditu bidezkoa denean.

Kontsumobidek era horretako erreklamazioak jaso ditu, eta harremanetan jarriko da eraginpeko konpainiekin, eta araudiaren arabera jokatuko du.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko