Berriak Enplegua eta Gizarte Politikak
Eu

Azken urteetako laugarren otsailik onena 410 langabe gutxiagorekin amaitu da

2020.eko martxoak 03
  • Langabeziaren estaldura-tasa 0,21 puntu hazi da urtarriletik, eta 4,58 puntu urtebetean
  • 2020aren hasiera honetan, kontratu mugagabeen ehuneko handiena ikusten da

Vitoria-Gasteiz, 2020ko martxoaren 03a

Lanbide – Euskal Enplegu Zerbitzuak, otsaila amaituta, langabe gisa erregistratutako 117.239 pertsona kontabilizatu zituen. Hau da, 2020ko urtarrilean baino 410 gutxiago (-% 0,35) eta 2019ko otsailean baino 2.624 gutxiago (-% 2,19) daude. Horrekin, azken 15 urteetako laugarren otsailik onena erregistratu du Lanbidek.

Tradizioz trantsiziokoa den eta langabeziak gora egitea ezohikoa ez den hilabete batean, EAEko lan-merkatuak gora egin du eta, gainera, lan-aukerak sortu ditu zigortutako kolektiboentzat, hala nola iraupen luzeko langabeentzat. Izan ere, egoera horretan dauden 198 pertsona gutxiago kontabilizatu dira urtarrilean baino. Urtetik urterako erreferentziari erreparatuz gero, ikusten da iraupen luzeko kolektiboa nabarmen murriztu dela (% 7,18), eta iraupen laburrekoa, ordea, % 2,88 igo dela.

 “Aukerak pertsona guztiengana iristea da Lanbideren helburuetako bat. Pertsona horien kontratazioa bideratu, prestatu eta laguntzeko lan egiten dugu”, adierazi du Borja Belandi Lanbideko zuzendari nagusiak.  Izan ere, langabeziaren ondoriozko estaldura hobetzen ari da. Lan-merkatuaren egoera hobeari esker, langileak langabezia-prestazioa kobratzeko eskubideak sortzen ari dira berriro, eta une honetan, “langabeziak behera egitearekin batera, hartzaileen kopuruak gora egin du”, Belandiak berak nabarmendu duenez. Joan den hilabetearekiko, langabeziaren estaldura-tasa 0,21 puntu igo da, eta iazko datuekin alderatuta, 4,58 puntu. 2020ko otsailean, 41.644 langabek, joan den hilean baino 100 gehiagok, langabezia-prestazioren bat kobratzen zuten.

Bilakaera hori gorabehera, Lanbideko zuzendari nagusiak azpimarratu du gaur egun EAEn iraupen luzeko 56.080 langabe daudela, % 47,8. “Horregatik sortu ditugu 30+ gisako programak. Horren helburua da, hain zuzen, hogeita hamar urtetik gorako langabeak kontratatzen dituzten enpresei laguntzak ematea, berriz ere aukerak izan ditzaten”.

Programa honek Euskal Autonomia Erkidegoan 30 urtetik gorako iraupen luzeko langabezia-egoeran —360 egun azken 540 egunetan— dauden pertsonen kontratazioa sustatzen du, euskal lan-merkatuan sartzen laguntzeko neurritzat. Horretarako, diruz laguntzen da EAEn egoitza soziala eta fiskala eta lantokia duten enpresak kontratatzea. Lan-kontratuak mugagabea edo aldi baterakoa izan behar du, gutxienez 6 hilabetekoa, lanaldi osokoa edo partziala, eta ez da ezarritako lanaldiaren % 70etik beherakoa izango.

Dirulaguntzaren zenbatekoa aldatu egiten da titulazioaren eta kontratuaren iraupenaren arabera. Horrela, unibertsitateko tituludun bat lanaldi osokora kontratu mugagabea egiteagatik, 14.400 €-ko dirulaguntza emango da.

Laguntza horiek neurri handiagoan handitzen dira iraupen luzeko langabeen kontratazioa honako hauekin egiten denean: emakumeekin eta/edo 45 urte edo gehiago dituztenekin (+% 15); 2019an Lanbiden kontratatzeko konpromisoa duen prestakuntza-ekintza bat amaitu duten pertsonekin, baldin eta kontratuak gutxienez 12 hilabeteko iraupena badu eta, gutxienez, ezarritako lanaldiaren % 70eko lanaldia (+% 10) badu. Gainera, kontratatutako pertsonak baldintzak betetzen baditu, dirulaguntzaren zenbatekoa gehienez % 20 areagotuko da.

Profilak

Otsailean, behera egin du langabeziak hiru lurraldeetan. Datu erlatiboetan, Araban urtarrilean baino 104 langabe gutxiago daude (19.339), hau da, % 0,53ko jaitsiera egon da. Bizkaian urtarrilean baino 244 langabe gutxiago daude (66.875 langabe daude), hau da, %0,36ko jaitsiera egon da. Gipuzkoan, 62 langabe gutxiago daude (31.025 langabe daude), hau da, % 0,2ko jaitsiera egon da. Urteko saldoan, portaerarik onena Gipuzkoari dagokio, % 2,92ko jaitsiera erlatiboarekin. Ondoren, Bizkaia eta Araba datoz, % 1,99ko eta % 1,69ko murrizketarekin, hurrenez hurren.

Langabeziak ere behera egin du bai gizonen artean, bai emakumeen artean, urteko bigarren hilabetean, Lanbideren datuen arabera, nahiz eta gizonen artean sendoago jaitsi den (-% 0,76, % 0,03ren aldean). Hala ere, 2019ko otsailarekin alderatuta, emakumeen langabezia gehiago jaitsi da (% 3,39, % 0,59ren aldean).

Azken hilabetean, honako jarduera hauek nabarmendu dira gehien, langabeziak behera egin izanagatik: janari- eta edari-zerbitzuak, enpleguarekin lotutako jarduerak, metalezko produktuen fabrikazioa, eraikinetarako zerbitzuak, eta lorezaintzako, hezkuntzako, ostatu-zerbitzuetako, metalurgiako eta eraikuntza espezializatuko jarduerak.  Iazko egoerarekin alderatuta, nabarmentzekoa da langabeziaren beherakada handia eraikuntzan (% 6,23ko jaitsiera) eta lehen sektorean (-% 6,34koa).

Kontratu hoberenak

Otsailean 72.704 kontratu egin ziren, eta horietatik 6.879 (% 9,46) mugagabeak izan ziren. Horrek aditzera ematen du 2020aren hasiera honetan susperraldi txiki bat nabari dela kontratu mugagabeen ehuneko handiagoa duten kontratuen kalitatean.

Guztira, 152.963 kontratu metatu dira aurten, aurreko urteko hilabete berean baino % 0,44 gehiago. Bestalde, 14.312 kontratu mugagabe metatu dira, iaz baino % 1,62 gehiago.

Afiliazioari dagokionez, otsailean Euskal Autonomi Erkidegoan 973.152 pertsona zenbatu dira Gizarte Segurantzan afiliatuta. Aurreko hilean baino 3.181 gehiago dira, hau da, igoera 0,36koa da. Aurreko urteko datuekin alderatuta, %1,82 gehitu da afiliazio maila, guztira 17.354 pertsona afiliatu gehiago daudelako.

Oraindik ez dago iruzkinik
  • Faceless avatar thumb 70
    Zerbait esan nahi duzu?… iruzkindu albiste hau
Ekitaldiko kargudunak
(XI legealdia 2016 - 2020)