Berriak Lehendakaritza
Eu

Eusko Jaurlaritzak premiazko erreakzioa eskatzen dio EBri Turkia eta Grezia arteko mugan errefuxiatuek pairatzen duten krisi humanitarioaren aurrean

2020.eko martxoak 04
  • Babes bila dabiltzan pertsona babesgabeen aurkako botere-abusuak kondenatzen ditu, eta eraso xenofoboak jasan dituztenekiko elkartasuna adierazten du, bereziki Zaporeak ekimenarekiko
  • Share Proposamenaren birtualtasuna berresten du, krisi humanitario honen aurrean erantzukidetasunaren printzipioa berehala artikulatzeko mekanismo erabilgarri gisa
  • Proposamen honek harrera-ahalegina hiru parametrotan oinarrituta banatzea planteatzen du: aberastasuna (% 50eko pisuarekin); biztanleria (% 30ekoa) eta langabezia (% 20koa)
  • Iheslarien harreran eta integrazioan konprometituta dauden estatuz azpiko gobernuen zeregina azpimarratzen du, eta haien ahotsa EBn entzun eta artatzeko eskatzen du
  • Giza eskubideen babesa aurrebaldintza bat da, beste balioen defentsaren aurrean lehentasuna duena

Jonan Fernandez Giza Eskubide, Bizikidetza eta Lankidetzarako Idazkari Nagusiak, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Turkia eta Grezia arteko mugan errefuxiatuen aurka egiten ari den "botere-abusua" arbuiatu du, eta, aldi berean, gaitzetsi egin ditu inguruan lanean ari diren GKEetako kazetari eta boluntarioen aurkako "tindu faxista edo xenofoboaren" erasoak, eta Eusko Jaurlaritzaren "babes, aitorpen eta elkartasun" osoa helarazi die, bereziki Zaporeko lagunei, martxoaren 1eko arratsaldean, erasoa jasan zutenetik Gobernua harremanetan egon baita bertako kideekin.

Eusko Jaurlaritzako arduradunak agerraldia egin du gaur goizean Lehendakaritzan, Monika Hernando Biktimen eta Giza Eskubideen zuzendariarekin batera, egoera salatzeko eta Greziari eta Turkiari eta Europako erakundeei dei egiteko "asiloaren eta giza eskubideen arloko nazioarteko betebeharrak betetzeko" eta krisi humanitario berri honi "erantzun azkarra eta premiazkoa" emateko.

Gogorarazi duenez, azken egunotan berriz ere ikusten ari dira injustizia eta gizatasun ezaren irudiak irudiak Evros ibaian eta haren bi ertzetan, Turkia eta Grezia arteko mugan. Hauen arabera, krisi humanitario berri baten aurrean gaude, harrapatuta dauden milaka errefuxiaturi eragiten diena, muga zeharkatzera bultzatzen dituen herrialde baten eta indarrez eragozten saiatzen den beste baten artean.

Jonan Fernandezen ustez, albiste eta irudi horiek 2015ean Mediterraneoan gerratik ihes egin eta Europan babes bila zebiltzan errefuxiatuek pairatu zuten krisi humanitariora eramaten gaituzte.  "Atzera buelta bat irudikatzen duten gertaerak dira, ezer hobetu edo ikasi ez bagenu bezala", adierazi du.

Egoera horren aurrean, Eusko Jaurlaritzak "lehen unetik ahotsa altxatu nahi du", esan du. "Estatu azpiko gobernu bat baino ez gara; baina Europaren parte gara. Europako printzipioen, balioen, eta idealen defendatzaile irmoak gara ". Halaber, krisi berri honi aurre egiteko Europako Batasunaren premiazko erreakzioa eskatu du, "Irtenbidea ezin baita izan beste alde batera begiratzea, ezer gertatuko ez balitz bezala, edo denbora pasatzen uztea".

Jonan Fernándezek, Eusko Jaurlaritzaren izenean, Share Proposamena eskaini du berriz ere, eta erantzunkidetasunaren printzipioa premiaz artikulatzeko mekanismo baliagarri gisa duen birtualtasuna berretsi du Proposamen honek errefuxiatuak edo egoera ahulean dauden migratzaileak hartzeko ahalegina lurraldeka banatzeko gako bat planteatzen du, hiru parametrotan oinarrituta: aberastasuna (diru-sarrerak, errenta erdi erabilgarria edo BPG),% 50eko pisuarekin; biztanleria,% 30eko intzidentziarekin; eta langabezia-indizea,% 20rekin.

Proposamen haui 2018ko irailaren 19an jakinarazi zuen jendaurrean Eusko Jaurlaritzak. Ordutik, Europako erakundeen, Vatikanoaren, ACNURen, Espainiako Gobernuaren eta harekin bat egin duten estatuz azpiko hainbat gobernuren aurrean aurkeztu da.

Berriki, proposamen hori eta elkarrizketa-eskaera bat helarazi zaio Europar Batasuneko gobernu berriari. “Estatu azpiko gobernuok zeregin erabakigarria dugu harreran eta, bereziki, integrazio-prozesuetan. Funtsezkoa da haren ahotsa entzun eta aintzat hartzea”, esan du Fernandezek.

Bukatzeko, “Konpromisoa eskatu eta eskaintzen diegu EBri eta estatuko gobernuei errefuxiatuen krisi humanitario berri honen aurrean erantzun azkar eta presazkoa eskaintzeko. Hori guztia, elkartasunaren, erantzukizunaren eta legezkotasunaren printzipioagatik. Europaren izatea ordezkatzen duten hiru printzipio. Giza eskubideen babesa aurrebaldintza bat da, beste balioen defentsaren aurrean lehentasuna duena” gehitu du.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak