Eu

Sonia Perez Ezquerrak “Gobernanza y gestión en la Administración Pública” EHUko Enpresen Kudeaketako Masterraren inaugurazio-hitzaldia eman du

2020.eko martxoak 06

Sonia Perez Ezquerra Eusko Jaurlaritzaren Turismo, Merkataritza eta Kontsumoko sailburuak EHUko Enpresen Kudeaketako Masterraren inaugurazio-hitzaldia eman du. Hitzaldian, egungo legegintzaldiko bere Saileko Gobernantza eta Kudeaketaren kasu praktikoa azaldu du, eta konparazioak egin ditu Gobernura sartu aurretik, sektore pribatuko kudeatzaile-lanetan, izan duen esperientziako elementuekin.

Sailburuak kudeaketa pribatuan hazten ari den elementu batez hitz egin du, gizarte-erantzukizun korporatiboaz, eta nabarmendu du “kudeatzaile publikoek kudeaketa pribatuko tresnak erabili behar ditugu[la] gizarte-irabaziak albait handienak izan daitezen, baina ezin dugu ahaztu horretarako herritar guztiek emandako baliabideak erabiltzen ari garela; beraz, gizarteko bizi-kalitatearen hobekuntza integrala izan behar da azken helburua”.

Sonia Perez Ezquerrak Sailaren 2017-2020ko Plan Estrategikoa aztertu du, eta bi elementuri astiro erreparatu die, garrantzitsuak direlakoan. Alde batetik, turismo-sektorearen antolamendua, Erabilera Turistikoko Etxebizitzen sektorean legegintzaldi honetan ezarritako gobernantzaren adibide praktikoa azalduz eta, bestetik, sektoreko erabileretan jasangarritasuna sartzeko garatutako ekintzak.

Sailburuak turismo-fluxuak deszentralizatzeko estrategiara eta turismoa urtaro desberdinetan sakabanatzera bideratutako adibide zehatz batzuk erakutsi ditu, adibidez, Touring “The Basque Route” produktuan oinarritutako kanpaina, “Euskadi Gastronomika” Produktuaren Kluba, edo Euskadiko Industria Turismoaren Sarea legegintzaldi honetan abiarazi izana, eta Sare horrek lortu dituen europar sariak. Gainera, espresuki aipatu du #Basquexperience claim berrian oinarritutako irudi berria, herrialdearen kanpoko sustapena eta geure berezko doinua koherentziaz uztartzen dituena.

Halaber, merkataritzaren atalean, sailburuak Sailaren proiektu berrien ezaugarriak azaldu ditu. Batetik, lehiakortasuna sustatzeko, “Retail Euskal Eskola” programa, Euskadiko merkataritza-sektorea trebatzeko plataforma bat, etengabe eguneratzen diren edukiak biltzen dituena, formatu eta ordutegi malguen bidez proposatua eta aholkularitza pertsonalizatu batean oinarritua. Bestetik, merkataritza-sektorea digitalizatzeko Eus.commerce programa.

 

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak