Berriak Kultura eta Hizkuntza Politika

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak sei hiztegi terminologiko argitaratu berri ditu

2020.eko martxoak 06
  • EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoa eguneratu eta elikatuko dute, eta honako gai hauek hartzen dituzte: Arkeologia, Zirkulazioa, Hirigintza Zuzenbidea, Banka eta Aurrezkia, Lorezaintza eta Erlezaintza

 

Gasteiz, 2020/03/06       

Eusko Jaurlaritzako Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak Euskararen Aholku Batzordeko Terminologia Batzordeak aztertu eta onartutako sei hiztegi terminologiko argitaratu berri ditu. Hiztegiok EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoa eguneratu eta elikatuko dute, eta honako gai hauek hartzen dituzte: Arkeologia, Zirkulazioa, Hirigintza Zuzenbidea, Banka eta Aurrezkia, Lorezaintza eta Erlezaintza.

Legegintzaldi honetarako Terminologia Batzordeak onartutako Jarduketa-planaren barruan egin dira hiztegiak, eta jasotako hitzak EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoan sartu dira: www.euskadi.eus/euskalterm. Horrez gain, pdf formatuan eskura daitezke helbide honetan: www.euskadi.eus/hiztegiak-banku-terminologikoak-eta-entziklopediak/web01-a2eutres/eu/.

Kultura eta Hizkuntza Politika Sailak eta IVAPek finantzatu dituzte hiztegiak. Prozesuan, hala ere, zenbait eragilek parte hartu dute. UZEI entitateak prestatu zuen hiztegien lehenengo bertsioa; gero, hiztegiek jorratzen dituzten eremuetako adituez osatutako batzorde teknikoek aztertu zituzten eta, azkenik,  Terminologia Batzordeak aztertu, eztabaidatu eta onartu zituen. Hortaz, Terminologia Batzordeak onartu eta gomendatzen du hiztegi hauetako terminologia.

Hauek dira hiztegien ezaugarriak:

  • Arkeologia Hiztegia: 631 sarrera, eta baliokideak espainieraz, frantsesez eta ingelesez.
  • Zirkulazioa Hiztegia: 1.108 sarrera, eta baliokideak espainieraz eta, kasu askotan, frantsesez eta ingelesez.
  • Hirigintza Zuzenbidea Hiztegia: 522 sarrera, eta baliokideak espainieraz.
  • Banka eta Aurrezkia Hiztegia: 371 sarrera, eta baliokideak espainieraz, frantsesez eta ingelesez.
  • Lorezaintza Hiztegia: 350 sarrera, eta baliokideak espainieraz, frantsesez eta ingelesez
  • Erlezaintza Hiztegia: 320 sarrera, eta baliokideak espainieraz, frantsesez eta ingelesez

Terminologia-lanaren plangintza martxan jarri zenetik, 2002an, Eusko Jaurlaritzaren helburua izan da ahalik  eta eremu gehienetako oinarrizko terminologia lantzea, normalizatzea eta zabaltzea. Harrezkeroztik, Terminologia Batzordeak  66 hiztegi terminologiko onartu ditu. EUSKALTERM Terminologia Banku Publikoan kontsultatzeaz gain, pdf formatuan eskura daitezke helbide honetan: www.euskadi.eus/hiztegiak-banku-terminologikoak-eta-entziklopediak/web01-a2eutres/eu/.

Oraindik ez dago iruzkinik
Iruzkinak itxita daude dokumentu honetan
Komunikabideek behera kargatzeko
Ekitaldiko kargudunak