Berriak Segurtasuna
Eu

Eusko Jaurlaritzako Trafiko Zuzendaritzak 2020rako jarduera-plana aurkeztu du Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen osoko bilkuran

2020.eko martxoak 05

Bileran 2021-26 Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoa markatuko duten lerroak aurreratu dira

 

(2020/03/05)

Trafikoko zuzendari Sonia Díaz de Corcuerak gaur goizean aurkeztu ditu Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen osoko bilkuran 2019ko jardueren memoria eta ezbeharren balantzea. Bilkuran 2020rako aurreikusitako jarduera-plana ere aurkeztu du.

 

Euskadiko Bide Segurtasuneko Batzordearen urteko bilera gaur egin da Trafikoa Kudeatzeko Zentroan. Bileran izan dira Ertzaintzako, udaltzaingoetako, udaletako eta aldundietako ordezkariak eta bide-segurtasunaren arloko eskumenak dituzten Eusko Jaurlaritzako sailetako eta zuzendaritzetako ordezkariak (Hezkuntza, Osasuna, Garraioa, Larrialdiak), bai eta mugikortasuna hobetzearekin zerikusia duten hainbat sektore ekonomiko eta profesionaletako gizarte-eragileak ere.

 

2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren barruan Trafiko Zuzendaritzak 2019an egindako jardueren memoria aurkeztu du Sonia Díaz de Corcuera Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Saileko Trafikoko zuzendariak.

 

2019ko memorian jasotzen diren jardueretako batzuk dira: bide-segurtasunarekin konpromisoa duten Innovabide Sareko enpresen lehenengo topaketa; udalerri txikietan bide-heziketa hedatzeko Zirkulatzeko Prest programa; Don’t be Dummy estrategia finkatzea; ETKZren instalazioak eta ekipo teknologikoak berritzea; edo Biarritzen egindako G-7ren Goi-bileran egindako trafikoaren kudeaketa.

 

Horrez gain, Díaz de Corcuerak 2019ko istripuen tasaren balantzea ere aurkeztu du. 2019. urtean 51 pertsona hil ziren trafiko-istripuen ondorioz, 2018an baino 9 gehiago.

 

Egindako analisian, zuzendariak adierazi du 2019an gertatutako trafiko-istripuetan hildako pertsonen ia % 60 kolektibo zaurgarrietakoak zirela: % 25,5 oinezkoak ziren, % 31 motor-gidariak eta ia % 2 txirrindulariak. Horrez gainera, hildako pertsonen % 71 gidariak ziren (% 44 motor-gidariak, % 53 autoen eta beste ibilgailu batzuen gidariak eta % 3 bizikleta-gidariak), % 4 autoetako bidaiariak eta gainerako % 25 oinezkoak. Generoari dagokionez, hildakoen % 86 gizonezkoak ziren eta % 14 emakumezkoak.

 

Bide-segurtasuna guztion, euskal gizarte osoaren, erantzukizuna da, eta gidatzeko ohitura seguruak izatea eta sustatzea eskatzen du, bai eta kolektibo zaurgarriak –motozaleak, oinezkoak edo txirrindulariak– babestea ere, 2015-2020 aldirako Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoan ezarritako ildoei jarraituz”, adierazi du Trafiko zuzendariak.

    

2021-2026 aldirako Bide Segurtasuneko Plan Estrategikoa

Sonia Díaz de Corcuerak datozen 5 urteotarako Euskadiko Bide Segurtasunerako eta Mugikortasun Segururako eta Iraunkorrerako Plan Estrategikoaren ardatzak aurreratu ditu osoko bilkuran. Plana lerrokaturik dago otsailean Suedian 2030erako helburu globalak ezartzeko egindako Hirugarren Biltzar Globalean bide-segurtasunaren arloan onartutako Stockholmeko Adierazpenarekin.

 

Zuzendariak nabarmendu nahi izan du bide-hezkuntzaren bidez sentsibilizazio- eta kontzientziazio-politiken aldeko apustua egiten jarraitzearen garrantzia biktimak eragiten dituzten trafiko-istripuen prebentziorako, portaera arduratsuak sustatuta. Alde horretatik, nabarmendu du Trafiko Zuzendaritzak hartuta duen konpromisoa kolektiborik zaurgarrienei zuzendutako ekintza espezifikoak garatzeko, kontuan hartuta trafiko-istripu baten ondorioz hildako pertsonen ia % 60 kolektibo horietakoak direla. “Euskadiko errepide-sareko zaintza- eta kontrol-kanpainak eta kontzientziazioa dira –adierazi du– bide-segurtasunaren binomioa”.

 

2020ko jarduera-plana

Ertzaintzak, udaltzaingoekin lankidetzan, egiten dituen zaintza- eta kontrol-kanpainak indartu egingo dira 2020an. Guztira 49 jarduera egingo dira, iaz baino bost gehiago: motozikleten eta ziklomotorren abiadura kontrolatzeko beste kanpaina espezifiko bat egingo da bi asteburutan banatuta, kamioien eta autobusen emisioak kontrolatzeko (Adblue) beste kanpaina bat egingo da eta garraio-ibilgailu gidaridunak eta taxiak kontrolatzeko beste bi. Horrez gainera, Euskadiko errepide-sareko alkohol- eta droga-kontrolak ere areagotu egingo dira.

 

Poliziaren zaintza- eta kontrol-jarduerez gainera, motozaleen kolektiboari zuzendutako sentsibilizazio-ekintzak eta formakuntza-ikastaroak egingo dira, Nire gurpiletan jar zaitez estrategia partekatuaren esparruan. Bide-erabiltzaileen artean prebentzioaren balioa sustatzeko Zirkulatzeko Prest programa aktibatuko da; adinekoen kolektiboan harrapatzeei aurrea hartzera bideratutako programak garatuko dira; ikastetxeentzako material didaktikoak argitaratuko dira; ikasleekin programa espezifikoak landuko dira; eta trafiko-istripuen prebentziorako jarduera-lerroak diseinatuko dira. Innovabide programaren bidez lan-eremuan bide-segurtasuna sustatzen jarraituko da. Euskal Herriko Unibertsitatearekin batera ikerketa-proiektuak landuko dira, eta mugikortasunaren eta bide-segurtasunaren arloan esperientziak eta ezagutzak trukatzeko jardunaldiak egingo dira.

Bestalde, eta Trafikoa Kudeatzeko Zentrotik, trafikoa denbora errealean hobeto eta efizientzia handiagoz kudeatzen lagunduko duten erreminta teknologikoak ezartzearen aldeko apustua egingo da.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)
Beste gonbidatu batzuk
  • La Dirección de Tráfico del Gobierno Vasco presenta su plan de actuaciones para 2020 en el Pleno de la Comisión de Seguridad Vial de Euskadi