Eu

Garbiñe Bereziatuak, Beñat Muguruzak, Onintza Legorburuk eta Nekane Goikoetxeak euskara eta generoaren inguruko ikerketak egingo dituzte, Eusko Jaurlaritzak sustatutako Berdintzen programari esker

2020.eko martxoak 09
  • Bingen Zupiria sailburuak eta Miren Dobaran sailburuordeak adierazi dutenez, honako gai hauek ikertuko dituzte: hitanoa emakumeak ahalduntzeko baliabide bezala, euskararen gaineko diskurtsoak genero ikuspuntutik eta, hirugarrenik, Tene Mujikaren biografia     

Bingen Zupiria Kultura eta Hizkuntza Politikako sailburuak ezagutzera eman ditu Berdintzen programaren lehen edizioan egingo diren ikerketen xehetasunak. Azaldu duenez, euskara eta generoaren inguruko hiru ikerketa egingo dira beka-deialdi berri honen bitartez: ‘Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko baliabidea’, Garbiñe Bereziartua eta Beñat Muguruzaren eskutik; 'Euskararen erabilera bultzatzeko sortu diren diskurtsoen azterketa genero ikuspuntutik', Onintza Legorburuk egingo du; eta, azkenik, 'Tene Mujika, Emakumea', Nekane Goikoetxeak egingo duena.

Sailburuarekin batera, Donostian egin den prentsaurrekoan izan dira Miren Dobaran Hizkuntza Politikako sailburuordea eta Onintza Legorburu zein Nekane Goikoetxea ikertzaileak. Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politikako sailak lehen aldiz bultzatu du deialdi hau, genero-berdintasunarekin Eusko Jaurlaritzak duen konpromisoaren baitan. Honela azaldu du Zupiria sailburuak: "Datuek erakusten digute generoak eragiten duela hizkuntza portaeran eta aldagai esanguratsua dela, eta, horrekin batera, badakigu emakumezkoen papera euskara biziberritzeko prozesuan oso garrantzitsua izan dela. Askotan nabarmendu izan dugu ikerketa soziolinguistikoa funtsezkoa dela, eta uste dugu ikertzeko gai interesgarriak daudela euskara eta generoaren inguruan".  Miren Dobaran sailburuordeak, halaber, adierazi du Jaurlaritzak gogoeta eta ikerketa sustatu nahi duela  Genero Berdintasunaren Planaren barruan.

Programaren helburua lau beka ematea bazen ere, horietako bat esleitu gabe geratu da, epaimahaiak hala erabakita. Bekadun bakoitzak 15.000 euro jasoko ditu ikerketa egiteko, eta guztira 45.000 euro inbertituko dira. Eusko Jaurlaritzak berak proposatu ditu ikerketa-gaiak:

  1. Lehenengo beka: Hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuak generoari lotuta ulertzeko ikerketa teoriko edo-eta metodologiko demolinguistikoak.
  2. Bigarren beka: Generoaren ikuspegia txertatuz eraikitzen diren hizkuntza gutxituaren biziberritze prozesuei buruzko ikerketa aplikatuak.
  3. Hirugarren beka: Generoa eta hizkuntza uztartzen dituzten corpus, komunikazio edo-eta diskurtso azterketak eremu ezberdinetan (hezkuntza, lan-mundua, familia, aisialdia eta kirola…).
  4. Laugarren beka: Hizkuntza gutxituaren biziberritzean emakumeek izan duten paperari buruzko ikerketa lanak (ahozko ondarea baliatuz edo-eta ikerketa bibliografikoak eginez).

Epaimahaiaren erabakiak

Hortik aurrera, ikertzaileek gai zehatzak planteatzeko aukera izan dute, eta hauexek izan dira epaimahaiak aukeratu dituenak:

  1. Lehenengo beka: Garbiñe Bereziartuak eta Beñat Muguruzak egingo dute ‘Hitanoa, emakumeak ahalduntzeko baliabidea’ ikerlana. Epaimahaiak honela arrazoitu du erabakia: “Euskaraz, erregistro informalaren ezagutza eta erabilera beherantz doa, eta bereziki, erregistro femeninoaren erabilera (noka). Ikerketa berri honen bidez, Nokaren erabileraren galerari buruzko arrazoiak bilatzen dira, baita bera berreskuratzeko aukerak aztertu ere. Hala, esan genezake, bide berriak irekitzen dituela hitanoa aztertzeko genero ikuspegitik”.
  2. Bigarren beka: Hutsik geratu da, jasotako proposamena ez baitzen egokitzen deialdiaren helburura.
  3. Hirugarren beka: Onintza Legorburuk egingo du 'Euskararen erabilera bultzatzeko sortu diren diskurtsoen azterketa genero ikuspuntutik' ikerketa. Epaimahaiaren arabera, diskurtsoek "genero markak dituztela aurkezten da hipotesi moduan", eta "interesgarria izan daiteke horretan sakontzea", bereziki “gaur egungo datuek erakusten baitigute badagoela hala-moduzko feminizazio bat euskararen ezagutza eta erabileran”.
  4. Laugarren beka: Nekane Goikoetxeak 'Tene Mujika, Emakumea' ikerketa egingo du. “Bere testuinguru sozio-politikoan kokatuta eta genero perspektibak eman litzatekeen aukera berriekin berari buruzko informazioa osatuz eta narratiba berri bat eraikiz”, epaimahaiaren aburuz.

Ikertzaileek 12 hilabeteko epea izango dute ikerketak gauzatzeko. Ondoren, epaimahaiak baloratu eta aztertuko du eraikitako ezagutza berriaren zabalkundea zein izango den.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak